Taldearen biziraupena ehiza, arrantza eta bilketari lotua zegoen. Baina Paleolitoko azken aldi honetan, jada, ez zuten aurreko aroetan bezala denetarik ehizatzen, haien ehiza nahiko espezializatuta zegoen. Aztarnategietan aurkitu diren hezur hondakinen %80 orein hezurrak dira. Horrela, pentsa dezakegu, orein taldeen atzetik bizi zirela. Mugikortasun horren isla da adibidez, aztarnategi bakoitzean urtaro zehatz batean ehizatutako orein hezurrak azaldu izana.
Ekonomiaren ardatza ugaztun horien ehiza zela pentsatu izan da orain arte. Baina, Santa Katalinako koban egindako azken ikerlanek uste horiek aldatu dituzte, eta arrantzaren garrantzia egiaztatu dute. Oro har, aurkitu diren arrain aztarna gehienak amuarrain edo izokinenak diren arren, Santa Katalinan bakailao-hondarrak ere azaldu dira. Beraz, ez ziren erreka arrantzara mugatuko. Hala ere, ez dirudi itsas zabaleko arrantzan jardungo zutenik, ez baita inolako ontzi edo antzekoren aztarnarik aurkitu. Ziurrenik, agertutako itsasoko arrain espezie horiek kostaldeko putzu eta hondartzetan harrapatuko zituzten. Ehizaz eta arrantzaz gain, zenbait itsaski, landare eta fruituren bilketarekin osatzen zuten dieta.
Janariak prestatzeko sua erabiltzen zutela gauza jakina da, asko baitira erreta aurkitu diren arrain zein animalia hezurrak. Bestalde, argiztatzeko edo hotzari aurre egiteko ere sua behar-beharrezko bitartekoa zen, eta hainbat dira aurkitutako errauts-hondakinak.
Eguneroko zereginetarako beharrezko lanabesak naturak emandako lehengaiak eraldatuz prestatzen zituzten. Batez ere harrizko, eta animalia adar edo hezurrezko tresnak aurkitu dira (argazkia / kalkoa I / kalkoa II). Gaur egunera arte iraun ez duten arren, ziurrenik, zura edo animalia zuntz eta larruak ere erabiliko zituzten.
Suharriz egindako lanabesak azaldu dira gehien. Gezi puntak, hauek egiteko xafla zatiak, aiztoak, larrua lantzeko harraskak edo hezur eta adarrak moldatzeko xixelak. Horietako gehienak zur edo hezurrezko euskarriak edukiko zituzten kirten gisa. Bestetik, orein adarrez egindako azagai (argazkia) eta arpoiak (argazkia) aurkitu dira, baita jantziak egiteko jostorratzak ere.