Saltatu nabigazioa

2.5.2.- Lumentxa

Lumentxa[1] Lekeitioko herrigunetik gertu dagoen arren, margoak aurkitu diren galeria baino ez dago Lekeitioko udal eremuan. Haitzuloaren ahoa (argazkia) eta estratuak dauden aztarnategia Ispasterko lurretan daude.

Garratxa bezala ere ezaguna den kareharrizko kobazulo hau itsasotik 120 metrora dago, eta mendia alde batetik bestera zeharkatzen du. Egun, atzeko atea segurtasun kontuengatik itxita badago ere, berez, alde bietatik sar zitekeen barrura. Sarrera nagusia hegoaldean dago, hiru metro eta erdiko zabalera dauka eta nahiko sabai baxua. Bertatik hainbat indusketa egin diren gela zabal batera igaro daiteke, eta hain zuzen, gela horretako hego-ekialdean agertu dira aztarna gehien.

1921. urteko abuztuaren 12an aurkitu zuen gela zabal horretako aztarnategia Jose Miguel Barandiaran apaizak. 1926 eta 1929. urteen artean lehen indusketa saioa egin zuten Telesforo Aranzadi eta Jose Miguel Barandiaran berak gidatuta (argazkia). Geroago, 1963 eta 1964. urteen artean, Barandiaranek bigarren indusketa saio bat egin zuen. Eta, azkenik, J.L. Arribasek aztertu zuen 1984 eta 1994. urteen artean.

Indusketa horietan hainbat epetako aztarnak aurkitu ziren. Besteak beste, Postneolito garaikoak, Neolitokoak, Azil Aldikoak, Magdalen Aldikoak eta guztiz argi ez dauden Goi Paleolitoko beste aldi batzuetakoak. Baina, Goi Magdalen Aldiko garaia da aberatsena, harri eta hezurrezko industria, okre aztarnak, animali irudidun hematita plakak eta abar baitaude. Material horiek guztiak Bilboko Arkeologia Museoan daude gordeta.

Hala ere, materialok maila arkeologiko-kulturaletan antolatzeko orduan zailtasunak daude. Arazo horren arrazoia Aranzadi eta Barandiaranek jasotako materialak izendatzeko erabilitako metodologia da. Deskripziorako gaur egun erabiltzen den teknika erabili beharrean, euren lan egunen araberako orden kronologikoa erabili zuten, eta ia ez dute aipatzen material bakoitza zein geruzatan eta nola aurkitu zuten. Gainera, Lumentxako aztarnategian, inguruko beste askotan bezala, material gutxi aurkitu dira eta horrek zaildu egiten du zehaztasun estratigrafiko ona ematea.

Lumentxako lur-maila ezberdinak lurraren egitura eta koloreagatik bereiz daitezke. Sei kapa edo estratu daude, baina kultura ezberdinak ezin daitezke zehatz-mehatz kapa horietan banatu. Batzuetan kultura batetik besterako trantsizioa kapa horien artean gertatzen baita.

Arestian esan bezala,  Magdalen Aldia dugu guztietan aberatsena:

Harrizko tresneriari dagokionez, Azken Magdalen Aldian ijekiak, ijekitxoak, ertz landuzko puntak, xixel landuak, karraskailuak, xixel karraskailuak, karraskailu bikoitzak eta diskoideo batzuk ditugu. Goi Magdalen Aldian, berriz, suharrizko tresneria gutxi dugu. Ertz landuko ijeki batzuk, xixel batzuk eta punta batzuk besterik ez.

Hezurrezko industriari dagokionez, Azken Magdalen Aldia Lumentxako maila guztietatik aberatsena da. Hala ere, 33 objektu baino ez dira guztira. Apaingarri asko daude, baita ohikoak baino ezten handiagoak ere. Pieza aipagarrienen artean, hortz lerro bateko arpoi, hainbat punta ezberdin, azagaiak (argazkia), lixagailu bat eta zulatutako orein hortz bat ditugu (argazkia). Goi Magdalen Aldiari dagokionez, berriz, hortz bakarra duen arpoia –edo baliteke kako edo amua izatea– da aipagarriena. Bada halaber, apaindurak dituen azagaia bat ere –suge eta arrain irudiak dituela esan zuen Barandiaranek–. Azagaia hori, Pirinio mendebaldean burututako arte higigarriaren adierazgarria da.

Faunari dagokionez, makrougaztunak dira azpimarragarrienak. Azken Magdalen Aldiako estratuan hartz, zaldi eta otso arrastoak, eta orein hortz batzuk baino ez dira ageri. Goi Magdalen Aldian, batez ere, zaldia, basahuntza eta otsoa ageri dira. Horiez gain, muskuiluak aipatu behar dira.

Arteari dagokionez, arestian aipatutako hezurrezko tresneria apainduaz gain, badira pintura eta grabatuak ere. 2012ko otsailean Diego Garate eta Joseba Rios-Garaizarrek haitzuloa aztertu eta hainbat pinturen arrastoak aurkitu zituzten. Ordura arte bi zaldiren plaketa grabatuak baino ez ziren ezagutzen. Aurkitutako marrazki guztiak kobazuloaren amaieran aurkitu zituzten, hainbat harri jausita dauden gela batean. Hain zuzen, hiru irudi zoomorfo (bi bisonte eta zaldi bat) eta 25 ideomorfo (lerroak, puntuak eta orbanak) daude.  

Zoritxarrez, haitzuloa nahiko hondatuta dago jendeak egindako grafiti, margotze eta abarren erruz. Historiaurreko pinturak dauden horman bertan ere jendeak margotutako izen eta marrazkiak daude. Aipatzekoa da, margoketa zaharrena –“Uribe 1868”– 1868. urtekoa dela eta, hain zuzen, aurkitutako bisontearen gainean eginda dagoela. Gainean data hau idatzita izateak bisontea, gutxienez, horren aurrekoa dela erakusten du. Eta horrek, hain zuzen, irudion egiazkotasuna frogatuko luke. XIX. mende erdialdean, oraindik ez baitzuten Paleolitoko labar artearen berri.

Jausita dauden harrietako batean, esan bezala, bisonte bi eta zaldi bat daude gorriz marraztuta (argazkia). Inguruan, horma ezberdinetan, gaizki kontserbatutako aztarnak, trazuak eta okre markak ikus daitezke. Harria lau metro luze eta bi metro eta erdi zabal da. Aurpegi laua du, eta marrazkiak dauden goiko aldea borobila da. Lehenengo bisontea, ezkerrera begira dago eta harriaren goi-ezkerraldean dago. Labar artea aurkitu den beste hainbat aztarnategitan bezala, lepoa eta konkorra erliebe naturalaren bidez adierazita ditu, eta belarria, adarra, begia, muturra, kokotseko ilea, aurreko hankak, sabel aldea, isatsa, ipurdia eta atzeko hankak gorriz margotuta. Animalia honen atzean, beste bisonte bat dago ezkerrera begira. 150 cm ditu eta horrek ere aurrekoaren atal berdinak ditu margotuta, baina aurreko hanka bat baino ez da nabari. Bisonte horren barruan, eskumara begira, zaldi bat ikus daiteke. Edo hobe esanda, zaldi batena litzatekeen ilea, baraila eta trazu bat. Ez du beste gorputz atalik marraztuta eta 80 cm inguru ditu. Irudiok dauden harriaren aurrean, trazu eta marka gorri batzuk ageri dira.

Amaitzeko, esan behar da, pinturon aurkikuntzatik hainbat ondorio eta berrikuntza atera zirela. Nahiz eta inguru hau Goi Paleolitoan nahiko populatuta egon, eta arte higigarria azaldu, Lumentxako horma irudiak agertu arte ez zen besterik ezagutzen –nahiz eta gero Armintxe eta Atxurrakoak ere agertu– eta aurkikuntza horiek mugarri bat izan ziren. Aurkikuntzok indarra eman zien Atxerri, Sasiziloaga, Sinhikola, Sainte-Colome eta beste aztarnategi batzuetan aurkitutako bisonte-zaldi motako pinturei. Mota horretako irudiak, badirudi, Bizkaiko Golkoko berezitasuna direla.

Lumentxako multzo txiki hori, Kantauriko hegiak, Pirinioek eta Dordoniak osatutako labar artedun zonalde zabal baten parte litzateke. Badirudi, hiru zonalde hauek, ideien elkartrukatzeko sare bat osatu zutela Magdalen Aldian. Eta, hain zuzen, gure eremua litzateke horien guztien pasabide eta elkargunea. Kontuan izan behar da, gainera, itsasoaren maila egungoa baino baxuago zela garai hartan, eta bost kilometro inguruko zabalera lukeen pasabide lau bat zegoela zonalde honetan. Pirinioak gurutzatu beharrean, penintsulako iparraldea eta Frantzia hegoaldea lotzeko igarobide ezin hobea. 

[1] Mendiaren izena Lumentza den arren, aztarnategia Lumentxa da.

 

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia