Asterrikako frontea, Lekeitioko atzeguardia eta kostaldeko ihesa[1]
Gipuzkoako frontea bost sektoretan zegoen banatuta, Lekeitio, Markina, Eibar, Elgeta eta Elorrio, eta Vidal koronela zen guztien burua. Berriatuko frontea Lekeitioko sektorean zegoen kokatuta, eta ondorioz, erabaki militarrak Lekeitioko komandantziatik hartzen ziren. Gerrako sektoreetako herrietan buru-militarrek agintzen zuten, eta horien aginduetara zeuden tokiko agintari politiko nahiz administratiboak.
Lekeitioko sektoreak komandante asko izan zituen. Horietako bat Ledesma Guardia Zibileko tenientea izan zen, baina ez zuen askorik iraun, 1937ko otsailean frankisten aldera pasatu baitzen Markina eta Lekeitioko fronteei buruzko informazio garrantzitsua eramanez. German Ollero Morente Guardia Zibilak ordezkatu zuen.
Buru militar horien azpian plaza-delegatuak zeuden. Hauen zeregina sektorea osatzen zuten herrietan ordena publikoa ezartzea zen, baita elikagaien banaketak antolatzea, eta espioien aurka aritzea ere. Zibilekin zerikusia zuten gaien ardura izan ohi zuten nagusiki. Gerra abiatu zenetik 1937ko apirilera arte, Santiago Meabe izan zen Lekeitioko eta Markinako fronteetan agintari politiko-administratibo gorena. Bilbon jaio arren, Lekeitiokoa zuen familia eta ondo ezagutzen zituen eskualdea eta bertako jendea.
1936ko azarotik aurrera, Lekeitioko komandantziatik aginduta, gudari, miliziano eta zibil boluntarioek lubakiak eta gotorlekuak eraiki zituzten Milloin, Kalamendin eta Asterrikan. Agintari eta herritarrek frankistei aurre egiteko behar ziren azpiegitura militarrak sortzeko eta antolatzeko ahaleginak egin zituzten. Fronteko lerroa arantzadun alanbrearekin itxi zuten eta puntu estrategikoetan kanoiak jarri zituzten. Horrez gain, hainbat baserri bereganatu eta kontrol postuak eta fronteko gudarientzako bizitokiak eraiki zituzten.
Lehen lerroan ez ezik, atzeguardian ere azpiegitura militarrak antolatu zituzten. Lekeitioko fronteko soldadu errepublikazaleentzako kuartelak Lekeitioko Konpainiako elizan, Abaroa jauregian, Xemeingo Urberuaga bainuetxean eta Zubieta jauregian ezarri zituzten. 1936ko irailean hartu zuten Zubieta jauregia kuartel bihurtzeko erabakia. Maria Adan de Yarza jabea behartu egin zuten bere jabetza lagatzera eta bere ondasun guztiak Bilbora eraman zituen, tartean Goiaren hiru margolan. Izan ere, fronteko soldaduek txandaka burutzen zituzten guardiak. Egun batzuk Milloi, Kalamendi edo Asterrikan eman ostean, kuarteletara jaisten ziren atseden hartzera. Komandantzia, berriz, Arostegi etxean ezarri zuten, Santa Maria elizaren aldamenean dagoen jauregian.
Soldaduentzako kuartelak ez ezik, Lekeition gerrarako beste azpiegitura batzuk ere sortu zituzten: autoak konpontzeko eta gordetzeko garajeak, armategiak, kanoiak gordetzeko tokiak eta abar. Fronteko sektore horretako odol-ospitalea ere Lekeition zegoen, hain zuzen, Uribarren jauregiaren beheko solairuan (argazkia). Ospitaleko mediku burua Jose Maria Galarza izan zen, zuzendaria Luis Maria Zeniga eta praktikantea Jose Antonio Rodrigo. Ospitale horrek guztira 68 lagunentzako tokia zuen, eta herriko emakume askok jardun zuten erizain lanetan. 1937ko apirilaren 27an, ihes egin aurretik, errepublikazaleek su eman zioten jauregi horri eta guztiz txikituta gelditu zen. Frankistak herrira sartzean, bertan lanean aritutako emakumeak zigortu egin zituzten.
Oro har, badirudi nahiko ondo prestatu zirela errepublikazaleak, frontea geldirik egon baitzen negu hartan. Hala ere, ez zen nahikoa izan etsaiari eusteko. Honela deskribatu zuten frankistek eurek errepublikazaleen defentsa lerroa: “Sección de Lequeitio: la posición de las tropas en esta Sección no es mala, aunque la fortificación no es muy eficaz y la obra no es completa”[2].
Esan dugun moduan, batailoi errepublikazaleek joan eta etorri egiten zuten frontetik. Gerrako lehen lerroan aste batzuk egin eta errebelatu egiten zituzten atsedena hartzeko. Hori dela eta, asko izan ziren Lekeitioko frontean denboraldi bat egin zuten batailoiak. Batailoi horien aurretik, baina, ez da ahaztu behar, herri-miliziak aritu zirela frankisten aurka gerraren lehen hilabeteetan. Adibidez, 1936ko uztailean, gerra piztu eta berehala, jeltzaleek gazteak mobilizatzeari ekin zioten. Eskualdeko hainbat boluntariok eman zuten izena orduan, gerora Itsasalde batailoia izango zenaren aurrekari zen milizia eratzeko.
Lekeitioko frontean aritutako batailoietatik honako hauek nabarmendu behar dira: ANVko Olabarri eta Euzko Indarra; EAJko Arana-Goiri, Saseta, Kirikiño, Irrintzi Mungia, Itsasalde, Abellaneda, Gordexola, Itxarkundia, eta Amaiur; UGTko Indalecio Prieto, Gonzalez Peña; eta JSUko Castilla eta Cultura y Deporte.
Lekeitioko eta inguruetako herrietako seme askok borrokatu zuten Eusko Gudarostean, boluntario gisa edo behartuta. Izan ere, hasieran gerrara boluntarioak bakarrik joan ziren arren, 1936ko urri eta azaro bitartean, Eusko Jaurlaritzak 1932-1935 urteen arteko kintak deitu zituen, eta frontera joatera behartu zituen gazteak. Abenduan 1931ko eta 1936koei ere deitu zieten, urtarrilean 1937koei, eta hortik gutxira, hemezortzi eta 45 urte bitarteko gizonezko guztiei, dekretu bidez, Defentsa Sailaren kontrolpean zeudela jakinarazi eta Bizkaitik irteteko debekua ezarri zitzaien.
Hortaz, 1936tik 1937ko apirilera bitartean, hainbat izan ziren Eusko Jaurlaritzak borrokara eraman zituen inguruko herrietako gazteak. Gerran lekeitiar gudariak fronte guztietan ibili ziren, bai lehorrean, bai itsasoan. Gerra amaitu ostean ere, gudari haietako batzuk Euzko Naia erakunde paramilitarrean, edo II. Mundu Gerran nazien aurka borrokan aritu zen Gernika batailoian parte hartu zuten. Esaterako, Hilario Erkiaga gazteak.
Hala ere, ideologia tradizionalista edo monarkikodun gazte batzuk ezkutatu eta frankisten aldera igaro ziren. Ez dakigu Lekeition erreketeen talde antolaturik egon zen, baina badakigu Ondarroan eta Markinan izan zirela horrelakoak. Altxamenduaren aurretik 40 bat ondarrutar gazte entrenatzen aritu ziren eta armak ere bazituzten; Markinan eta Xemeinen ere bazegoen talde txiki bat. Ez da ahaztu behar, Bizkaia osoan militarki trebatutako 3.200 errekete inguru egon zirela. Adibidez, Durango aldean berrehun errekete baino gehiago pasatu ziren altxatuen aldera.
Errepublikaren alde borrokan ibili zirenetako asko Bilbo inguruan edo Kantabrian atxilotu zituzten 1937ko ekainetik abuztura. Horietako asko, langileen batailoietara, espetxera edo nazionalen alde borrokatzera bidali zituzten. Ondorioz, hainbat izan ziren bando nazionalarentzat Espainian zehar bortxazko lanetan ibilitako lekeitiarrak, edo Francoren aldeko batailoietan borrokatu behar izan zutenak. Gehienek urteak egin zituzten jaioterritik kanpo, lehenengo frontean eta gero soldaduskan.
Fronteak geldi iraun zuen bitartean, frankistek Ondarroan eta Berriatuan antolatu zuten euren egoitza, kuartel nagusia Deban egon arren. Neguan, batez ere Nafarroako errekete eta falangistez osatutako lau brigada egon ziren gudu-zelaia zaintzen. Apirilean Piazzoni jeneralaren Gezi Beltzak izeneko brigada italiar-espainiar mistoak hartu zituen horien posizioak. Brigada horrek sei batailoi eta artilleria talde bi zituen, eta guztira 8.000 soldadu. Horrez gain, makina bat hegazkin zituzten Lasarte, Gasteiz, Logroño, Burgos eta Soriako aerodromoetan ofentsiban laguntzeko.
Frankistek ere hainbat lubaki eraiki zituzten Txindurrimendin, Legarreimendin eta Asterrikan. Hala ere, alde honetakoak bestekoak baino sakonera eta babes gutxiagokoak ziren, itxura denez, zeuden posizioetatik aurrera egingo zuten ustea baitzuten.
Alde bateko zein besteko soldaduak hil ziren Lekeitioko frontean. Errepublikazaleen aldeko datuak argiago daude, bai baitakigu 20 gudari hil zirela borroketan. Bando nazionaleko hildakoen kopurua ere antzekoa izan zela pentsa daiteke. Beraz, ziurrenik 40-50 soldadu inguru hil ziren fronte honetan. Datu horietan oinarrituta, badirudi beste fronte batzuetan baino arrisku eta bortizkeri gutxiago egon zela hemen, eta jende gutxiago hil zela.
1937ko otsailean agintari frankistek bota egin zituzten abertzale eta ezkertiarren senideak Ondarroa eta Zumaiatik. Hain zuzen, otsailaren 11, 13 eta 14an 167 pertsona kanporatu zituzten Ondarroatik, gehienak emakume eta umeak. Ihes eginda zeuden abertzale ezagunen senitartekoak ziren guztiak. Kostako bidetik, oinez heldu ziren Lekeitiora, Atxazpi inguruan zegoen gerra lerroa zeharkatuz (argazkia). Behin muga pasata, soldadu errepublikazaleen laguntza jaso zuten. (argazkia I / argazkia II)
Jendea kanporatuz errepublikazaleen morala jaitsi nahi zen. Gainera, baziren arrazoi estrategikoak ere, abertzaleen senideak arriskutsuak baitziren, beste bandoko soldaduei informazioa pasatzea ez baitzen hain zaila.
Ondarrutarrekin batera zumaiarrak ere kanporatu zituzten. Senideren bat alde errepublikarrean zuten 256 zumaiar Saturrarango gainera garraiatu, eta handik oinez gurutzatu behar izan zuten gerra-frontea. Asterrika inguruan egin zuten bat errepublikaren aldeko indarrekin. Hortik Lekeitiora eraman zituzten autobusez.
Zazpi hilabetez frontea geldi egon ostean, 1937ko martxoaren amaieran Bizkaia menderatzeko ofentsiba hasi zuten altxatuek. Eraso horren baitan hegazkinez egindako lehen bonbardaketa handia Durangoren aurkakoa izan zen, martxoaren 31an. Bertan hegazkin italiarrek 259 zibil hil zituzten. Lekeitioko frontea ere, aurreko udazkenean bezala, hainbat aldiz bonbardatu zuten, eta hainbat gudari, miliziano eta zibil hil ziren. Apirileko bonbardaketa horietako batean hil zuten, esaterako, Juan Domingo Arriola Berriatuko alkatea ere. Lehen lerroaren nahiz atzeguardiaren aurkako eraso horiekin frontea ahuldu eta Bizkaian sartzea zen frankisten xedea.
Ezkutuko Amandrea (2015) liburuan jasota geratu dira bonbardaketa horiek bizi izan zituztenen testigantzak. Francoren indarrak herrira sartu orduko aire bidezko hainbat eraso izan ziren. Auzo bakoitzak bonbetatik babesteko prestatutako guneak zituen. Kanpai-hotsa entzun ondoren, Garratxako kobara, Ganboareneko txaletaren azpiko kobara, zubiaren albokoetara eta beste hainbatetara jo ohi zuten lekeitiarrek. Ezkutaleku haietan adin guztietako herritarrak elkartzen ziren. Leku estuak ziren, umelak eta hotzak. Lumentza gainean berriro ere bandera zuria ikusi arte, bertan igarotzen zituzten orduak, eta sarritan egun osoa.
Bizkaia babesten zuten beste fronteetan ere mugimendu asko izan ziren apirilean. Adibidez, apirilaren 24an, armada frankistak Intxortako lerroak gainditzea lortu zuen. Markina eta Lekeition zeuden gudariek bazuten garaipen horien berri eta, ondorioz, morala oso baxua zen. Apirilaren 25eko iluntzean, Markina eta Lekeitioko fronteetan borrokan ari ziren soldadu batzuek –baita erantzukizunak zituzten abertzale eta ezkertiarrek ere– ihes egiteko agindua jaso zuten, Francoren soldaduak laster sartuko zirelako. Frankistak Durango eta Zaldibarren zeuden ordurako, eta inguratuta geratzeko arriskua zuten batailoiek. Horrela, Lekeitio eta Markinako fronteko soldaduek euren posizioak uzteko agindua hartu zuten. Ihes egin aurretik, armak eta munizioak bildu zituzten eta eraikuntza militarrak apurtzen saiatu ziren.
Markina eta Lekeitioko frontea desegiten ari ziren momentuan, apirilaren 26an, Heinkel 51 markako ehiza-hegazkin alemaniarrek Munitibar bonbardatu zuten, ordu batzuk geroago Gernika txikituko zuten berberek. Apirilaren 28an sartu ziren gezi-beltzak Lekeition. Frankisten errepresioaren beldurrez hainbat izan ziren, aldean ahal zutena hartuta, Bilbo alderantz eta geroago Kantabria edo Asturiasera ihes egin zuten lekeitiarrak. Asko, mugaz beste aldera ere joan ziren itsasontziz. Senideengandik bananduta igaro behar izan zuten askok erbestealdia. Itzulera ere ez zen samurragoa izango, gehienek euren etxe eta ondasun apurrak konfiskatuta aurkitu baitzituzten.
Hala ere, hainbat herritarrek ez zuten aukera hori izan eta mendeku gogorrena pairatu zuten. Adibidez, emakume asko atxilotu egin zituzten eta etxe-kartzela zeritzonean egon ziren preso, gaur egungo Itsasalde tabernaren gaineko etxeetan. Kartzela-zigorraz gain, ohikoak izan ziren emakumeen aurkako ile-mozketak, errizino-olioa edanaraztea eta kalerik kale irain eginez erabiltzea. Gizonezko asko ere zigortu egin zituzten, arestian aipatu bezala, kontzentrazio-esparruak, derrigorrezko lanak, kartzela, kanporaketak eta abar pairatu behar izan zituzten. Gizon-emakume horien kontrako salaketak herriko jendeak egindakoak izan ohi ziren gainera.
Beste batzuek heriotza zigorra jaso zuten. Adibidez, Jose Leturia Aranbarri jeltzale eta ordena publikoko komisarioa 1938ko martxoaren 11an fusilatu zuten 35 urte zituela. Patu berbera izan zuten Anizeto Malaxetxebarria Iza, Damiel Garamendi Aierdi eta Nicolas Oruek ere. Zorte hobea izan zuen, zorionez, Paul Seijo Endeiza EAE-ANVko Olabarri batailoiko tenienteak, atxilotu eta kartzelaratua izan arren, 1943an libre atera baitzen.
1936-1939 urteen artean, bando errepublikazalean fronte ezberdinetan borrokan aritu eta zendu ziren lekeitiarren zerrenda luzeagoa izan zen tamalez, 46 ingurukoa: Juan Aboitiz, Nicolas Aboitiz, Enrique Akordarrementeria, Jose Martin Atxurra, Victor Alegria, Sandalio Anakabe, Jose Maria Antxustegi, Rafael Araluze, Jose Aranbarri, Fabian Arteagabeitia, Francisto Arrasate, Andoni, Domingo eta Pedro Bengoetxea, Antonio Zinkunegi, Luis Txakartegi, Jesus Txopitea, Jose L. Etxaburu, Carlos eta Jesus Egileor, Francisco Erkiaga, Pedro Ergiaga, Jose Ezkurza, Marcelo Gogenola, Nicolas Goitia, Jose Gezuraga, Juan Gezuraga, Jose M. Zurrieta, Enrique Lopez, Victor Lopez, Sabino Madariaga, Antonio Murelaga, Domingo eta Paulino Osoro, Daniel Ozaeta, Leandro J. Ozkorta, Ambrosio Sarasola, Juan Ugarteburu, J.M. Uriarte, Domingo Uribarren, Joaquin Uribarren, Jose F. Urresti, Rafael Uskola, Bruno Zarragoitia, Pablo Zarragoitia eta Asencio Zugadi[3].
[1] Atal hau egiteko batez ere “Juaristi, P. 2014. Gerra Zibila Berriatuan eta Lekeitioko frontean. Berriatua Berrezarkuntzan, II. Errepublikan eta Gerra Zibilean. UPV-EHU.” laneko testua hartu dugu oinarritzat, zenbait kasutan moldatuta edo laburtuta, eta beste batzuetan informazio osagarria gehituta.
[2] Juaristi, P. 2014. Gerra Zibila Berriatuan eta Lekeitioko frontean. Berriatua Berrezarkuntzan, II. Errepublikan eta Gerra Zibilean. UPV-EHU: 133.
[3] http://blogs.deia.com/rincondelproteston/2013/03/13/acto-de-betiko-lagunak-en-lekeitio/