San Pedro herriko arrantzaleen santu babeslea izan da betidanik, eta Kofradiak ere bere izena darama. Hori dela eta, San Pedroren omenezko ospakizunak aspalditik daude errotuta Lekeition. Dokumentuek diotenez, gutxienez XV. mendetik ospatzen dira. Ez da ahaztu behar, arrantzak herritarren eguneroko bizimoduan berebiziko garrantzia izan duela aspalditik.
Oraindik ere, sanpedroek indar handia dute herrian, eta behinola arrantzaleen jaia zena, herri osoaren jaia da egun. Horrez gain, kaxarranka Euskal Herri osora zabaldu da, eta hainbat dantza taldek dantzatzen dute.
Ekainaren 29a, San Pedro eguna, izaten da egun nagusia. Goizean goiz dei egitekoek zeharkatzen dituzte herriko kaleak behinola egin ohi zuten moduan. Banan-banan herritarren izenak oihukatzen dituzte, Jaungoikoaren izenean, mezatara joan daitezen. Izan ere, hamar eta erdietan San Pedroren omenezko meza nagusia egoten da Santa Maria elizan. Meza hasi aurretik, musika bandak lagunduta, udaletxeko atari nagusitik prozesioan abiatzen dira udal agintariak bertara.
Meza amaitutakoan, San Pedroren irudia prozesioan ateratzen da, eta atzetik Kofradiako kideek, udal agintariek eta elizgizonek jarraitzen diote. Portuari buelta eman ostean, Sanpedropean, kilin-kala burutzen da (argazkia). Ondoren, Ezpeleta, Arranegi eta Uribarren kaleetan zehar igarotzen da prozesioa, berriz ere, elizara bueltatzeko.
Esan bezala, kofradia zaharraren aurrean, prozesioa geratu egiten da kilin-kala egiteko. Bertan, kaiaren ertzean jarrita, San Pedroren irudia daramaten lau gizonetatik bi belaunikatu egiten dira santua itsasora botatzeko keinua eginez. Batzuek itsasoak bedeinkatzearekin lotura izan dezakeela dioten arren, ez dirudi hasiera batean behintzat hala zenik.
Hasieran, prozesioa kilin-kala burutzen den tokira ailegatzen zenean, santuari urte hartan arrantza ona izango ote zen galdetzen omen zitzaion. Santuaren irudiak erantzuten ez zuenez, itsasora botatzeko keinua egiten zuten herritarrek. Orduan, ikusleen arteko norbaitek, santua bera izango balitz bezala, “bai!”, erantzuten zuen eta, ondorioz, santua ez zuten itsasora botatzen. Beraz, jatorriz behinik behin, badirudi kilin-kala ez zela erregua adierazteko erritua, santuari egindako mehatxu edo ohartarazpena baizik. Herritarrek santuari arrantza ona izan ezean uretara botako zutela adierazteko modua, alegia.
Gaur egun, San Pedrori ezer galdetzen ez bazaio ere, keinuaren nolakotasunak argi erakusten digu xedea ez dela santuari urak bedeinkatzeko erregutzea. Bedeinkapena balitz, santua aurrez makurtuko lukete, erreberentzia baten gisara edo; eta ez ohikoa den eran, alboz eta itsasora botatzeko plantak eginez.
Lekeitioko zaharrenek diotenez, 1947. urtean, itsasora botatzeko ohiko mehatxua egiterakoan, istripuz santua uretara erori zen. Antza, urte hartan atun sasoia oso oparoa izan zen, eta egon zen zorte hori santua itsasora bota izanari egotzi zionik ere.
Prozesioa amaitu ostean, kaxarranka hasten da San Pedroren horma-hobiaren oinetan (argazkia). Santuaren omenez, zortzi gaztek eusten duten kaxa batera igota, dantzari batek arin-arina, fandangoa eta zortzikoa dantzatzen ditu txistulariek jarritako erritmora eta ikusleen txalo eta irrintzien artean. Kaxaren inguruan beste zortzi gazte joaten dira sorbaldan arraunak eutsiz. Orain gutxira arte, arrantzaleak izan ohi ziren kaxa eusten zutenak. Gaur egun, ordea, Isuntzako arraunlariek eta dantzariaren lagunek eramaten dituzte kaxa eta arraunak.
Hiru aldiz errepikatzen da ikuskizuna, lehenengoa esan bezala sanpedropean, bigarrena, kofradia aurrean eta, hirugarrena, Independentziaren enparantzan. Azken mendeetan erabili den kaxak 97 kilo ditu, 162 cm luze eta 52 zabal da, eta barruan duen inskripzioaren arabera, 1797. urtean eraiki zuen Frantzisko Etxanizek, Juan Bautista Anakabe maiordomo zela.
Kaxa eta arraunak eusten dituztenak mahoizko jantzita joaten dira. Dantzaria, berriz, frak dotore batez, barrutik alkandora eta praka zuriak daramatzala. Gerriko eta zapi gorriekin apaindurik, galtzerdi hutsean egiten du dantza. Ezkerreko eskuan kapela luze bat eramaten du eta eskumakoan, berriz, San Pedroren ikurrak brodatuta dituen banderatxoa –giltzak eta koroa–.
Honako hauek izan ziren XX. mendeko kaxarranka dantzariak: Facundo Etxeberria Idoiaga, Teodoro Urkiaga, Eusebio Maria Azkarraga, Zoilo Atxabal, Ignacio Murelaga, Pedro Erkiaga, Pedro Urkidi, Eusebio Akordarrementeria, Pedro Murelaga Etxeberria, Vicente Bakeriza Azkarraga, Jose Maria Bakeriza Azkarraga, Juan Manu Elorza eta Pedro Murelaga Aretxaga. 2003. urtetik Asier Uskola Ibarra da dantzaria.
Hala ere, mendeetan zehar eraldaketa handia izan du ekitaldi horrek (argazkia). Deskribatu berri dugun ospakizunak berrehun urte eskas izango ditu gehienez ere. Izan ere, XVII. mendean izandako auzi baten ondorioz, jatorrizko prozesioa aldatu egin zen, eta urteen poderioz gaur egungo forma hartuz joan zen. Labur dezagun San Pedro eguneko prozesioaren bilakaera.
Jatorriz, San Pedro eguneko prozesioa, santua gurtzeko ospakizunaz gain, Kofradiako maiordomo berriaren izendatzea ospatzeko ekitaldia zen. XV. mendean, jada, Kofradiako agiri eta kontu-liburuak gordetzen zituen kaxa San Juan Talakon zegoen etxolara eraman ohi zuten. Bertan, azken urtean maiordomo kargua izandakoak eta maiordomo izendatu berriak urteroko berrikuspena ematen zieten agirioi. Kaxa hori maiordomoaren etxean egoten zen urte osoan zehar, eta maiordomo berria izendatzean, aipatutako berrikuspena egin ondoren, bere etxera eramaten zuten prozesioan.
Gaur egun ekainaren 29an den arren, orduan ekainaren 30ean izaten zen prozesio bitxi hau. Kaxaren gainean gizon bat joaten zen San Pedroz mozorroturik, eta kaxaren alde bakoitzean beste gizon bana San Juan eta San Andresez jantzita. Figurante horiek mozorro dotorea eramaten zuten. San Pedrok pontifize-mitra, agure zahar baten maskara, kapa dotore bat, eta urre koloreko giltza bat eraman ohi zituen. San Andres eta San Juanek ere kapa, makila eta eliz-apaingarri ezberdinak eramaten zituzten. San Pedrok, halaber, kaxaren gainetik bedeinkazioak botatzen zizkien herritarrei, eta hauek belaunikatu egiten ziren santua euren aldamenetik igarotzean, edo eskua paparrera eramaten zuten benetako santu bat balitz bezala. Emakumeek leihoetatik garia, garagarra, babak, krabelinak eta abar botatzen zituzten, eta mutikoek “Hau dala Sancti San Pedro” edo “San Pedroko kaxea guztia urrez betea, guztia paperez betea” oihukatzen zuten.
Inguruan herriko arrantzaleak joan ohi ziren, mozorro eta maskara ezberdinak soinean jarrita, horietako batzuk zalditxoekin edo arkabuzez tiroak botaz. Horiekin batera, herriko musikariek txistu eta danbolin soinuz alaitzen zuten martxa. Kaxaren aurretik hogei bat dantzari joan ohi ziren, ezpata biluziak eskuetan, ezpata-dantza dantzatuz. Azkenik, prozesioaren atzetik, gainerako bizilagun eta herritarrak joaten ziren. Horien artean, maiordomo zahar eta berria, kofradiakideak, elizgizon eta apaizak, udal agintariak, edota herriko eta kanpotik etorritako handikiak. Antza denez, harro-harro desfilatzen zuten, seriotasunez.
Honela deskribatzen du prozesioa 1608. urteko agiri batek:
“Como a las tres horas después del mediodía, los cofrades mareantes desta dicha villa con sus danzantes y con ellos los dichos mayordomos nuevos y viejos, juntamente con la Justicia y oficiales Regimiento desta dicha villa y los mas hombres honrados della y otros que vinieron de fuera parte, con danzantes y tamborin y bandera de la dicha villa (…) y estando la dicha caja en la calle, los mancebos le tomaron acuestas y sobre ella subió un hombre con su latria pontifical en la cabeza y una máscara de semblante hombre anciano en su rostro y un manto a modo de los de la iglesia acuestas y una llave dorada en su mano y de esta manera, yéndole acompañado otros dos hombres a los dos lados de la dicha arca, que también representan a San Andrés y San Juan, con sus máscaras y capas como los de la iglesia, llevaron la dicha arca, con los dichos tamborines y danzantes y enmascarados y algunos hombres disfrazados, corriendo por las calles con cuartagos y tirando algunos arcabuzes”[1].
Hala ere, bezperan hasten ziren ekitaldiak. Izan ere, prozesioaren aurreko egunean aukeratzen zituzten dantzariak eta santuak ordezkatuko zituzten kofradiakideak. Gainera, ospakizuna, San Pedro egunaz gain, uztailaren bira arte luzatzen zen. Kofradiakideak, mozorroturik, dantzan eta eskean ibiltzen ziren kalerik kale eta etxerik etxe.
1605. urtean, eztabaida gogor bat sortu zen Martin Lariz parrokiako bikarioaren, Calahorrako gotzainaren, Arrantzaleen Kofradiaren eta Kontzejuaren artean. Ezin ulertze hark urteetan luzatuko zen auzia hasi zuen, eta kostu ekonomiko handia suposatu zuen alde bientzat. Izan ere, bikarioak salaketa bat jarri zuen prozesioaren aurka, bertan erabiltzen ziren mozorroak eta burutzen ziren dantza eta antzezpenak Elizaren aurkako biraoa zirela argudiatuz.
Salaketa horren aurrean, Kofradiak helegitea jarri zuen Bizkaiko Epaitegi Nagusiaren eta Valladolideko Kantzelaritzaren aurrean, eta Kontzejuak ospakizuna babesteko hainbat neurri hartu zituen. Auzi horretako agiriei esker dakigu, hain zuzen, garai hartako ospakizuna nolakoa izaten zen. Jaia bera deskribatzeaz gain, hainbat herritarren testigantzak geratu baitira idatzita.
Auziarekin jarraituz, esan behar da, arrantzaleen ustez tradizio luzeko ospakizun hark zilegitasun osoa zuela. Pedro Manso Calahorrako gotzainak martxa debekatu ostean, epaitegietara jo zuten. Antzezpen eta dantzak ez zirela inondik inora iraingarriak, eta hainbat elizgizonek ere parte hartzen zutela argudiatu zuten. Gainera, bikarioaren iritziaren kontra, bertan erabiltzen ziren elementuak bedeinkatu gabeak zirela azpimarratu zuten eta, ondorioz, ikuskizuna ez zela Elizaren aurkakoa. Epaitegiek arrazoi eman zien, baina gatazkak luze jo zuen eta ospakizunaren eraldaketa ekarri zuen berarekin.
Hurrengo urteak oso gorabeheratsuak izan ziren. Esaterako, 1607. urtean liskar larriak gertatu ziren. Prozesioa egin ahal izateko, ospakizunaren aldekoek ezpata eta alabardez babestu behar izan zuten kaxa. Urte hartan, jipoiak, borrokak, tratu txarrak eta kartzelaratzeak izan omen ziren. Antza, Martin Lariz bikarioa elizatik konorte barik atera zuten, eta bere anaia ere jipoitu egin zuten. Bestalde, jaia defendatzen zutenek ere eraso eta eskumikatzeko mehatxuak jaso zituzten.
1610. urtean adostasun batera iritsi ziren parte biak. Alde batetik, kofradiakideek prozesio eta dantzetan iraingarria izan zitekeen elementurik ez erabiltzea onartu zuten eta, bestetik, Elizak jaia ospatzeko baimena eta bere ordezkarien asistentzia bermatu zituen. Ez dakigu nola bete zuten arrantzaleek hitz emandakoa, baina, badakigu, XVII. mende amaierara arte, behinik behin, apostoluak irudikatzeko ohiturak indarrean jarraitu zuela.
Hala ere, badirudi, mende erdialdetik aurrera figurantea egurrezko irudi batez hasi zirela ordezkatzen, eta urte batzuetan modu biak uztartu bazituzten ere, azkenik, 1682. urtean, behin betiko amaitu zela figuranteen parte hartzea. Ordutik, gaur arte, santuaren egurrezko irudia atera izan da prozesioan, eta kilin-kalan erabiltzen den irudiak hortxe du bere jatorria.
Aldaketa horretaz gain, Elizaren presioen ondorioz, hainbeste urtetan prozesio bakarra izan zena bitan banatu zen. 1690. urtean Pedro Lepe Calahorrako gotzaina Lekeitiora etorri zen, eta ordura arteko ospakizuna moldatzeko agindu zuen. Urte hartatik aurrera, lehenengo San Pedroren irudiaren prozesioa egiten hasi ziren, eta horren ostean kaxaren lekualdatzea.
Mendeak igaro ahala jatorrizko ezaugarriak are gehiago aldatu ziren eta, gutxika, gaur egun duen forma hartu zuen. Kaxarrankako dantzariak egun erabiltzen duen janzkera ere, ziurrenik, XVIII. mende hasiera horretakoa da. Horrez gain, arestian aipatu dugun ezpata-dantza berezia ere XVIII. mendearekin desagertu zen.
1822. urteko dokumentu batek dioenez, ordurako jada, kaxaren gainean gizon batek egiten zuen dantzan. Honela deskribatzen du zeremonia:
“Día 30 de junio: Hay procesión a las tres de la tarde y juntándose todo el Ayuntamiento en la Sala Consistorial van a la Parroquia en comunidad llevando el síndico la bandera de la Villa y con ella se asiste a la procesión (…) acabada se vuelve a la Sala Consistorial y se deja la bandera. A esta procesión asiste el nuevo mayordomo. Acto continuo va todo el ayuntamiento con el tamboril por delante a las puertas de la casa que abita el mayordomo saliente y presidencia la entrega de la arca de la Cofradía al nuevo mayordomo sobre la que va un mozo bailando. Hecha la entrega de la arca sube el Ayuntamiento a la habitación del nuevo mayordomo y este le da un refresco con coste según costumbre inmemorial”[2].
Beraz, baliteke kaxa aldaketaren modu berri hori XVIII. mende amaieran edo XIX. mende hasieran errotu izana. Izan ere, 1735. urteko deskripzio anonimoak[3], 1690. urterako jaiaren aurreko urteetako moldea amaitutzat ematen duen arren, ez du molde berririk aipatzen. Gainera, gaur egun erabiltzen diren musika eta egitura batzuk, fandangoa eta arin-arina adibidez, berriak dira gure lurraldean.
Bestalde, XIX. mende amaieran azaltzen zaigu lehen aldiz “kaxarranka” hitza, M. Azkarraga Regilek Juan Ramon Iturrizaren Historia de Vizcaya lanaren berrargitalpenean egindako gehigarrian (1885):
“Nos refieren una fiesta muy original y peregrina que suele celebrarse en esta villa el 30 de Junio de todos los años, el día siguiente de San Pedro, conocida con el nombre de Cacharrenca, que quiere decir baile sobre el arca, y la cual merece mencionarse. El objeto de esta fiesta dar con toda solemnidad posesión al nuevo mayordomo de la Cofradía de pescadores del cargo para el que ha salido eegido”[4].
Hala ere, hitz horren jatorria ez dago batere argi. “Kaxarranka” nahiz “kaxarrenka” deitu izan zaio herrian, eta Kofradiako kontu liburuetan “kaxa-aldaketa” eta “kasa-errenka” bezala ere agertzen da.
Gaur egun ekainaren 29ko goizean ospatzen da, baina XIX. mendean, ekainaren 30eko arratsaldean egiten zen prozesioa. Orduan, oraindik ere, maiordomo berriaren kargu hartzea irudikatzen zuenez, hiru dantzaldi egiten ziren kaxaren gainean. Lehenengoa maiordomo zaharraren etxean egiten zen, bigarrena, San Pedroren horma-hobiaren oinpean –1888. urtera arte harresiaren atean egon zen– eta, hirugarrena, maiordomo berriaren etxean.
Alabaina, Kofradiako azken maiordomoa Antonio Altzibar izan zen. Izan ere, 1903. urtetik aurrera, Kofradia lehendakaria izatera igaro zen. Lehendakariak hainbat urtez irauten zuen bere postuan, eta beraz, prozesioak hasieran izandako funtzioa galdu zuen. Ordutik, sanpedropean egiten da lehen dantza, bigarrena kofradiaren aurrean –2006ra arte Kofradiako presidentearen etxe parean–, eta azkena udal plazan. Aurretik Arranegiko zabalean ere egiten omen zen.
Baina ez da izan kaxaren prozesioa mendeen joan-etorriarekin aldatu den gauza bakarra. XVII. mendean ospakizunak egun batzuk lehenago hasten ziren, San Juan egunez alegia. Ekainaren 24an, Auriako (Audixo) inguruetan ospakizun berezi bat burutzen zen. Jai honi eguzki jaia deitzen zitzaion, udako solstizioaren egun nagusian burutzen baitzen. Arratsaldeko zazpiak inguruan, arrosarioaren ostean, Kofradiako kideak, herritarrak, elizgizonak eta Kontzejuko agintariak prozesioan joaten ziren Auriako intxaurrondoen artean zegoen egurrezko gurutzeraino. Bertan, gizonezko dantzak eta andrazkoen dantzak egiten ziren –azken horiek eguzki-dantza izenez ezagutzen ziren–. Erromeriaren ostean, herrira bueltatzen ziren.
Antza denez, hortxe dauka bere sorburua Lekeitioko emakumeen aurresku ospetsuak (argazkia). 1682. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz aurresku hori. XIX. mende erdialdean San Juan egunean dantzatzeaz gain, San Pedro egunean ere dantzatzen zen.
Garai hartan hiru saiotan egiten omen zen, eta herriko gizon ondratuei zuzendurik zegoen. Lehenengoa, albakua, goizeko zazpietako meza entzun ondoren izaten zen; setazko mantoi txiki bat eta gona arrunta jantzita dantzatzen zen, buru-estalkirik gabe. Bigarrena, eguerdiko meza nagusiaren ostean izaten zen; jantzi dotoreak eramaten zituzten neskatxek, gona beltz luzeak, brodatutako zaia zuriak, puntilladun txanbra zuriak, krepezko mantoia eta oinetako beltzak. Azkenik, hirugarrena, arratsaldeko arrosarioa amaitutakoan egiten zen; oraingo honetan, eguerdiko jantzi berekin, baina krepezko mantoien ordez katximir mantoiekin.
Dokumentuek erakusten dutenez, San Juan eguneko jai horren inguruan ere ika-mikak izan ziren Elizaren eta Kofradiako kideen artean. Kofradiakideek apaizek ere festak parte har zezatela nahi zuten, baina hauek behin eta berriz uko egin zioten honi, jai horren ezegokitasuna eta kutsu profanoa azpimarratuz. Horrela, urteen joan-etorriarekin, eguzki jaia galduz joan zen.
Emakumeen aurreskuak San Juan egunarekin zuen lotura ere hautsi egin zen eta sanpedroei lotuta geratu zen. Mendez mende urtero dantzatu ostean, denbora tarte batez galduta egon zela dirudi. Hala ere, 1936ko gerra aurretik Batzokiko talde batek berreskuratu egin zuen. Gerra ostean, ordea, berriro galdu zen, harik eta 1974. urtean Markinako Zerutxu dantza taldeko neskek berreskuratu zuten arte. Mende hasieran dantzari izandako emakumeei esker, dantzaren pausuak berreraiki ahal izan ziren; musika berriz, Azkuek idatziriko paperetatik eta Santi Zapirain Lekeitioko txistulariari grabatutako doinuetatik berreskuratu zen.
Esan bezala, markinarrek 1974ko San Antolin jaietan dantzatu zuten emakumeen aurreskua. Harrezkero, kaxarrankak udal plazan bere azken saioa egin ostean dantzatzen da. Gaur egun, Etorkizuna dantza taldeko emakumeak dira dantzan aritzen direnak. Oso dotore irteten dira plazara, XX. mende hasierako jantziekin, sorbaldan mantoiekin eta paparrean krabelin gorriekin.
2018.urteko San Juan egunean emakumeen aurreskua hiru bider dantzatzeko ohitura zaharra gogoratu zuten Etorkizuna dantza taldekoek. 6:30ean Talan dantzatu zuten albakua, eta 13:00ean eta 20:00etan, berriz, plazan.
[1] Irigoien, I. 2016. “Sanpedruak eta Sanjuanak”. Kurik. Ate zulotik ikusten da Lekeitio. 2, 150-161. Lekeitio: Lekeitioko Udala. 153.
[2] Irigoien, I. 2016. “Sanpedruak eta Sanjuanak”. Kurik. Ate zulotik ikusten da Lekeitio. 2, 150-161. Lekeitio: Lekeitioko Udala. 155.
[3] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.
[4] Ugartetxea, J.M. 1991. Lan guztiak. Lekeitio: Lekeitioko Udala. 157.