Pietatearen Kristo Santuaren ermita edo Aita Pieleko ermita (argazkia)
Baseliza hau harresiak Apalloa inguruan zuen atearen aurrean eraiki zuten, Gernikara joateko hartu beharreko bidean. Herriguneen irteeretan egon ohi ziren ermita-guruztoki arruntetako bat da, hiribilduaren segurtasuna atzean utzi ostean, ibiltariek Jainkoari edo santuei laguntza eskatzeko azken lekua. Atean hesi bat dauka, eta bertatik, bidaiariek eguneko edozein ordutan egin zezaketen otoitz euren santu babesleen aurrean.
Pietatearen ermitaren aurrekari Kristoren irudi bat izan daiteke, 1536ean Apalloa portalearen inguruan zegoena eta gauetan argitzen zena. Hala ere, gaur egun ikus dezakegun eraikina, XVII. mende amaierakoa da. 1671. urtean, trukaketa baten ondorioz, udalerriak lurrak eskuratu zituen, eta lau urte beranduago, Pedro Agirre Maguregik mila dukat utzi zituen ermita finantzatzeko. Hasieran, baselizaren kostua 730 dukatekoa izango zela aurreikusi bazen ere, kabildoak proposatutako hobekuntza batzuek garestitu egin zituzten lanak. Inork ez zuen bostehun dukateko desberdintasun hori bere gain hartu nahi izan. Martin Zuloaga hargin arduradunak zor zitzaiona erreklamatu ostean, auzi bati aurre egin behar izan zion Udalak. XVIII. mendeko lehen laurden guztian luzatu zen gatazka hura.
Ez dakigu nor izan zen ermitaren diseinatzailea, baina eraikinaren estilo nobleari erreparatuta, Lucas Longaren esku hartzea izan zuela dirudi. Batez ere, nabarmentzekoa da aterpeko teilatuaren arotzeria lana, garai bereko jauregietako teilatu-hegalen antzekoa.
Ermita oin errektangularreko eraikina da. Aurrealdea, erdi-puntuko arku baten bitartez irekia, zehaztasunez moztutako harlanduzkoa da, moldurazio eskasekoa. Erremate gisa frontoi triangeluar trunkatua du eta, azken horren gainean, ezpataina txiki bat. Gainerako fatxadak harlangaitzezkoak dira. Esan bezala, zurgintza lana oso deigarria da: habe-kiribilduen gaineko teilatu-hegal kasetoiduna; burdin hesiko barroteak, itxura karratukoak batzuk eta torneatuak beste batzuk; burdin hesiaren taulamendua eta berau errematatzen duen landare-txartela.
Barrualdean bi tarteko habeartea du, gurutze-gangaz estalitakoa, eta ganga horien nerbioek mentsulak dituzte euskarri. Burualdean erretaula bat ikus dezakegu, XIX. mendeko bigarren hereneko altzari neoklasikoa. Hala ere, titularraren irudia askoz zaharragoa da. Irudi horrek salbatzailea erakusten du, harkaitz baten gainean, oin eta eskuak lotuta dituela. Min eta babesgabetasun espresioa dauka, eta zain dago ea noiz gurutziltzatuko duten. Flandeseko eredu jakin bati jarraitzen dio, “Kristo harri hotzaren gainean” deiturikoari. XVI. mendearen lehen hamarkadan, gure lurraldean, nolabaiteko hedapena izan zuen, bestak beste, Bilbon, Plentzian edo Ondarroan.
Titularraren irudiak alde bakoitzean taula bana du. Batean, San Anton ageri da, txerritxoarekin eta kanpaiarekin, eta bestean, Santa Ageda. Azken horrek plater bat dauka bere bularrekin, eta baita martirioaren palma-adarra ere. Biak dira tailu barrokoak; Siziliako santuaren mugimenduari erreparatzen badiogu, ziur aski, XVIII. mendekoak. Horiez gain, interes gutxiagoko beste altzari batzuk ere badaude.
1822. urtea baino lehen, baseliza horretan mahastietako zaintzaileak aukeratzen ziren, eta bertan hartzen zuen Udalak mahats-bilketa egiteko egunen gaineko erabakia.