Miren Agur Meabe Plaza Lekeition jaio zen 1962. urtean. Irakaskuntzako ikasketak egin ondoren, Kirikiño ikastolan aritu zen lanean, 1992. urtean Giltza-Edebe argitaletxean editore lanetan hasi zen arte. Gerora euskal filologia ikasketak ere egin zituen. Gaur egun, idazle lanetan, itzulpengintzan eta literatura-sorkuntzarekin zerikusia duten bestelako jardueretan dabil. Idazle bezala poesian eta haur eta gazte literaturan nabarmendu da batik bat, nahiz eta, ipuingintza edo eleberria ere landu dituen.
1986an argitaratu zuen bere lehen lana, Uneka…Gaba ipuin liburua. Sinbolismo indartsuko lan horretan, postmodernitateak ekarriko duen ideia nagusietako bat ageri da, hau da, momentua bizitzeak duela benetan garrantzia. Ideia horri bide emateko idazkera lirikoa erabili zuen, nitasunari eta uneei nagusitasuna emanez.
Hurrengo hamarkadan poesiari ekin zion, Oi, hondarrezko emakaitz! (1991, 1999) poema bilduma argitara emanez. Lan horregatik Lasarte-Oriako Udalaren saria lortu zuen, eta bertako zenbait poema 2000. urtean argitaratu zuen Azalaren kodea liburu arrakastatsurako oinarri izan ziren. Alde batetik, idazleak gorputzean oinarritutako hizkera berria erabiltzen du olerkietan, eta egilearen bizitza eta egunerokotasuna dira bere poemen abiapuntua. Idazkera emakumearen gorpuzkerari lotuta agertzen da. Bestetik, zehaztasunaren, laburtasunaren eta zuzentasunaren aldeko estiloa hobesten du. Bitsa eskuetan (2010) izenburupean atera zuen bere hirugarren liburua, eta bere konstante poetikoak azaleratzen dira: identitatearen bilaketa, emakumearen kontzientzia, desira, erotismoa eta abar. Azken bi liburuok Espainiako Kritikaren Saria jaso zuten. Bere hainbat poema gaztelaniara, katalanera eta ingelesera ere itzuli izan dira.
Arestian esan bezala, poesiaz gain, haur eta gazte literaturan nabarmendu da Miren Agur Meabe, eta 2000. urtetik aurrera lan oparoa egin du arlo honetan: Bisita (2001), Itsaslabarreko etxea (2001), Joanes eta Bioletaren bihotza (2002), Etxe bitan bizi naiz, eta zer? (2003), Nola zuzendu andereño gaizto bat (2003), Amal (2003), Supositorioak otsoarentzat (2006), Urtebete itsasargian (2006), Izar bat zopan (2008), Olatu guztien gainetik (2009), Errepidea (2010), Mila magnolia lore (2010), Bihotzak dun-dun (2015), Ros (2015) edo Tipi-tapa-tipi ilunabarrean (2016).
Horiez gain, hamaika lan argitaratu baditu ere, genero horretakoak dira bere lan ezagunenak, hain zuzen, Euskadi saria irabazi duten Itsaslabarreko etxea (2001) eta Urtebete itsasargian (2006) eleberriak. Lehenengoa abentura, bilaketa eta izua ukitzen dituen lana da; bigarrenak, ordea, 1936ko gerra zibila kontatzen digu mutil txiki baten begietatik. Bestalde, Errepidean (2010) lanak ere haur eta gazte literaturako Euskadi saria lortu zuen.
Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi 2013an kaleratutako Kristalezko begi bat eleberri arrakastatsua. Liburu horretan Miren Agur Meabek fikzioa eta errealitatea nahasten ditu, bere burua baita kontakizunaren protagonista.