Saltatu nabigazioa

4.2.3.- Harresiaren finkatzea eta suhesia

Ia hiribildu guztietan bezala, Lekeition ere hazkunde handia izan zen Erdi Aroan (Irudi hipotetikoa). Harresi barruko hutsuneak betez joan ahala, XV. mende amaieran, harresiz kanpoko auzoen garapena hasi zen, herrigunearen azalera asko handituz. Ziurrenik, Arranegi aldean eraiki ziren harresiz kanpoko lehen etxeak, portutik eta ontzitegietatik hurbilen zegoena izateaz gain, eguzkitsuena baita. Aldi bertsuan, bide nagusiari jarraituz, Atea inguruko zabalgune ere garatu bide zen. Hala ere, oraindik bi herriguneak bereizirik zirauten, eta euren artean, Plaza zaharra, Gamarra plaza eta San Kristobal plaza barnebilduko lituzkeen espazio zabal bat zegoen.     

Hortaz, XV. mende amaieran, badirudi Lekeitio harresitutako bi gune bereiziz osaturiko hiribildua zela oraindik. Baina 1504. urtean, Lekeitioko Kontzejuak Bizkaiko korrejidoreari bidalitako agiri batean irakur dezakegunez, dagoeneko hasiak ziren bi guneak batuko lituzkeen harresi berri bat eraikitzen: “La çerrca que esta començada faser, non se fisyese que estaria en grrand peligro la villa, e en fasyendo seria grrand probecho de la dicha billa”[1]. Harresiko lanez gain, moilakoak eta Isuntza zubikoak ere aipatzen dira.

Udal kontuei erreparatuz gero, badirudi eraikuntza lanak 1503an hasi zirela. Cembellinen ustez, harresi berri horrek bi herriguneak eta euren arteko espazio zabalak barnebildu bide zituen, baina ez Arranegiko zabaletik haratagoko etxerik. Arrazoiak ez daude argi ordea.

Hirugarren harresi hori eraikitzeko, pentsatzekoa da, aurrekoen trazatuko zati batzuk erabili zirela, horiek handituz eta elkarri lotuz, harresi bakarrak hiribildu osoa ingura zezan. Harresi berri hori elizaren ondotik abiatzen zen, eta Elexatea izeneko portalea elizari itsatsirik zegoen. Gaur egun ere ikus daiteke elizaren dorrean harresiak utzitako aztarna (argazkia); hori dela eta, badakigu puntu horretan bost metroko garaiera zeukala. Leku horretatik, aurreko harresiaren bide beretik zihoan, Dominiken komentuaren goialdetik. Hala ere, XIX. mende hasieran, kanposantua eliza paretik egun dagoen lekura igo zenean, bertara igotzeko bidea egiteko harresi zati hori mugitu egin zen, metro batzuk barrurantz ekarriz. XXI. mende hasieran, kanposantura igotzeko bide hori berriztu zenean, lehengo trazatuko aztarnak azaldu ziren (argazkia I / argazkia II).

Dominiken komentuaren goialdean, alderik garaienean, harresi zaharraren eta berriaren arteko lotura ikus daiteke oraindik. Toki horretan Torrezar izeneko dorrea dago (argazkia), garai hartan harresiaren parte zena. Hemendik aurrera Atearainoko harresi zatia dago (argazkia), hain zuzen, Atean portale berria eraiki zen tokira arte. Ate hori Portale zaharra edo Esperantzako Ama Birjinarena deitu izan da, eta Durangoko errege-bidera eta Atea kanpoko auzunera irteten zen bertatik.

Ondoren, egungo Abaroa etorbidean gora, talarantz zihoan harresia. Udal Artxiboan gordeta dagoen 1884ko plano batek erakusten digu bere trazatu zehatza zein zen Zumatzeta inguruan (planoa). Pascual Abaroa etorbidea egiteko erabili zen planoa da eta bertan aurreko bidearen (antigua senda) alde batetan harresia ikus daiteke.  Alde horretan beste ate bat zegoen, Zumatzetakoa. 2009an, Pascual Abaroa etorbidea konpondu zenean –Eskolapetik Ateara– harresiaren zati bat agertu zen Piñupe hotelaren aurrean (argazkia).

XIX. mendeko bigarren erdi aldean, Pascual Abaroa etorbidea eraiki zenean, eraitsi zen horma-atal hori. Zumatzetatik aurrerako trazaketa ez da ezagutzen. Arkeologoek diote gaur eguneko Eskolape ingurua sima handi bat zela, eta XIX. mendean bete zela.

Amaitzeko, eliza eta Arranegiren artean beste horma bat eratu zen, hiribildua guztiz itxiz. Baliteke egungo Uribarren kaleko lerroa jarraitzea. Horrela bazen, bere atzean ontziolak eta hondartza geldituko ziren.

 

Tipologiari dagokionez, hirugarren harresi hori era konplexuan eraiki zen, aurrekoekin alderatuz oso bestelakoa baitzen. Metro bat lodi, eta bi edo bost metro luze zen. Hiru eraikuntza mota erabili ziren, bata bestearen gaineko zatiak egiteko. Beheko zatia ondo ebakitako kareharri urdinez egin zen; hurrengoan gai bera erabili zuten, baina harri txikiago eta ez hain landuez baliatuz; azkenik, harlangaitza erabili zuten. Ez dakigu harresiak, Torrezar dorreaz gain, dorre edo gotorleku gehiagorik izan ote zuen, nahiz eta Elexateako arrastoek adarbe baten zantzuak erakutsi (argazkia).

Esan bezala, baliteke Torrezar harresiko dorretzarra izatea, baina hala balitz kasu berezia litzateke, Bizkaiko hiribilduetan ez baitzen halakorik. Bermeokoa izan liteke salbuespen bat. Pentsa dezakegu, Lumentzako magalean kokatuta egonik, agian harresiaren punturik ahulena defendatzeko eraiki zela. Izan ere, badakigu harresiari lotuta egon zela garai batean. Hain zuzen, 1897. urtean, komentuak baimena eskatu zion Udalari dorrea harresitik bereizteko, ur kantitate handia sartzen baitzen harresiaren bitarteetatik. Dolorosaren kapila ere (argazkia), hasieran Torrezarri eta harresiari lotuta zegoena, sasoi hartan kanpoko aldera eraman zuten harresiarekin batera. Ordutik, gaur egun dagoen tokian egon da.

Harresi berri hori eraiki baino urte gutxi lehenago, hiribilduan beste aldaketa garrantzitsu bat izan zen. 1490. urtean, lekeitiarrek lurraldean izan ziren zenbait sutek beldurturik, Koroari suhesi bat eraikitzeko baimena eskatu zioten: “Vn atajo de cal e canto por medio de la dicha villa, de manera que (…) s yen la vna meytad de la dicha villa se ençendiese fuego los de la otra meytad pudiesen atajallo”[2]. Ez da ahaztu behar, gainera, 1442. urtean hirurehun etxe baino gehiago erre zituen sute bat izan zela Lekeition. Ez da harritzekoa, garai hartako etxe gehienak egurrezkoak izaten baitziren.

Suteen aurkako horma hori Azpiri eta Intxaurrondo –orduan Uribarria– kaleen artean eraiki zen (argazkia), eta zati handi bat gaur arte iritsi zaigu. Metro bat inguruko lodiera eta zazpi metroko garaiera dituen hormatzarra da. Behealdean nahiko ondo landutako harlangaitzez osatua, horren gainean kareharri urdin txiki eta gutxi zaindutako harlangaitz zatiak dituena, eta goiko aldean kareharri ilun eta luzeagoa. Baliteke azken zati hori berreraikuntza bat izatea. 

Suhesiak ate bi zeuzkan, bata Trinidade kalean eta bestea San Nikolas Tolentino edo Piparren portalea zeritzana, Arranegi kalean. Horma horren eraginkortasuna ondo frogatuta gelditu zen 1595. urteko sutean, hiribilduaren hegoaldea erre arren, garrek ez baitzuen lortu beste aldera igarotzerik.

Bestalde, suhesiak beste mota bateko informazio garrantzitsua ere eskaintzen digu. Erregeari egindako eskarian horma “por medio de la villa” egiteko adierazten zen, eta izan ere, ia erdibitu egiten zuen 1325. urtean sortutako herrigunea, baina ez zen heltzen ez Kanpilora, ezta Dendari kaleko auzora ere. Beraz, ondoriozta dezakegu, arestian esan den bezala, garai hartan zonalde horrek gune bereizi bat osatzen zuela, eta Lekeitio bi nukleoz osatuta zegoela.

Hortaz, XVI. menderako sei portale zituen harresi batez inguraturik gelditu zen hiribildua, eta suhesi bat ere bazeukan. Esan bezala, suhesi horrek beste bi ate zeuzkan. Portale guztiek gauez ixten zen sarrailadun atea zeukaten, eta ikusi dugun moduan, portale bakoitzak izen bat baino gehiago zituen, bere kokapenari lotutakoa, horma-hobian zeukan irudiagatik jarritakoa eta abar.

Elexatea izeneko atea Elizari itsatsirik zegoen (argazkia), eta baliteke aterik zaharrenetakoa izatea, lehen harresiaren trazatuan baitzegoen kokatuta (irudi hipotetikoa). Dendari kale amaieran zegoen Ateako portalea, Portale zaharra, Zabalako portalea edo Esperantzaren portalea izenez ere ezagutzen zena, eta ziurrenik Esperantzaren irudi bat izan zuen horma-hobian. Zumatzetako portalea edo Iturriotzekoa, egungo Tortola eta Artolaba kaleek bat egiten duten lekuan zegoen. Apalloako edo Pietateko portaleak, berriz, egun Gallo taberna eta Laboral Kutxa dauden kantoia ixten zuen. Horma-hobian Pietateko Kristoren irudi bat zeukan. Arranegiko portalea, San Pedrokoa edo Bidaia Oneko Andre Maria izenez ezagutzen zen, eta egungo Narea eta Arranegiko zabalaren artean zegoen kokatuta. San Pedroren irudi bat zeukan. Azkenik, Guzurmendi edo Ontzioletako atea zegoen, XVIII. mende hasieran desagertu zena, udaletxea eraiki baitzen bertan. Azkenean, harresiak zituen sei ate hauez gain, suhesiak beste bi zituen: Trinidadekoa eta San Nikolas Tolentino edo Piparren portalea.

XVI. mende hasieran Erdi Arokotzat jo dezakegun azken aldaketa bizi izan zuen hiribilduak. Harresitik kanpo auzune berriak eraiki ziren. Arranegi kalea luzatu egin zen, gaur egun Ezpeleta dena sortuz, eta Atea eta Apalloa inguruan ere etxe berriak eraiki ziren.

Laburbilduz, Erdi Aroko Lekeitioren bilakaeran gutxienez bost fase identifika ditzakegu: lehenengoa, zerka zaharraz inguratutako elizatearen garaia; bigarrena, hiri-gutuna eskuratu ostean, bigarren harresia eraikitzearekin batera garatutako lehen hiribilduaren sasoia; hirugarrena, harresi barruko espazio hutsak bete –Arranegi, Trinitate eta Igualdegi– eta Dendari aldean sortutako lehen auzunea sortu zen garaia; laugarrena, suhesiaren eta hirugarren harresiaren eraikuntza eta finkatze aldia; eta amaitzeko, harresiz kanpoko azken auzuneen sorrera unea.

[1] Gonzalez Cembellin, J. M. Murallas y torres en el Lekeitio medieval. Lekeitioko Udal Artxiboa. Argitaratu gabea. 8.

[2] Gonzalez Cembellin, J. M. Murallas y torres en el Lekeitio medieval. Lekeitioko Udal Artxiboa. 7. Argitaratu gabea. 8.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia