Saltatu nabigazioa

5.4.1.3.- Barrualdea

Barrualdea  (argazkia)

Barrutik, tenplu hau hiru tarteko habearte bakarreko eraikin xume bat da, eta kontrahormetan barrualderanzko joera duten kaperak ditu. Horrez gain, oinplanoan apur bat nabarmentzen den gurutzadura eta burualde zuzena ditu. Gurutzaduraren alde bakoitzean ate bat zegoen. Batetik, eskolara sar zitekeen lehenago, eta besteak Apalloa kalera zeraman. Azken horren arrastoak, oraindik, ikus daitezke kanpoaldetik.

Pilastra toskanarrak eta arkuak ditu. Azken horiek ageriko harlanduan daude eginda eta zuriz zarpiatutako horma-atal leunak dituzte. Forma garbi eta sinpledun eraikina da. Egitura da elizan gailentzen dena, ez baitu ia inongo apaingarririk. Izan ere, Bizkaian garatu zen estilo barrokoak eraikinen tinkotasuna bilatzen zuen, eta apaingarri gisa erretaula eta irudiak baino ez ziren erabiltzen.

Modu honetan eliztarrek begirada garrantzia zuen hartan jartzea bilatzen zen, hots, erretaula eta irudietan. Kontraerreformaren osteko garaian, Eliza Katolikoa sermoiez, errituez, eta irudiez baliatu zen mezua sinestunen artean zabaltzeko. Bibliaren interpretazio askea eta testu sakratuak norberak irakurtzea debekatu egin ziren, eta irudi errealista eta eszena esanguratsuak erabili ziren protestanteek bazterrean utzitako gaiak azpimarratzeko asmoz: predestinazioaren aurrean ekintza onen eta karitatearen balioa gorestea, sakramentu eta penitentziaren defentsa, purgatorioa, Kristoren bizitza, martirioa, Ama Birjinaren santutasuna, mirariak eta abar. Aurrerago ikusiko dugun moduan, gai horiek presente daude aztergai dugun eraikinean.

Arkitekturarekin jarraituz, altxaketak bi maila ditu. Behekoa, kaperei eurei dagokiena da, eta goikoak galeria bat eratzen du gelak atetxoen bidez elkarlotzean. Era berean, beren oinean dagoen koru altuak bi aldeetako galeriak lotzen ditu.

Habearte eta burualdeko estalkiak ilargixkaz betetako gangak dira –landare-apaindura duen egurrezko kabledunak–. Gurutzaduraren besoetan, kaperetan eta galerietan, berriz, kanoi-ganga berriak daude. Aipatutako egurrezko kableaz gain, ez dute bestelako apaingarririk.

Sakristia bakarra kontserbatu da eta presbiterioaren eskuman dagoen dinteldun sarbidetik sar daiteke bertara. Gela txiki eta errektangularra da, kanoi-gangako sabaia duena. Bere gainean beste gela bat dago, eta zatitutako frontoiekin eta pinakuluekin apaindutako sareta bat duen bao bat dauka. Bao horren bitartez presbiteriora jo daiteke. Gela horren funtzioa, pertsona esanguratsuei edo komunitateko kideei, lehentasunezko leku batetik ofizioak jarraitzeko aukera eskaintzea zen. Presbiterioaren ezkerrean ere gela bi horiek zeuden hasieran, baina ikastetxearen eraikina desagertu zenean, ezabatu egin ziren. Gaur egun sareta eta atea baino ez daude.

Bere altzarien bidez, elizak izandako bi une garrantzitsu nabarmendu daitezke. Alde batetik, XVII. eta XVIII. mendeko altzari barrokoak ditugu, eliza sortu zen garaikoak. Esanguratsuenak erretaula nagusia, bere aldamenetan dauden beste bi erretaulak edo kaperetako erretaulak dira. Bestetik, XIX. mendeko altzariak ditugu, Uribarrenen garaian gehitutakoak: margo-lanak edo mausoleoa esaterako.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia