Bizkaian inoiz eraiki den estilo gotikoko portale (argazkia) garrantzitsuena da. Duela gutxi zaharberritu den arren, zoritxarrez, bere egoera ez da onena, higadurak eta kresalak hareharria hondatu baitute. Hasieran estalki bat eraikitzea proiektatu zen, baina azkenean, zutabeak baino ez ziren eraiki, eta horrek ere ez zuen lagundu kontserbazioan. Zutabe horiek portalearen aldamenetan ikus daitezke oraindik ere.
Portalea tenpluaren sarbide nagusia da eta beheratutako bi arkutan zatituta dago. Bien artean XIX. mendeko erreformaren ostean jarritako titulua dago: “Sacrosancta parochialis basilica lequeitiensis”. Mainelean Haurra duen Ama Birjina baten irudi bitxia ikus dezakegu, portaleko figurarik finena berau. Bere aldaken karakterizazioak zein bere arropen tratamendu plastikoak XIV. eta XV. mende bitarteko frantziar eskultura dela erakusten digute. Haurrari burua falta zaio gaur egun, baina argazkietan ikus daitekeenez, XX. mende amaieran osorik zegoen.
Tinpanoak (argazkia) Trinitatearen eskultura hondatu bat du bere droselaren azpian –Espiritu Santua irudikatzen duen usoa galduta dago eta Jesusen gurutzea eusten duen Jainko Aitaren irudia baino ez da mantendu–. Alabastrozko pieza da. Beharbada, XV. mendean Ingalaterran egindakoa. Trinitateak lau aingeru ditu inguruan. Bat intsentzu ontzi bat astintzen ari da eta beste bat tronpa luze bat jotzen. Arku trilobulatuak eta tetralobuluak eratzen dituzten zirkuluak dituzten trazeriek osatzen dute tinpanoa. Guztia itxiz, leiho estalki batek babestutako arkibolta lau eta zorrotzak ditugu. Azken horretan droselen azpian dauden hamabi musikari daude, eta euren janzkera XV. mendeko lehen hereneko estiloaren isla da.
Hori guztia bi pilastra handiren artean dago (argazkia), eta horietako bakoitzak zazpi horma-hobi ditu. Batzuk hutsik daude, baina beste batzuetan musika tresnak dituzten aingeruak ageri dira. Aingeruen artean santuren bat edo beste, eta Santa Maria ikus ditzakegu. Pilastra biak droselen azpian dauden irudiz betetako galeria batek elkarlotzen ditu eta horien guztien erdian Kristo agertzen da berriro ere, gurutzearen gainean, apostolu kolegioak inguratzen duela. Eskuinean bere bataioaren eszena dago eta ezkerrean Pietatea bi emakume santuren artean. Irudi horiek ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka irudikatzen duen bestiario bateko erliebeen gainean daude. Leiho estalkiaren eta frisoaren artean eta oinazpikoen gainean bi santuren irudiak ageri dira, ordena frantziskotarraren eta domingotarraren adierazgarri.
Azkenik, lehiatilaren azpian beste friso bat dago. Bertan ilargiaren eta eguzkiaren atzetik aingeru talde bat dator, batzuek Kristoren Pasioarekin lotutako objektuak dituzte, eta besteek instrumentu ezberdinak. Horrela, aingeruok beheko mailetan errepikatu diren bi ideiak sintetizatzen dituzte: jaunaren sakrifizioa eta azken horrek gizakion salbazioa eragin izanaren poza.
Laburbilduz, XV. mendeko lehen erdiko gotikoaren tokiko interpretazioa dela esan dezakegu. Kasu honetan, baina atzerriko ekarpenek aberasten dute. Hala nola Trinitatearen erliebe ingelesak eta frantziarra izan daitekeen Ama Birjinak. Aingeruen buruak dituen goiko frisoa da tokiko produkzioko kalitaterik handiena duena, ziurrenik, 1442ko sutearen ostekoa.