Lekeitiori dagokionez, aurrerago azalduko ditugun ikerketa arkeologikoak egin aurretik ere, bagenuen erromatar garaiko zenbait aztarnen berri. Horien artean garrantzitsuena Lumentxako Behe Inperioko maila estratigrafikoa da. Horrez gain, dokumentu idatzietan beste bi aurkikuntza aipatzen dira gutxienez, baita toponimian nolabaiteko arrastoak daudela ere.
Lumentxan, lehenengoz, 1926 eta 1929. urteen artean induskatu zuen Jose Miguel Barandiaranek erromatar garaiko maila. 1935. urtean argitaratutako lanean ematen digu horren berri, eta aurkitu ziren materialen artean, batez ere Behe Inperioko sigillata zeramika eta zeramika arrunta ditugu. Beranduago, Jose Luis Arribasek burututako indusketa lanetan ere agertu ziren hainbat material. Besteak beste, arrasto metalikoak –brontzea–, bost zeramika zati –lau arrunt eta sigillata bat–, eta hezurrez egindako Acus Crinalis edo buruko orratz bat (argazkia). Arrarotzat jo zuten haitzulo batean horrelako apaingarri bat azaltzea.
Arrasto horiek, zalantzarik gabe, IV. mendeko behin-behineko okupazio baten berri ematen digute. Eta, 1994. urteko indusketetan Azpiri kalean azaldutako materialak bezala, Behe Inperiokoak dira. Beraz, datu garrantzitsuak eskaintzen dizkigute erromatar okupazioaren garapena eta kronologia zehazteko. Amaitzeko, esan behar da, hemendik ez oso urruti ere, Goikolau kobazuloan (Berriatua), erromatar garaiko maila bat aurkitu zela. Badirudi, hilobi bezala erabili zela haitzulo hori erromatar aldian.
Bibliografia iturriek ere ematen digute erromatar garaiko aurkikuntzen berri. Honela mintzo da Cavanilles 1858. urtean:
“Débese á haberse encontrado en el barrio Arranegui el 28 de octubre de 1801 al abrirse las zanjas para colocar las cañerías de las fuentes, 400 monedas romanas de los siglos I y II de nuestra era. Estaban próximas al mar y reunidas, lo que prueba que fueron ocultadas en aquel punto, mas no que hubiese en él población romana”[1].
Gaur egun, ordea, txanpon horiek desagertuta daude. Hala ere, Jose Vargas Ponce ikerlari andaluziarrak, Euskal Herrira egindako bisitetako batean (1800-1804), Jose Joaquin Colmenares tolosarraren bilduma pribatuan aurkitu zituen altxor horretako hiru txanpon, eta aztertzeko aukera izan zuen. Txanponak horiek ere galduta dauden arren, Vargasen eskuizkribuak gaur egunera arte heldu zaizkigu, eta bertan deskribapen zehatza eskaintzen zaigu. Besteak beste, Claudio II.a (K.o. 269), Valeriano (K.o. 255-261) eta Galieno (K.o. 266) enperadoreen izenak zituztela aipatzen du Vargasek. Beraz, hiru txaponak III. mendekoak dira eta, Cavanillesek dioenaren kontra, badirudi altxor osoa garai hartakoa zela.
Horrez gain, Vargasek txanponen aurkikuntza 1802 eta 1803. urteen artean kokatzen du:
“1803. Lequeitio en Vizcaya. Monedas romanas. Al hacer este año y el anterior la fuente pública se encontraron una porción de monedas romanas. Tres paran en poder de Don José Joaquín de Colmenares, ahora vecino de Tolosa”[2].
Bestalde, Ocamicak ere erromatar garaiko aurkikuntza berri baten berri ematen digu:
“1964, el inquieto investigador lequeitiano, José Miguel de Ugartechea, dió con dos recipientes de barro o lucernarios, como los que los romanos utilizaban para iluminar las naves. Habían sido halladas por el joven Ramón Quincoces, al revolver los trastos del desván de un caserío”[3].
Hauek ere, gaur egun galduta egonik, ezin daitezke ziur erromatar garaikotzat jo. Bi aurkikuntza txiki horiez gain, historiagile modernoen artean hainbat hipotesi egin izan dira. Horrela, zenbaitek Arropain inguruan portu txikiren bat edo ainguralekuren bat egon zitekeela aipatu dute. Izan ere, toponimiak erromatarren presentzia egungo herrigunetik haratago ere hedatzen zela iradokitzen digu. Ustez, jatorri erromatarra luketen hainbat izen baitaude tokiko toponimian. Batzuk argiak, Lanitis, Auria; eta beste batzuk zalantzazkoak, Lumentza eta Arropain.
Lanitis izen latindarra Piedadeko ermitaren eta Apalloako atearen ingurua izendatzeko erabiltzen zen. Auria, egun Audixo bezala ezaguna, Arropain inguruan dago, eta errege-bidearekin eta, agian, baita lehenagoko bide zaharragoren batekin dago lotuta. Arropain toponimoaren bukaerako -ain atzizkia ere, autore batzuen ustez latindar jatorrikoa izan daiteke.
Azkenik, Lumentza hitzeko lumen- erroa ere latinetik datorrela dirudi. Hau da, lumen-luminis; euskaraz “argi, suargi”. Izan ere, lehenago mendi horren tontorrean, Kurlutxun eta San Nikolas uhartean sua pizten ei zuten itsasotik zetozen ontziei bidea erakusteko –hortik ziurrenik, Karraspio < Garraspio[4] < *Garraspi < Garraxpe[5] < Gar + (h)aitz + pe[6]–. Eta, hipotesi bat baino ez den arren, baliteke horregatik hartu izana Lumentza izena, argi ugariko lekua, sugar handia edo horrelako zerbait adieraziz. Gainera, bertako leizeak Garratxako kobak bezala izendatzen dira. Hau da, garra darion haitzeko kobak, edo “gar haitzeko" kobak[7].
[1] Cavanilles, A. 1858. Lequeitio en 1857. Madrid: José Martín Alegría. 21-22.
[2] Abascal, J. eta Alberola, A. 2010. “Hallazgo de monedas del siglo III en Lequeitio (Vizcaya) en 1803”. Saguntum (P.L.A.V.), 42, 133-135.
[3] Ocamica, F. 1966. La villa de Lequeitio (ensayo histórico). Bilbao: Imprenta Provincial. 17-18.
[4] Valle de Lersundi, J. 1977. “La primitiva villa de Lequeitio” Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País. Año 33. Cuaderno 1-2, 147-177. Donostia. 154.
[5] Valle de Lersundi, J. 1977. “La primitiva villa de Lequeitio” Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País. Año 33. Cuaderno 1-2, 147-177. Donostia. 172.
[6] Valle de Lersundi, J. 1990. “La muralla de Lekeitio y las torres de Uriarte”. Lekeitio. Ederti, etnografi eta edestiaren aldizkaria, 2, 30.38. Lekeitio: BBK. 30.
[7] Velilla, J. 1992. Arquitectura y urbanismo en Lekeitio. Siglos XIV a XVIII. UPV-EHU: Serie Tesis Doctorales. 48.