Saltatu nabigazioa

5.4.1.6.- Beste altzari batzuk

San Jose elizan beste altzari batzuk ere nabarmen ditzakegu: presbiterioko burdin hesi rokokoak, Santa Marian daudenen antzekoak, edota sakristien ateen gainean zintzilik dauden estilo erromantikoko margolanak, besteak beste, Ama Birjinaren Jauretxeko Aurkezpena eta Maria Haurtxoarekin. Lehendabizikoa Jesusa Agirrebengoari (1857) zor diogu, zaletasun artistikoa izan zuenari; eta bigarrena, berriz, Jean Auguste Dubouluzi (1860), azken horrek Parisen izan zuen pintura irakasleari. Azken horrenak dira, halaber, Ama Birjinaren Ezkontzaren eszenari dagokiona eta gurutzaduraren hegoaldeko besoan dagoena.

Margolan horiek XIX. mendean burgesiaren eskutik iritsitako berrikuntza bat erakusten digute. Garai hartan, gizonentzako mugatuta zeuden jarduera batzuetan esku hartzen hasi ziren emakume batzuk. Ordura arte emakume “eredugarriak” brodatzera edo musika ikastera mugatzen ziren arren, euren egonezin kulturalei bide emanez, burgesiaren baitan tradizio horiek haustera jo zuten hainbat emakumek. Argi dago ez garela sufragista edo iraultzaileez hitz egiten ari, baina urrats txiki bat suposatu zuen. Gogora dezagun, esaterako, mende erdi geroago, Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarraren grina.

Altzarietara bueltatuz, erdiko kaperan, epistolaren ondoan, aldare neoklasiko berantiar bat dago. Aldare hori, Paristik 1883an iritsi zen Sortzez Garbi batentzako zen eta Jesusa L. de Callek, Claudio Abaroaren emazteak, Mariaren Alaben kongregazioari oparitu zion. Era berean, Pariskoa da alde bereko galeriaren lehendabiziko tartean dagoen tailua, Garaipenen Ama Birjinaren kopia bat. Tailu hori Uribarren-Agirrebengoa senar-emazteei esker iritsi zen. Beste aldeko galerian, azken sektorean, santu jesuita baten irudi barroko bat dago, dezenteko kalitatea duena eta San Inazio bera irudika lezakeena.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia