Lekeition 7.192 pertsona bizi dira eta herriak dentsitate oso handia du, 3.951 biztanle/kilometro karratuko. Emakumeak gizonak baino %4 inguru gutxiago dira. Azken urteetan, Lekeitio, eta baita Lea-Artibai eskualdea ere, beherakada demografiko nabarmen eta orokortua izaten ari dira. 2008. urtean lortu zuen gure herriak bere sabai historikoa 7.454 biztanlerekin eta, ordutik, bataz beste urteko ia 50 biztanle galdu ditu.
XX. mendearen lehen erdian, 4.500 biztanle inguru bizi ziren Lekeition. 1960 eta 1970eko hamarkadetan, estatuko beste herrialde batzuetatik jasotako immigrazioaren ondorioz, 7.000 biztanle inguru izatera iritsi zen. Ez da ahaztu behar, bi hamarkada horietan %56 igo zela Euskal Herriko biztanleria: 922.000 herritar gehiago hogei urtean. Garai hartatik goraka jarraitu zuen Lekeitioko biztanleriak, esan bezala, 2008. urtean goia jo arte.
Herri baten bilakaera demografikoa ulertzeko, immigrazio mugimenduei eta hazkunde naturalari begiratzea ezinbestekoa da. Gainera, bi faktore horiek egoera ekonomikoarekin lotuta egoten dira beti. Ildo horretatik, Lekeitiok azken urteetan izandako beherakadaren atzean hainbat zergati daudela ikus dezakegu. Horien artean garrantzitsuenak, eskutik doazen ugalkortasun tasa txikia (‰38) eta biztanleriaren zahartze progresiboa (%19,6ko tasa) dira.
2015. urtean 50 jaiotza eta 78 heriotza izan ziren, eta azken hamarkadako gainerako urteetan ere antzeko kopuruak errepikatu dira urtez urte. Kontuan izan behar da Euskal Herriak Europa osoko jaiotza-tasarik baxuena duela: Europan bataz bestekoa 1.000 biztanleko hamar jaiotza izanda, Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, 2017. urtean 8,7 jaiotza baino ez ziren izan 1.000 biztanleko. Kopuru horrek, gainera, beherakada nabarmena izan du azken hamarkadan, 2010. urtean 9,7 jaiotza izan baitziren 1.000 biztanleko.
Horrez gain, Lekeitioko adin piramideari erreparatzen badiogu, urtez urte, 65 urtetik gorakoen ehunekoa haziz doala ikusiko dugu. 2017. urtean, inoizko daturik altuenera iritsi zen zaharren ehuneko, %24ra. Euskal Herriko bataz bestekoa %21 da.
Jaiotza-tasa baxuari gazteen emigrazioa gehitu behar zaio, azken hamarkadan asko izan baitira inguruko herri edo hirietara alde egin duten gazteak. Arrazoi nagusiak etxebizitza bat eskuratzeko zailtasuna eta herrian bertan lan egiteko ezintasuna dira.
Azken urteetan itsas jarduerek –arrantzak eta arrain industriak–, eraikuntzak eta egurraren industriak izandako krisiak herrian lan egiteko zailtasunak areagotu ditu. Sektore horiek ahultzearekin batera, turismoak hartu du indarra, baina sektore horrek sortutako lanpostuak aldi batekoak eta, sarri asko, prekarioak dira.
Etxebizitza bat eskuratzea ere duela hamarkada batzuk baino zailagoa bihurtu da. Euskal Herri osoan, etxebizitzen garestitzea handia izan da, eta are handiagoa turismora bideratutako kostaldeko herrietan. Espekulazioak; udaldirako bigarren etxebizitzen eskariak; eta, udatiarren eskariaren ondorioz, alokairuek izandako bilakaerak gazteek etxebizitzarik ezin aurkitzea eragin dute.
Hala ere, azken hamabost urteetan Lekeitiok estatutik kanpoko atzerritarren emigrazio handia jaso du. 2001. urtean 145 ziren atzerrian jaio eta Lekeition bizi ziren pertsonak, eta 2017rako 622ra igo zen kopuru hori. Gainera, migratzaileak, oro har, pertsona gazteak izaten dira, ugaltzeko garaian daudenak eta horrek, nahitaez, jaiotze tasaren igoera ekartzen du. Ondorioz, immigranteek birritan eragiten dute hazkunde demografikoan. Horregatik, kanpotik etorritako pertsonen gorakada hori egon izan ez balitz, are nabariagoa zatekeen azken urteetan gertatu den biztanleria orokorraren beherakada eta populazioaren zahartzea.
Azkenik, etxebizitza kopuruari erreparatuz, familia egituraren bilakaera zein izan den antzeman dezakegu. 1900-1950 urteen artean 1.000 etxe inguru zeuden herrian, baina mende erdialdetik aurrera hirukoiztu egin da kopuru hori: 1980an 2.000 etxebizitza izatera heldu zen, eta 2010ean 3.000ra. Ondorioz, familiak lehen baino txikiagoak dira eta biztanleria sakabanatuago bizi da. Hala ere, aipatu dugun moduan, kontuan izan behar da azken hamarkadetan herrian eraikitako etxebizitza asko udaldia igarotzeko bigarren etxebizitzak direla.