Saltatu nabigazioa

5.4.3.1.- Uriarte jauregia

Erdi Aroan dorretxea izan zen Uriarte jauregia. Bere gaineko lehen testigantza ziurrak 1510. urtekoak dira, eta ordutik badakigu jabe bat baino gehiago izan dituela. Horien artean, Beingolea leinua. Horiek urte luzez izan zuten Uriarte dorrearen jabetza eta hainbat erreforma garrantzitsu burutu zituzten.

XVI. mendetik aurrera, egonkortasun politikoa areagotu ahala, hainbat erreforma jasan zituen ordura arteko funtzio militarra galduz. Besteak beste, defentsarako elementuak galdu zituen, harresien lodiera murriztu zen, eta leiho handiagoak ireki ziren. Hala ere, XVII. mende amaieran jasan zuen eraldaketa garrantzitsuena, burututako lanen ondorioz, gaur egun duen jauregi barroko itxura hartu baitzuen.    

Silverio Beingoleak bere estatusari zegokion jauregi bat egin nahi izan zuen, eta Uriarte zaharberritzeko, Lucas Longa arkitektoa kontratatu zuen. 1678. urtean hasi ziren berrikuntza lanak eta urte amaierara arte luzatu ziren. Jauregia aurreko gotorlekuaren gainean eraiki zen, baina azken hori guztiz suntsitu gabe. Izan eren, dorretxe zaharra eraikuntza berriez inguratu zen, berau jauregiaren barruan geratuz. Horren ondorioz, gaur egun, Uriarte jauregiaren barruan, Uriarte dorrearen horma zati batzuk ikus daitezke. Adibidez, beheko aldean dorrera sartzeko ate zahar bat mantentzen da, jauregiaren hormak estaltzen duena.

Lucas Longaren lanen ondotik, Lekeitioko eraikin pribaturik garrantzitsuena bihurtu zen jauregia. Zalantzarik gabe, eraldaketa horretatik interesgarriena fatxada nagusia da, Uriarte jauregiaren elementu bereizgarriena baita. Hiru solairu dituen jauregiak bertan du sarrera nagusia, eta harrizko eskailera dotore batetik hel daiteke bertara. Eskailera horrek harlanduzko baranda ederra eta alde bakoitzean pilastra toskanar bana ditu. Sarreran kolomez osatutako hiru arkuko ataripe bat dago eta horren gainean beste hiru arku daude, galeria bat osatuz. Goiko hiru arkuetan erdikoa estalita ageri da, erdian armarri handi bat duela, eta beste biek kristalak dituzte. Armarriak estilo barrokoa jarraitzen du, eta dituen ikurren artean Beingolea, Txurruka, Olaeta, eta Olano leinuen zigiluak ageri dira (argazkia). Teilatuko dorrea geroagokoa da, eta ez du zerikusirik antzinako dorretxearekin.

Herrirantz zabaltzen den harrizko eskaileraren bolumenak, ataripearen sakontasunak eta arkuen moldura mardulen potentziak, hormaren planoa hausten dute eta argi-ilunen joko bikaina eskaintzen dute (argazkia). Joko hori ikusgarriagoa izango zen, ziurrenik, goiko galeria ere zabalik zegoen garaian. Fatxada nagusiaren ardatza, beraz, harrizko eskailerak, aterpeak, goiko galeriak eta dorreak osatzen dute.

Elementu horiek ez dira ohikoak gure lurraldean, are gutxiago guztiak batera. Hori dela eta, esan dezakegu, XVII. mendeko euskal arkitekturako adibide berezienetako bat dugula Uriarte jauregia, benetan konposizio interesgarria daukan eraikin barrokoa.

Atzeko fatxada geroagokoa da, 1727koa ziurrenik, eta Pedro Bernardo Villareal de Berrizek agindu zuen eraikitzea. Hegalak orturantz luzatu ziren eta 7,5 metroko arku handi baten bidez lotu zen. Arku horrek beheko solairua eta lehenengoa hartzen ditu eta harlanduzko lana da. Bere gainean bao errektangular bat zabaltzen da, halaber, arkuaren erditik gora ere bao bat ageri da. Bao horiek eraikinaren barruko jangela eta egongela argiztatzen dute. 

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia