Oso garrantzitsua zen ahalik eta azkarren jakitea balea kostaldean zebilela, urrundu orduko harrapatzeko, edota balea zegoen tokira auzoko herrietakoak baino lehen ailegatzeko. Hori dela eta, Udalek edo Kofradiek gizon bat jartzen zuten, soldata eta guzti, begirale edo talaiari lanetan. Herritarrek talaiero legez ezagutzen zuten. Kostaldeko leku estrategiko batean kokatzen zen, bertatik herria eta itsas bazter guztia ondo baino hobeto ikusteko. Udazkeneko ekinozioan hasten zen bere lana eta balea ikusten zuenean, aurretik adostutako seinalea egiten zuen. Batez ere kea edo kanpai hotsa baliatzen zituen horretarako, ez zen eta, garai hartan, modu azkar eta eraginkorragorik balearen berri emateko.
Kokaleku horiek talaia legez ezagutzen ziren. Eta euskal kostaldean badiraute oraindik hainbat toponimia adibidek: Zarautz eta Orioko herrien gainean bada Talai mendi izeneko mendi bat, Bermeoko eliza bat Santa Maria de la Atalaya deitzen da, eta, jakina, hor ditugu Lekeition San Juan Talako ermita edo Talaia izeneko mendixka ere.
Talaiariak abisua eman ondoren, pregoilariak zeharkatzen zituen herriko kale eta moilak, kofradiako kanpaien laguntzaz, danbor edo danbolinaren hotsaz arrantzaleak kaian batzeko abisua emanez. Orduan herriko haur, emakume eta gizonek ere bat egiten zuten “baliak, baliak!” oihukatuz.
Txalupak, zortzi gizonez osatuak, itsaso zabalerantz jotzen zuten kaitik. Sei edo zazpi gizon joaten ziren arraunean eta patroia popan txalupa gidatzen. Abaniko eran zabaltzen ziren balea erdian harrapatzeko. Aurrena heltzen zen txalupa balearengana hurbiltzen zen bitartean, besteek urrunxeago itxaroten zuten. Orduan, arpoilariak patroiaren seinalea entzutean, oin bat brankan jarrita, arpoia indar handiz jaurtitzen zuen balearen gorputzean sartuz.
Sastada sentitzean baleak bortizki astintzen zuen isats handia arrantzaleen bizitza arriskuan jarriz, gero urpera murgiltzen zen txalupa bere atzetik herrestan zeramala. Arnasa hartzeko berriz azaleratzen zenean, bigarren txalupako arpoilariak sartzen zion arpoia, eta horrela nekatu arte.
Balea bere kumearekin zihoanetan bigarren honi egiten zitzaion eraso lehendabizi. Izan ere, amak ez zuen inoiz kumea bakarrik uzten, eta horrela errazagoa izaten zen biak harrapatzea. Lekeitioko armarrian ere balea eta bere kumea agertzen dira, ehiza modu hori gogoratuz.
Arpoia txalupara lotzen zuen sokari ura bota behar izaten zioten, igurtziaren igurtziaz berotu eta apur ez zedin. Balea ahalik eta azkarren odolustu behar zenez, xabalinak baliatzen zituzten, balearen gorputzean sartu eta atera erabiltzen zituzten lantza luzeak. Garrantzitsua zen animalia biriketan edo bihotzean zauritzea, bestela, heriotza luze eta latza izaten zuen.
Balea hiltzean, txalupa bana jartzen zen balearen ertz bakoitzean, eta balearen azpitik sokak elkarri pasatuz animalia eusten zuten hondartza edo portura eramateko. Kaira igo behar zenetan poleak erabiltzen ziren. Behar horretarako poleez gain, zurkaitzak, eta soka lodiak behar izaten ziren, portu guztietan beti prest zegoen materiala. Txalupak ere modu bertsuan ateratzen ziren lehorrera.