Saltatu nabigazioa

7.1.1.2.- XIX. eta XX. mendeko bilakaera

XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera artean eman zitzaion irtenbidea hainbeste mendetan izandako arazoari. Proiektua Jose Lekerika ingeniariak egin zuen 1883an. Moila zahar biak eraitsi eta berriak eraiki ziren, elkarlotuta. Txatxo kontramaisuaren moila, Abadeen moila, plaza azpiko moila eta iparraldeko moila. Azken hori 1932-1934 bitartean aterpe batez estali zen. Halaber, 1902an, portu berriaren iparraldean, Amandarri muturrean, Tala izenez ezagutzen den olatu-horma eraiki zen. Antzinako talaiaren ondoan dagoelako jarri zioten herritarrek izen hori.

Aipatzekoa da, Txatxo kaia eraiki aurretik Arranegiko etxeen orubeak hondartza gainean zeudela ezarrita (argazkia). Itsasgora zegoenetan urak estaltzen zituen horien zutabeak. Egoera horrek kalteak eragiten zizkien etxeei, hala nola apurketak, hezetasuna eta abar. Moila eraiki zenean egoera hobetu egin zen, eta arrantza tresnak eta bestelako lanabesak gordetzen ziren bodegen sarbidea erraztuz.   

Zaharberritze eta obra horiek guztiak burutu ostean, Lekeitioko portuak ezin hobeto hasi zuen XX. mendea, eta hori erakusten du garaiko itsas industriaren osasun onak ere. Ondarroa eta Bermeoren atzetik, Lekeitioko portua zen Bizkaiko garrantzitsuena. Gainera, mende berriak portuko obrak finantzatzeko modu berriak ekarri zituen. Erdi Aroan eta Aro Berrian, lanen kostuak Udalak edo Kofradiak ordaintzen baldin bazituen, mende berrian, estatuak edota Bizkaiko Foru Aldundiak hartu zituzten beregain. Horrela, hobeto aurre egin ahal izan zitzaien aurrerantzean burutu behar izan ziren lanei: dragatzeak, adokinak jartzea, moilen eraberritzea eta abar.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia