Saltatu nabigazioa

7.1.4.5.- Balearen atzetik Ameriketaraino

Arestian esan bezala, Ternura ailegatzean –hasieran bakailaotan– Kantauri itsasoan bakarrik ibiltzen zen balea, han taldeka batzen zela ikusi zuten. Aurkikuntza horrek interes handia piztu zuen Euskal Herriko dirudun eta arrantzaleengan. Hori dela eta, berrehun ontzitik gora jarri ziren abian Ternuara bidean. Eskifaiak 45-75 inguru marinel izaten zituen. Itsasontziak handiak ziren: galeoi eta karabelek, geroago bakailao arrantzan edo larru eta kastore merkataritzan arituko zirenak, ehun tona zituzten. Eta baleontzi handienek seiehun tona.

Koipea urtu eta etxera ekartzeko labeak eraikitzen zituzten Euskal Herritik eroandako materialarekin –teilak eta abar–, eta horien alboan, moila eta txabolak arrantza denboraldirako. Hondartza edo itsasadar egokienak aukeratzen zituzten horretarako. Bizileku hori eraikitzeko tokia aukeratzean, itsasontziaren masta jartzen zuten itsasontziaren beraren izenarekin eta lekura heldutako datarekin. Hori nahikoa izaten zen gainerako arrantzaleen onarpena izateko. Koipea laurehun liberako kupeletan ekartzen zuten, eta pisu hori ondo orekatzeko ontziak hiru estai zituen. Izan ere, ez ziren gutxi izan pisua txarto orekatu eta hondoratu ziren galeoiak. Bueltan koipez beterik zetozen kupelak, Ameriketara bidean, urez edo sagardoz beteta eramaten zituzten.

XVI. mendean, Lekeitio Euskal Herriko portu nagusietako bat izan zen, eta parte hartze handia izan zuen Ternuako arrantzan. Dokumentuak aztertuz gero, ikus dezakegu 1530eko hamarkadarako hainbat lekeitiar izanak zirela ur horietan arrantzan. 1531n P. Ruiz de Avitera lekeitiar eskribau eta kapitaina Mutrikuko ontzi batean joan zen bertara. 1532an Lekeitioko ontzi bat joan zen, Juan Bergara eta Nieto medikuarena. Horixe da elizako liburu kontuetan agertzen den lehen bidaia aipamena –“byaje de bacallaos”–. Kofradiako dokumentazioan, berriz, 1533ko aipamenak ditugu eta horietan Terranoba hitza aipatzen da: “Los naos o nabios o carabelas que de adelante fueren a la pesca de yrlanda o aran o Tierra noba”[1].

XVII. mende amaiera eta XVIII. mende erdialdearen artean, alturako arrantzara bideratutako hamahiru ontzi zeuden herrian. Hala ere, horietatik guztietatik bi baino ez ziren balea-ehizan aritzen, beste guztiak bakailaotan jarduten baitzuten. XVII. mende erdialderaino, gutxi gorabehera, 159 lekeitiar aritu izan ziren zeregin horietan –horietatik 56, bertan edo bueltako bidaian hil ziren–, baina hamarkadek aurrera egin ahala, eta batez ere hurrengo mendean, beheranzko joera argia izan zen.

Hala ere, 1720ko hamarkadan igoera txiki bat bizi izan zen. Urte horietan 70 bat lekeitiar aritu ziren Ternuan, herriko arrantzaleen %33 alegia. Horietatik %75 balea-ehizan eta beste %25 bakailaotan. XVIII. mendetik aurrera, Utrecheko ituna zela eta, Lekeitioko baleontziak ere Frantziako banderarekin irten behar izan zuten Ternuara. Mende erdialderako bost baino ez ziren eta, gainera, Iparraldeko armadoreek kontratatutakoak guztiak. XVI. mendeaz geroztik, lekeitiar asko ibili zen Lapurdiko ontzietan arrantzale.

Gaztelak Frantzia eta Ingalaterrarekin zituen gudek beraien eragina izan zuen baleazaleengan. Hala sortu ziren itsaslapur edo kortsarioak. Eta horren aurrean baleontziak kanoi eta iskiluz hornitu behar izan zituzten. Eta gainera, sarritan, armadan ere zerbitzatu behar izaten zuten. Adibidez, badakigu, 1718an Jose Mendieta lekeitiarrak bere San Juan Bautista itsasontzia artilleriako bi kanoiz eta hemezortzi fusilez hornitu zuela Ternuara joateko.

[1] Iturbe, A. 2016. “Tierra fria”. Kurik. Ate zulotik ikusten da Lekeitio. 2, 34-49. Lekeitio: Lekeitioko Udala. 39.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia