Erretaula nagusiaz gain, badira horren aldean bigarren mailakotzat jo ditzakegun beste hainbat erretaula ere.
Purgatorioko Arimen erretaula (argazkia) 1785. urtekoa da, neoklazisismoaren lehen fasekoa. Bertan, sugarrez inguratuta dauden eta Karmengo Ama Birjinaren babesa eskatzen duten sei arima ikusten dira. Alde bakoitzean bi tailu ditu, eskuinean XVIII. mendeko tailu erromanista bat, eta ezkerrean, San Pedro Martiria buruan aizto bat duela.
Paduako San Antonioren erretaula (argazkia), 1787. urtean egina, bere mazoneria Francisco Ugartemendiaren lana da eta erdiko erliebea Francisco Azurmendirena. Bere ezaugarri batzuek estilo barrokoa gogorarazten diguten arren, lan neoklasiko baten aurrean gaude. Bertako tailu esanguratsuena 1489. urteko Sana Klararena da. Tailu horren beste aldean San Frantzisko dago eta XVII. mendeko irudi erromanista dela esan dezakegu. Atikoan, berriz, San Antonio dugu zaldi gainean, 1758. urtekoa.
Antiguako Andre Mariaren erretaulak (argazkia) basilikako irudirik maitatuenetakoa gordetzen du ezbairik gabe. Tailu erromanikoa da, Haurra eta Ama ageri dira, eta hasieran elizako titularra izan zela uste da (argazkia). Antiguako abizena hartu zuen kale nagusiko eskultura gotikoak ordezkatu zuenean. 1959. urtetik hona bere esku daude herriko patronatua eta artzapeztegia, eta 1960an handikiro koroatu zuten. Tailu monolitiko bat da, irudi erromanikoen gisan hieratismoa eta frontaltasuna islatzen dituena. Hala ere, Haurrak Mariaren ezker belaunean desplazatzeko duen moduak eta Ama Birjinak eskuarekin Jesusi sorbaldan egiten dion babes keinuak beranduagoko kronologia islatzen dute, XII. mende amaierakoa. Kondaira baten arabera, VIII. mendean agertu zen Isuntzako hondartzan, egungo elizapetik metro gutxira, elorri zuri batean bildurik.
San Pedroren erretaulak Marinelen Kofradiarekin zerikusia du eta urte luzez berau izan zen erretaula honen jabea. San Pedro aita santu bezala ageri da, zaharkitutako eredu bat jarraitzen du, XVI. mende amaierako erromanismoan oinarritutakoa (argazkia). San Pedroz gain, San Roke, San Andres, San Nikolas eta Salesko San Frantzisko ere ageri dira.
Jaunartze-mahaiaren erretaula girolaren erdiko espazioan dago kokatuta eta estilo neogotikoa jarraitzen du (argazkia). Erdian Azken Afariko Eukaristiaren Kontsagrazioaren erliebe polikromatua du, eszena horretako topikoak erakusten dizkiguna. Aldeetan eta atikoan, Ama Birjinaren, Haurraren, San Joseren eta Jesusen Bihotzaren irudi edulkoratuak daude; guztiak XX. mendekoak. Aipatzekoa da, aldare horren aurrean eta presbiterioaren atzealdean Pascual Abaroaren mausoleoa dagoela, 1934. urtean eraikitakoa. Urte horretan eraiki zen, plazako Pascual Abaroaren irudia ere, Udalaren enkarguz Moises Huerta eskultoreak egina. Eremu horretan, Baionatik ekarritako 1814. urteko kristalezko eta urrezko argi-armiarma ederra gailentzen da.
San Paskual Bailonen erretaula neogotikoa XIX. mendeko erreformatik kontserbatu den erretaula bakarra da. Erdiko kale nagusian titularraren irudia dago, San Paskual Bailon hunkitu keinuarekin eta hodei batzuen gainean. Alde bietara San Sebastian eta Santa Katalina daude, XVI. mendeko tailu interesgarriak. Gainean, XVIII. mendeko San Inazio Loiolakoa eta San Frantzisko Xabierrekoaren irudiak ditugu. Erretaula horren aurrean, 1854ko harmonium bat dago.
Azkenik, epistolaren habeartearen burualde zaharrari dagokion espazioan San Migel Goiaingeruaren erretaula dugu (argazkia), 1758. urtekoa. Erdiko erliebean bera ageri da deabrua zapalduz. Deabrua Erdi Aroan irudikatzen zuten moduan ageri da, mintzezko hego txiki eta buztan luze kiribilduaz. Alboko kaleetan San Joan Sahangungoa eta San Rafael Goiaingerua daude. Goian San Martinen irudia dago.