Saltatu nabigazioa

8.3.- San Antolin jaiak. Antzar jokoa

San Antolin jaiak. Antzar jokoa  (argazkia I / argazkia II)

XVIII. mendera arte San Antolin eta San Roke izan ziren Lekeitioko bi patroiak eta, beraz, bien aldeko jaiak egiten ziren. Abuztuan 15 eta 16an, Santa Maria elizaren omenezko ospakizunekin batera San Roke omentzen zen. Alabaina, Urbano III.a aita santuak jaiegunak murrizteko agindu zuen, herri eta hiribilduak zaindari bakarra izatera behartuz. Orduan, Lekeitioko agintariek zotz egin behar izan zuten bata ala bestea aukeratzeko. San Antolin atera zen eta, ordutik aurrera, irailean baino ez dira izaten herriko jaiak.

Badirudi, hasiera batean San Roke garrantzitsuago zela, ermita propioa izateaz gain prozesioan ateratzen zuten irudia ere bazuen eta. San Antolinek, ordea, ez zeukan bere omenezko irudirik ere. 1704. urte inguruan, jada herriko patroi bakarra zela, Pedro Bernardo Villarreal de Berrizek Valladolidetik San Antolinen irudi bat ekartzeko agindu zuen. Geroago, 1737an, Kontzejuak irudi berri bat erosi zuen, gaur egun eliza nagusian dagoena.

Elizako kontu liburuek San Roke jaiak nolakoak ziren erakusten digute. XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, jai horietan hainbat ekitaldi izaten ziren: zezenketak, antzar jokoa, argiztapenak –eguna luzatzeko gantzez betetako upelak erretzen ziren–, dantzariak –makil dantza eta ezpata dantza–, Bilbotik ekarritako suziriak, mozorroak eta abar.

Baina, esan bezala, XVIII. mendetik aurrera, San Antolin jaiak bihurtu ziren herriko jai patronal bakarrak, eta hala dira egun ere. San Antolin eguna irailaren 2an izanda, bezperan hasi ohi dira jaiak. Historikoki iraupen ezberdina izan dute jai hauek, sei edo zortzi egunekoa, eta mota guztietako ekitaldi eta ikuskizunak antolatu izan dira: irailaren 1eko Anteroren jaitsiera –1980tik aurrera–, euskal folkloreari lotutako ekimenak, dantzak, herri-kirolak, idi-probak, pilota partidak, su artifizialak, suzko zezena, arraun norgehiagokak, bertso saioak, kirol txapelketak, umeentzako jokoak, sukaldaritza lehiaketak edota musika saio eta kalejira ezberdinak: erraldoi eta buruhandiak, txarangak, txistulariak, musika banda, kuadrillen jaitsiera eta abar. Ekitaldi horien artean, 1928. urtera arte, alkateak eta zinegotziek dantzatu ohi zuten ohorezko aurreskua aipatu behar da. Ohitura hori sanjuanetan eta sanpedroetan ere errepikatzen zen, baina bada ia mende bat galdu zela.

Hala ere, antzar jokoa da, zalantzarik gabe, sanantolinetako ikuskizunik ospetsuena. Gaur egun, irailaren 5ean ospatzen da. Portu erdian egoten den soka batetik zintzilikatzen da antzarra, eta jokoaren helburua antzar horri helduta, ahalik eta jasoaldi gehien egitea eta bere lepoa lortzea da. Gainera, 1964. urtetik diruz saritzen da irabazlea. Esan bezala, gaur egun lehen saria lepoa lortuta altxaldi gehien egiten dituenak eramaten du, baina ez da beti horrela izan. Duela 50 urte, lepoa altxaldi gutxien eginda lortzen zuenak eramaten zuen sari potoloa, kokota haustea askoz zailagoa zen eta.

Izan ere, lepoa lortzea ez da zeregin erraza izaten, antzarra koipez beteta egoten baita eta, gainera, abadeen moilan dauden tiratzaileek indar handiz eragiten diote sokari. Jokoan parte hartzen duten kuadrillak bereziki egun horretarako lortutako txalupetan hurreratzen dira antzarrarengana, eta lehenago marinelak bakarrik parte hartzen bazuten ere, gaur egun edozeinek joka dezake. Hala ere, herri guztia mahoizko janzten da, lehenagoko marinel haien gisan.

Historikoki gizonek bakarrik parte hartu izan dute antzar jokoan. 1978. urtean parte hartu zuen lehen aldiz emakume kuadrilla batek. Potin hark Potxuak zuen izena, eta bertako partaide guztiak izan ziren emakumezkoak, baita harrapatzailea ere. Ordutik aurrera, emakumeak ere potinetan joaten hasi ziren.   

Behinola joko hutsa zena, azken urteetan jaietako egun handi bihurtu da: Antzar Eguna. Jaia goizeko 12etan hasten da, harrapatzaileen pisaketarekin eta txalupen irteera postuen zozketarekin. Azken urteetan laurogehi bat ontzik parte hartzen dute jokoan eta lekeitiarrek izaten dute lehentasuna, kanpoko kuadrillei azken postuak utziz. Antzar jokoa bera arratsaldeko 16:00retatik 19:00etara izaten da, eta tarte horretan txalupak banan-banan pasatzen dira antzarraren azpitik. Azken hamarkadetan masa espektakulu bihurtu den arren, mende hasieran dozena bat parte hartzaile baino ez ziren izaten, eta herriko jendea izaten zen ikusle bakarra.

Antzar jokoa amaitu ostean, masta-puntakoa egoten da. Joko hau aspalditik egin izan da, baina XIX. mendean hartu zuen indarra. Muturrean ikurrin bat izaten duen masta luze bat jartzen da moilan. Parte hartzaileek, uretara erori aurretik, ikurrina hartzen saiatu behar dute, koipez beteta dagoen mastaren gainean oreka mantenduz. Arratsaldeko ur jokoen ostean, jaiak eta parranda giroak goizeko ordu txikietara arte jarraitzen du.

Historikoki antzarra bizirik jarri izan bada ere, hainbat urtetan hilda ere jarri izan da. Rufo Atxurra lekeitiarrak (1911-2002) bizitza osoa eman zuen herriko historia, argazkiak, liburuak eta abar biltzen, eta informante aparte zen. Berak zioenez, 1922an agintariek debekatu egin zuten antzar biziak erabiltzea eta urte hartako jaietan pilotatxo antzeko bat erabili zen. Baina debeku hark lekeitiarren gaitzespena jaso zuen eta, handik gutxira, hildako antzarrak ipintzen hasi ziren. Ez dakigu, orduko hartan, zenbat urtez jarri ziren antzarrak hilda, baina horrek ere ez zuen arrakastarik izan, eta ostera ere, lehengora bueltatu ziren, hau da, antzar biziak erabiltzera.   

1960ko hamarkadan, berriz ere hildako antzarrak jartzen hasi ziren, animaliaren sufrimendua saihesteko. Hala ere, 1970eko hamarkadan berreskuratu egin zen animalia bizirik jartzeko ohitura, baina ez zuen askorik iraun, hainbat presioren ondorioz, urte gutxiren buruan berriz debekatu baitzuten. 1985ean, Udalak eskatuta, bozketa egin zen kuadrillen artean eta bizirik ipintzeak irabazi zuen. Hala ere, 1986an Lekeitioko Udalak debekatu egin zuen antzarrak bizirik erabiltzea. Hortik aurrera beti hilda ipini dira.

2006an, hegaztien lehen gripe gogorraren mehatxua Euskal Herrira hurbildu zenean, Lekeitioko Udalak enpresa bat kontratatu zuen gomazko antzarrak egiteko. Antzartek asmatu zen orduan. Baina urte hartan ez zen erabili, gripearen eragina ez zelako honaino heldu. Aproba bat baino ez zen egin eta asmakizuna gorde egin zen. Antzartek 2014. urtean erabili zen lehen aldiz joko ofizialean eta, gaur egun, kuadrilla bakoitzak aukeratzen du benetako antzarrarekin ala gomazkoarekin jokatu.

Antzarren gaineko eztabaida hau XX. mende hasieran hasi zen, mende berriarekin batera, antzarra bizirik jartzearen aurkako ideiak indarra hartzen hasi baitziren. Adibidez, 1912an, Euskalerriaren Alde aldizkarian kexa artikulu bat kaleratu zuten mota honetako joko “basatiak” bertan behera utzi behar zirela eskatuz. Ordutik tira-bira eta eztabaidek ez dute etenik izan. Mende amaiera aldera goia jo zuten, bizirik jartzeko debekua ezartzeraino.

Izan ere, antzar jokoa orain dela zenbait mende sortu eta garatutako jokoa da, bizimodu eta kultura zeharo ezberdineko gizartearen isla. Garai batean ohikoa zen arren, gizaldi honetako askorentzat zaila da animalia baten sakrifizio publikoa ulertzea. Orain gutxira arte, jendeak bestelako mundu ikuskera bat izan du. Naturarekiko kontaktua eta animalien sakrifizioa egunerokoaren parte ziren. Gaur egun, ordea, gutxi dira etxean animaliak hezi eta jateko hiltzen dituztenak. Mundu hori desagertzear dago.

Jatorrizko esanahi sinboliko eta errituala galdu dituen arren, azken hamarkadetan antzar jokoak bestelako zentzu kolektibo bat hartu du, eta lekeitiarren nortasunaren parte bihurtu da. Bere horretan biltzen ditu tradizioa, arbasoekiko lotura, lehia eta jai giroa. Azken hamarkadetan Antzar Eguna Lekeitioko jairik handiena izatera heldu da, eta kanpoko askorentzat ere erreferentziazko egun bihurtu da.

Alabaina, Lekeitioko antzar jokoa ez da kasu isolatu bat. Azken urteetan, Portugaleten, Algortan eta Ondarroan ere burutzen da antzar jokoaren aldaera hau, nahiz eta herri horietan ez daukan Lekeition besteko tradizio luzerik.

Larramendik bere Corografía de Guipuzcoa (1754) lanean, XVIII. mendean Pasaian ere itsasoko antzar jokoa egiten zutela aipatzen du. Harrigarria dirudien arren, historian zehar Europako beste herrialde batzuetan ere errotuta egon da ohitura hau. Telesforo Aranzadik, 1925. urtean, Euskalerriaren Alde aldizkarian idatzi zuenez, Alemaniako Ulm herrian ere joko honetan aritzeko ohitura zegoen. Danubio ibaian burutzen zen jokoa eta, gurean ez bezala, hiru antzar zintzilikatzen zituzten sokatik. Arrantzaleak txalupetan hurbiltzen ziren hauengana eta hiruretako bat harrapatzen saiatu behar zuten. Horrez gain, badirudi Venezian (Italia) ere antzeko joko antolatzen zutela Aro Berrian (XVI-XVII. mendeak). Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun antzar jokoaren antzeko ospakizun bat erakusten duten hainbat grabatu gorde dira (argazkia I / argazkia II).

Historikoki hegaztien sakrifizioekin lotutako jokoak nahiko hedatuta egon dira, bai Europan, bai Euskal Herrian. Gernikan, esaterako, oraindik ere oilar jokoa ospatzen da inauterietan. Oilarrak zulo batean lurperatzen dira, burua kanpoan dutela. Gaztetxoek begiak estalita plaza zeharkatu eta oilarra aurkitu behar izaten dute ezpataz burua mozteko. Joko berbera mantendu da Ermuan, Legazpin eta beste zenbait herritan ere, nahiz eta, gaur egun oilarra ez den jendaurrean hiltzen.

Lekeition ere baliteke, iraganean, antzeko jokoren bat egon izana. Izan ere, jaietako jokoetarako oilarrak erosten zirela agertzen da udal agirietan. Horrez gain, herriko zaharrenek gogoratzen dutenez, lehenagoko haurrak burdinazko oilarren buruekin jolasten ziren, eta litekeena da aurreko jokoren baten arrastoa izatea.

Aski ezaguna da Markina-Xemeingo (Bizkaia) inauterietako antzar jokoa ere. Herri horretan antzarren jaia lehorrean egiten da eta parte hartzaileak zaldiz joaten dira. Hegaztia soka batetik zintzilikatzen dute plaza erdian, eta zaldiak aurrera jarraitzen duen bitartean harrapatzaileek gogor oratzen diote lepoari.

Lekeition, goian deskribatu dugun itsasoko aldaera da zaharrena, baina lehorreko aldaera ere egiten zen lehenago. Ziur aski, gaur egun Markina-Xemeinen egiten denaren antzekoa izango zen, herri horretan bezala, aratuste egunez izaten baitzen normalean. Lehorreko aldaera hori Lapurdiko Sara, Zuraide, Biriatu, Ainhoa eta Urruña herrietan ere ospatzen da egun.

Dokumentuek erakusten dutenez, 1800. urtean lehorreko antzar jokoa ospatu zen Lekeitioko plazan:

“Cuenta, y razón individual, del gasto, y coste de los gansos, que la noble villa dispuso traer para la diversión para los días 24 y 25 de febrero, para los dos últimos dias de Carnaval”[1].

Agiri horrek dioenez, urte hartan, Mendarotik hamalau antzar ekarri ziren 113 errealen truk. Bestalde, 1818ko ordainketa agiriek argi erakusten digute antzar jokoa zaldiz egin zela orduko hartan: “Vino que bebieron en los dos días de Carnaval los individous que salieron a caballo y corrieron gansos”[2]. Urte hartan, ardoaz gain beste ordainketa batzuk ere egin ziren: joko-eremuan botatzeko harea, hegaztiak zintzilikatzeko egurrezko egitura eta sokak, horiek jartzeko arotzak eta abar.

Hala ere, ez dira horiek antzar jokoaren inguruan ditugun lekukotasunik zaharrenak. Santa Maria elizaren kontu liburuetan XVII. mendeko hainbat aipamen ditugu. Hona hemen esanguratsuenak: “Yten da por descargo (…) los gansos que se trajeron para correr” (1631),“da por descargo haber gastado en fiestas de nuestra señora con danzantes y gansos y mascarada que se hizo, 300 reales” (1634), “por cuatro gansos que se trajeron de la Anteiglesia de Lumo” (1636), “cuatro gansos y un refrescos que les dio a los marineros en las fiestas de esta iglesia y día de San Roque” (1666), “y cuatro gansos con un refresco que se les dio a los marineros” (1688)[3].

Lekukotasun horiek garai hartako jokoaren hainbat ezaugarri erakusten dizkigute. Alde batetik, jokoan parte hartzen zutenak marinelak zirela. Bestetik, ospakizunaren datari dagokionez, garai hartan Santa Maria elizaren eta San Rokeren omenezko jaietan ere egiten zirela ikus dezakegu, abuztuaren 15 eta 16an hain zuzen.

Aipatutako lekukotasun horiez gain, badira mende horretako gehiago ere. Horiek aztertuz gero, urte bakoitzeko antzar kopurua –oro har, lau–, beraien prezioa eta jatorria ezagut ditzakegu –Lumo, Mendaro, Markina, Gernika–. Parte hartzaileak marinelak izanda, itsasoan egingo zutela suposa daitekeen arren, dokumentu horietan ez da aipamen zehatzik agertzen. XVIII. mendera arte itxaron behar dugu antzar jokoaren aldaera zehatza ezagutzeko.

1722. urtean, gotzaina Lekeitiora etorri zen eta bisita haren harira antzar jokoa antolatu zuten lekeitiarrek. Urte hartako dokumentuetan, parte hartzaileak txalupetan joan zirela aipatzen da: “Cuatro gansos, que hubo corrida de ellos al tiempo que dicho señor obispo se hallaba en la villa”, “tres chalupas que corrieron dichos gansos”, “gasto que hicieron los hombre que asistieron en el barco mayor de Miguel de Aguirre a componer y tirar las maromas para dicha corrida”[4].

Testigantza horrek argi erakusten digu urte hartan itsasoan egin zela antzar jokoa, eta beraz, jokoaren aldaera zaharrena horixe dela berretsiko luke. Bestalde, ikus dezakegu antzar jokoa oraindik ez zegoela jai finko bati lotuta eta egun berezietan ere antolatzen zela, esaterako, pertsona garrantzitsu baten etorrera ospatzeko.

Elizaren agirietan agertzen den azken erreferentzia 1731. urtekoa da: “Hubo de gasto con los gansos que se jugaron el día de Nuestra Señora de Agosto”[5]. Badirudi, presio ezberdinen ondorioz, Lekeitioko Elizak utzi egin ziola aurreko mendeetan bezala joko mota horiek ordaintzeari. Ordutik aurrera, Udalak hartu zuen beregain jaien antolaketa. 

Antzar jokoa sanantolinei lotuta agertzen zaigun lehenengo lekukotasuna 1773. urtekoa da. Urte hartako agiriei esker, badakigu, herriko jaietan antzar jokoa ospatu zela eta bi txalupek lortu zutela saria. Horrez gain, egin ziren hainbat ordainketa agertzen dira. Adibidez, diru partida bat bideratu zen sokari eragin zioten gizonentzako, eta beste bat sorosleak ordaintzeko.

1829. urteko San Antolin egunean ere antzar jokoa ospatu zen. Alabaina, oraindik, XIX. mende erdialdean, beste jaiegun batzuetan ere antolatzen zen antzar jokoa. Esaterako, 1862. urtean sanpedroetan ospatu zen.

XIX. mendeko azken herenetik aurrera, ordea, antzar jokoa San Antolin egunean baino ez da antolatuko; eta dugun informazioaren arabera, badirudi, egungo jaiaren antz handia zuela ordurako: Udalak txalupei ardoa banatzen zien, udal ordezkariak bertan egoten ziren jaia ikusten, antzarrak zintzilikatzeko eta soka jartzeko lan-taldea zegoen, tiratzaileek bere lana burutzen zuten, eta musikariak ere izaten ziren jaia girotzen.

Alabaina, gaur egun ezagutzen dugun portua 1884 eta 1893. urteen artean eraiki zela kontuan hartuz, eta portu zaharrak oraingoak baino sakonera txikiagoa zuela jakinda, baliteke, mende amaierara arte jokoa badian burutu izana. Gainera, badakigu, portu berria eraiki zenean ere, marearen arabera erabakitzen zutela urte bakoitzean jaia zer ordutan hasi. Izan ere, duela 50 urtera arte, oraindik ere portuko eremu batean azpiko harea bistan geratzen zen itsasbeheretan.

Antzar jaiaren inguruko lehen lekukotasun grafikoak 1897 eta 1900. urteko argazki batzuk dira, eta horietan ikus daitekeenez, jada portuan burutzen zen. Hala ere, oraindik ez zuen masa ikuskizunaren eiterik, eta parte hartzaileak ikusleak baino gehiago izaten ziren.

Orain arte aurkeztutako datuak laburbilduz, honako ondorio hauek atera ditzakegu. Batetik, esan daiteke, gutxienez XVII. mendetik burutzen dela antzar jokoa Lekeition, eta mende horretan, jada, parte hartzaileak marinelak izaten zirela. Horrek, ordurako, itsasoan egiten zela iradokiko luke, nahiz eta hipotesi hori ziurtatzeko 1722. urtera arte itxaron behar dugun. Alabaina, tradizio luzeena duen aldaera itsasokoa baldin bada ere, badakigu, XIX. mendean herriko plazan ere egin zirela, bereziki aratusteetan.

Badakigu, halaber, XIX. mende erdialdera arte, urteko data ezberdinetan antolatzen zela antzar jokoa: sanrroke jaietan eta Santa Maria elizaren egunean, aratusteetan, sanpedroetan edo bestelako egun berezietan. San Antolin jaiei dagokienez, lehen lekukotasuna 1773. urtekoa da.

XIX. mende amaieran herriko zaindarien jaiei lotuta geratu zen antzar jokoa eta, egun egiten den jaiaren ezaugarri gehienak zituen jada. Hala ere, orduko hartan, irailaren 2an ospatzen zen, eta ez zuen egun propiorik. Gaur egun ezagutzen dugun masa ikuskizuna duela 50 urte inguru sortu zen, eta ordutik irailaren 5ean ospatzen da, beti ere zapatua jausten ez bada.

Antzar eguna egin zen azken zapatua 1970ekoa izan zen. 1986ko irailaren 5a barikuan egokitu zen, eta hain izan zen asteburu kaotikoa, ezen hurrengo urteetan ez baitzen gehiago ez barikuz, ez zapatuz, ezta domekaz ere antzar egunik antolatu. 1998tik aurrera, jaietara etortzen zen jendetza jaisten hasi zen gutxika, eta ordutik, bariku eta domeketan ere egiten da antzar eguna.

 

[1] Dueñas, E.X. eta Irigoien, I. 1997. “La fiesta, recuerdos y vivencias: entorno festivo en la historia de la villa marinera de Lekeitio”. Zainak. 15, 101-139. Bilbao: Eusko Ikaskuntza. 115.

[2] Dueñas, E.X. eta Irigoien, I. 1997. “La fiesta, recuerdos y vivencias: entorno festivo en la historia de la villa marinera de Lekeitio”. Zainak. 15, 101-139. Bilbao: Eusko Ikaskuntza. 115.

[3] Dueñas, E.X. eta Irigoien, I. 1997. “La fiesta, recuerdos y vivencias: entorno festivo en la historia de la villa marinera de Lekeitio”. Zainak. 15, 101-139. Bilbao: Eusko Ikaskuntza. 136.

[4] Dueñas, E.X. eta Irigoien, I. 1997. “La fiesta, recuerdos y vivencias: entorno festivo en la historia de la villa marinera de Lekeitio”. Zainak. 15, 101-139. Bilbao: Eusko Ikaskuntza. 137.

[5] Dueñas, E.X. eta Irigoien, I. 1997. “La fiesta, recuerdos y vivencias: entorno festivo en la historia de la villa marinera de Lekeitio”. Zainak. 15, 101-139. Bilbao: Eusko Ikaskuntza. 137.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia