Antzina, Lekeitio inguruko herri txikietan, Gabon-gauaren aurreko bederatzi egunetan kantuan irteteko ohitura zegoen. Jendea etxez etxe eta baserriz baserri ibiltzen zen kantuan, eta azken egunean diru-bilketa burutzen zen. Ohitura hori Abendua edo Marijesiak[1] izenez ezagutzen zen, eta gaur egun, Gernikan egiten denaren antza zuen.
Lekeition abenduaren 23 eta 24an baino ez zen irteten. Lehenengo egunean, herritarrak, zaharrak nahiz gazteak, taldeka edo kuadrillaka ateratzen ziren kalerik kale. Hurrengo egunean, hiru edo bost laguneko taldeetan ibiltzen zen jendea eskean, batez ere, Arranegi inguruan. Etxeetako aldabak jotzean, “kanta ala erreza?”, leloa jaurtitzen zieten etxejabeei, eta hauek atari edo leihoetatik entzuten zituzten abestiak. Kantu sorta amaitu ostean, anisa edo sos batzuk ematen zizkieten han bildutakoei. Izan ere, sarri, jende behartsua izaten zen kantuan ateratzen zena, Gabon-gauean zerbait ahoratzeko dirua behar zuena.
Azken hamarkadetan tradizio hori aldatu egin da, eta gutxi dira, jada, eskean ateratzen diren herritarrak. Gaur egun, batez ere, herriko ikastetxeetako ume eta gaztetxoak irteten dira kantuan. Oro har, abenduaren 23an izaten da, baina urtetik urtera aldatu egiten da, Gabonetako oporren arabera.
Lehenago bezala, Marijesietan Gabonetako misterioaren eta Jesusen jaiotzaren inguruko koplak abesten dira. Abesti horien ezaugarri nagusia seriotasuna den arren, kantak ederrak eta indartsuak dira. Melodien urritasunak eta etengabe errepikatzen diren hitzek erritu kutsua ematen diote eta hitzen memorizazioa errazten dute.
Neguko solstizioarekin eta eguberrien etorrerarekin batera, Marijesiek erronda-kanten aroa irekitzen dute. Aldi horrek bi hilabete irauten du, Santa Ageda egunera arte. Bi hilabeteko aro horretan hainbat erronda kanta abestu izan dira azken mendeetan, Azkuek esaterako 90 inguru bildu zituen bere kantutegian. Hala ere, abesti guztiak ez dira eskaleenak, badaude ezer eskatu gabe kristau mezua zabaltzea helburu dutenak ere.
[1] Kantu hauetan jo eta ke errepikatzen den “Maria, Jose, Jesus, Maria” lelotik omen dator “Marijesi” izena.