Sarreran aipatu bezala, XVII. mendetik aurrera hirigintzaren jarduera nahiko garatu zen Lekeition, baita arlo pribatuan ere. Gizarte hierarkian goren kokatutako pertsonen pentsamoldean aldaketa bat egon zen, Mendebalde osoan zabaltzen zihoan giro ilustratuan murgildu baitziren. Klase dirutsu hori, gorteko giroarekin lotutakoa eta Amerikan aberastutako indianoez osatutakoa, aldaketen sustatzailea izan zen, horretarako beharrezkoa zen kapitala baitzeukaten. Aldaketok, besteak beste, jauregien eraikuntzan islatu ziren.
Jauregiek dorretxeen antza izan dezaketen arren –tamaina, materialak, oinplanoa, garaiera, eraikuntza materialak–, ez zuten horiek izandako funtzio militarra mantendu, eta estiloari dagokionez, apaingarri gehiago izango dituzte. Hala ere, ez da ahaztu behar, gaur egun jauregi deritzogun asko, garai batean, dorretxe izan zirela, eta azken mendeetan jasandako eraldaketen ostean bihurtu zirela jauregi.
Jauntxoek hiribilduetan ezartzean eraiki zituzten dorretxeak, eta esan bezala, jauregi gehienak dorre horien eboluzioa dira. Bando gerrak amaitu ostean, funtzio militarra galdu eta ezaugarri berriak bereganatu zituzten. Jauregiek erosotasuna, espazio zabalak, argitasun eta aireztatze hobeko gelak irabazi zituzten, eta defentsa ezaugarriak galdu. Sinbolikoki ere ezberdinak izango dira. Dorretxeek leinuaren indarra erakustea zuten xede, hortik euren irmotasun eta tinkotasun arkitektonikoa. Jauregiak, ordea, jabearen aberastasun eta oparotasunaren ikur bihurtu ziren, eta hori apaingarrietan –batez ere armarri konplexuagoak– eta eraikinen handiagotzean ezaugarritu zen.
Aro Berrian bizitako aldaketa ekonomiko eta sozialek garaiko bizimodua aldatu zuten, Erdi Aroa atzean utziz eta Errenazimendua bezala ezagutu den aldira igaroz. Testuinguru horretan, etxebizitzen funtzioak ere aldatu egin ziren, eta jauregien tipologia garatu zen, arkitektura ere diziplina humanistiko bezala garatzen zen garai berean. Hala ere, kontuan izan behar dugu, Euskal Herria Europako periferian zegoela, gune artistiko garrantzitsuetatik urrun, eta beraz, berrikuntza guztiak berandu eta tantaka heltzen zirela.
Gara hartan, eraikuntzaren arrazionalizazioa bilatzen zen: erregulartasun eta simetria. Hasieran fatxadetan, eta geroago baita barruko espazioetan ere. Joera horrek estilo barrokoan jo zuen goia. Beste ezaugarri bat jauregien barruan lorategiak txertatzea izan zen. Ezaugarri horiek guztiak Lekeition modu berezian garatu ziren, esan bezala, Erdi Aroko dorretxe asko irizpide horiek jarraituz zaharberrituko baitziren, baina izan zen hutsetik eraiki zen jauregirik ere. Ondorengo lerroetan Lekeitioko lau jauregi esanguratsuenak aztertuko ditugu: