Erretaula nagusia (argazkia)
Elizako altzariak nahiko ugariak eta aberatsak dira. Horietan garrantzitsuena erretaula nagusia da. Egurrezkoa eta polikromatua, hiru kaletan dago antolatuta. Garaiera handiko gorputza du eta atikoa erdizirkularra da, eraikinaren profilaren arabera egina. Erdikoa da kale nagusia. Bere neurriak, euskarriak eta apaindurak direla-eta, beste bi kaleen gainetik nabarmentzen da, eta gainera, nolabaiteko mugimendua ematen dio erretaula osoari. Ignacio Iberok diseinatu zuen 1759an, baina apaindura Juan Iturburu Lekeitioko arkitektoak erantsi zion. Azken horrek rokokoaren estetikan ohikoak diren arrokaia-ispiluak, errosetak, pinjanteak eta palmetak gehitu zizkion. Nolanahi ere, erretaula Domingo Larka eta Domingo Pellon Mutrikuko arkitektoek eraiki zuten, 1768 eta 1775 artean.
Informazio gutxiago dugu elizako taulei buruz. Jatorrizkoetaik titularrarena baino ez dago egun, erretaula nagusiko erdiko kalean. San Jose hau patriarka gisa ageri da, ezker besoan daukan Jesusi keinu maitekor bat eginez. Alboetako kaleetakoak, berez aldameneko beste erretauletatik mugitu ziren. Ezkerrekoa San Inazio Loiolakoa da eta eskuinekoa, berriz, San Frantzisko Xabierkoa. Irudi horiek gordetzen zituzten erretaulak Juan Francisco Unzeta eta Maria Ignacia Iturraxpe senar-emazteek ordaindu zituzten. Ez dakigu nortzuk izan ziren egileak, baina badakigu Jesusen Konpainiako fundatzailearen tailua Madrildik iritsi zela, eta San Frantzisko Xabierkoaren irudia eta erretaula Donostiatik. Horiekin batera beste bi santu jesuiten irudi garaikide ditugu, San Felipe Neri ezkerrean eta San Luis Gonzaga eskuman.
Ekisainduaren hutsunean, Andre Maria Sortzez Garbiaren tailu barroko bat dago orratz neogotikoekin errematatutako sagrario baten gainean. Gregorio Fernandezek egin zituenen irizpide berak jarraitzek ditu: aurrera begira, estatikoa, bi eskuak elkartuta otoitzean, tolestura gogorreko mantu zabala, eta ile uhindua metxoi luzeekin. XVII. mende erdialdekoa izan liteke, erretaula baino zaharragoa eta jatorri ezezagunekoa. Atikoan dagoen San Juan Batailatzailearen hasierako kokagunea ere ezezaguna zaigu. Azken tailu horrek dinamismo handiagoa dauka.