Saltatu nabigazioa

9.1.2.1.- Fonologia

Bokalak:

  1. a + a > ia (<ea). a bokalarekin amaitzen diren berbei singularreko artikulua gehitzen zaienean ia bihurtzen dira: kaiñaberiáas (30), denporía (31), domekía (63), neskia (121), gixa[x]ía (127). Arau emankorra eta indartsua da, eta berba berri gehienetan gertatzen da. Esate baterako, transkripzioan agertzen dira hauek biak: tuertiá (122), arkiá (129).

           Bilakaera honen eremua, mendebalaz gain, Urolaldeko Azpeitia eta Azkoitia aldera, Goierri osora eta Nafarroako Burunda eskualdera ailegatzen da.

  1. Hiatoetako bilakabideak. Bizkaiko sortaldeko bilakaera hauek indartsuak dira, transkripzioko adibideetan ikusten den bezala mailegu berrietan ere gertatzen dira eta: tuertiori (126), ka[x]oiori (133), radijórik (3)

    1. e + a, e, o > ia, ie, io disimilazioak: aldian (4), biarra (19), illartían (25), bestía (26), jutía (29), bidian (38), dabenían (54), bileukíe (92), emakumiori (125), tuertióri (126), ka[x]oiori (133).

    2. o + a, e, o > ua, ue, uo disimilazioak: eseuan (3), geijookúak (11), jibosúak (27), engotzolakuan (36), juan (69), kurtzijuáas (135), ondúen (37).

    3. i + a, e, o > ija, ije, ijo: argija (3), errija (11), egíjak (15), istoríjak (16), bíjak (19), jakija (30), aparija (30), ekijéna (10), bijetátik (116), geijénak (138), radijórik (3), jaijokéran (24). Mendebalean eta erdialdean ez dira ohikoak goranzko diptongoak eta hori apurtzeko txertatzen da kontsonante epentetikoa. Baina, hiru bider agertzen den kontradibide bat dago transkripzioan: gustia (93), bustiári (90), bustia (98). Ez dakit berba honekin zer gertatzen den, baina sarritan erabiltzen da kontsonante epentetiko barik.


  2. Ikusi ditugun e + a > ia eta a + a > ia bilakaeren eraginez, sarritan berdindu egiten dira NOR singularrean e eta a amaiera duten berbak berranalisi okerrez: labe + a > labia bezala, gauza + a > gauzia esaten da. Horregatik, gauzia berba gauza-tik datorrenez, labia laba-tik datorrela uste da. Hona hemen adibide batzuk: lora, kuma, basurda, landara, untza, odolosta. Transkripzioan ere andra (111) daukagu.


  3. Testuinguru morfosintaktiko batzuetan bokalak guztiz asimilatzen dira. Bilakaera hau oso arbitrarioa da, testuinguru morfosintaktikoa bera izan arren, beti ez da gertatzen eta.

    1. Berbaren bati artikulua edo atzizkiren bat gehitzerakoan: etxíitan (2), kaliin (5), bestíik (19), denporii (29), do orduun (7), jibosúuk (19), partúun (24), sakutxúutan (44), suluu (45), señerúuna (92), urtekotzolakuun (101).

    2. Aditzetan: siñiin (8), giñiin (9), siriin (13), badoii (37), doii (112).

    3. Berba biren artean. Aditz nagusiaren eta laguntzailearen artean (batzuetan partizipio perfektuaren -n galdutakoan) adibidez: jo oban, ja abesen, artu ubasan. Baina baita beste berba batzuen artean ere: do orduan (5), asko oote san (42), do ori (56).


  4. er > ar. Dardarkarien aurrean e letra batzuetan a bihurtzen da: edárrak (106), bardiñ (73), barríjak (96). Hau, hala ere, garatu bako araua da. Hau da, hitz gutxi batzuetan baino ez da gertatzen.


  5. Berba jakin batzuk u- daukate hasieran i- orokorraren ordez: urten (35), ule (122), upíñak (119). Garatu bako araua da hau ere.

  6. -ain orokorragoaren ordez -an dago berba batzuetan: espan / ezpain, san / zain. Transkripzioan ere badago adibide bat: ganéra (111) / gainera. Hau ere garatu bako arau bat da.


Kontsonanteak:

  1. s eta tz-ren mesedetan neutralizazioa gertatu eta txistukariak lautik bira igaro dira: z > s eta ts > tz. Hau mendebaleko eta Gipuzkoa iparraldeko ezaugarria da: seláko (104), lusiáas (112), sárrak (1), eseuan (6), gusúrrak (15), pentzáten (36) abotza (48), eutzen (122), néutzen (90).

  2. [j] bokalerdiaren ondoren z > x eta tz > tx bustidura berezia gertatu da, gainera, sarritan bokalerdi hori galduz: naix (66) eta nas (68), goixétik (70), elixa (136), iños (<iñox) (135), átxa (98). Mendebaleko arau izan bazen ere, gaur egun ihartuta dago.


  3. i bokalak ere z > x aldatu du: ixángo (14), gixonori (57), bixi (102), tabixela (107), ixena (122). Bizkaiko arau hau, ordea, emankorra da eta berba berrietan ere gertatzen da: palixía, rixúa.


  4. Asimilazio bustidura indartsua dago: in > (i)ñ, il > (i)ll, it > (i)tt, ild > ildd, ilt > iltt, ind > indd eta int > intt: upiñ (1), telebisiño (3), báiña (6), bonbílla (4), illunetan (4), mutill (43), bilddurra (34), ixilddúten (53), eíñdda, sein dda (92). Bilakaera hau Bizkai ekialdekoa, Araba iparraldekoa, Gipuzkoakoa eta Nafarroa iparraldekoa da.

    Hala ere, Lekeition eta Euskal Herri osoan, adinean behera egin ahala galtzen dagoen bilakaera da. Gazteek in > (i)ñ eta il > (i)ll egiten dute, baina, id > dd egin ordez, id > ij (injar, eta ez inddar) egiten dute, eta tt bustidura tx bezala ahoskatzen dute (Lekitxo, eta ez Lekitto). Lekeition, 50 urtetik gora dutenengan dago muga eta, batez ere, emakumeengan. Hala ere, gure hiztunak, nahiz eta 84 urte izan, ez du tt ahoskatzen tx baizik: eseítxen (61), imíntxen (83), politxa (87).

    Mendebal guztian bezala, Lekeition ere ez dago bustidura adierazgarririk. Badirudi, ordea, lehenago egon zela hainbat berbatan ihartuta gelditu da eta: txakur (38), txori, txarri.

  1. Aditz laguntzailea bokalez hasten bada, aditz nagusiaren amaierako sudurkaria galdu egiten da: etxe éban (19), pasate éban (29), ekarte ében (30), eukitxe ében (35) jun biar ixate ében (99).


  2. Ezeztapenetan gertatzen diren bilakaerak:

    1. es + b > esp-: espadákar, espadósu, espaotzáu

    2. es + d > est-: estator (32), estakixe (51), estot (100), esteutze (113), estabe (115), estotzo (131), estakitx (135)

    3. Baina es + g > esg-: es gara, es gaitxu, es giñin (eta ez eskara, eskaitxu, eskiñin)

      Aipatu behar da, hiztuna azkar berbetan ari bada, l eta n-z hasten diren aditz laguntzaileen aurretik s galdu egiten dela. es + l, n > el, en: elitzateke (90), eneuko

  1. [ʒ] ahoskera da Lekeitioko ezaugarri ezagunenetakoa (transkripzioan j letrarekin adierazi dugu): juten (8), istorijak (16), bijak (19), jibosuuk (19), jakon (28). Adibideetan ikusten den moduan, eta arestian aipatu bezala, kontsonante epentetiko moduan ere erabiltzen da. Ahoskera ezberdin bi ditu, hitz hasieran [ʒ] eta bokal artean [dʒ]. Hala ere, kasu bietan adierazi dugu j-rekin.


  2. [x] soinua batez ere erdarazko maileguekin erabiltzen da: en[x]eneral (11), ba[x]atúten (57), [x]a[x]a[x]a[x]a[x]a[x]a (barrearen onomatopeia) (72), konpa[x]ináten (78), san[x]uanétik (97), ka[x]oia (131). Hala ere, beste euskalki batzuetatik hartutako berbekin ere badarabilte Lekeition: gixa[x]íik (140) dugu transkripzioan, baina beste berba batzuekin ere ahoskatzen dute: [x]angoikua edo [x]auna Hala ere, zaharrenen ahoetan erdarazko maileguekin beste bilakaera bat gertatu da, [x] > k: kakia, Kose, Kuan, kepía (caja, José, Juan, jefe). Hau, ordea, gaur egun ia galduta dagoen bilakaera dugu; berba jakin batzuetan bakarrik gorde dute gazteagoek: kitxáno, kertze, kolekijúa. Amaitzeko, bada hots honi dagokion beste bilakaera esanguratsu bat ere, mailegu zaharrenetan gertatu dena; [x] > [ʒ]: monja, kontzijópe (<kontsejupe<Consejo+pe), joija, jente. Lekeition bezala, Bizkaiko mendebalean eta Nafarroan ere ez da ohikoa hots hau. Hala ere, Euskal Herri osoan zabaltzen ari den soinua dugu.


  3. Hegoaldeko euskalki guztietan bezala, gaztelaniazko [θ] hotsak gero eta indar handiagoa du, eta batez ere maileguetan erabiltzen da. Transkripzioan mailegua ez den berba batean agertzen da: Torre Urkí[θ]a (Torre Urkiza) (124). Hala ere, izen berezia dugu eta mota honetako izenak erdal azentuarekin eta ahoskerarekin esaten dituzte hiztun gehienek.


  4. F batez ere maileguetan erabiltzen da: famíli (9), fantásmak (12), farola (100), fiñáas (104), formáten da (111). Hala ere, zaharrenen ahoetan f > p bilakaera gertatu da: aparitzako (44), pantasmia, parola, pamilíja, kapia. Gazteenek, berba edo ihartuta geratu den esaera bat edo batean kenduta, f Salbuespenak nabarmenenak hauek dira: brijidu (p > b-rekin) edota ixerdi plotan nao.


  5. Mailegu zaharretako berba hasieran, r > err, arr bilakaera bazegoen ere: erresúak (129) erresóiak, erruberia, errekreúa, arratoia... mailegu berrietan, jada, ez da protesirik jartzen: rástak, robota, rankíña. Transkripzioan ronpeólas (96) agertzen zaigu.


  6. Kasu gehienetan, erdarako maileguetan p, t, k > b, d, g bilakaera dagoen arren, mendebaleko beste toki batzuetan bezala, Lekeition ere hiru salbuespen daude: jentiári (112), denpóra (2) eta altara.


  7. Mendebalean ohikoa den bezala -n duten aldaerak daude: upiñ (1), mamiñ, miñ, premíña, suñ, sentzun.


  8. Iparraldean bezala, mendebalean ere *ani > ain bilakaera gertatu da: arráiñak (32), usaiñ, artzaiñ, saiñ.


Azentua:

  1. Morfemek azentu mota bi izan ditzakete:

    1. Markatua. Azentua azkenaurreko silaban. 

             i.  Izenei dagokionez, pluralek, ablatiboek eta soziatiboek azkenaurreko silaban daramate azentua: bilddurrágas (16), kaiñaberiáas (30), améndik (93), lusiáas (112).

            ii.  Partizipioei dagokionez, -tzen eta -ko dutenek azkenaurreko silaban daramate azentua: kéntzen (58), ártzen (60), urtéko (101), galdutéko (139), ixángo (15).

           iii.  -en, -egi, -ro, -ti eta -tar dutenek ere azkenaurrekoan daramate azentua.

           iv.  Hitz elkartuek azentua azkenaurreko silaban daramate: seme-alába, jun-etórri, iparráixe...

            v.  Aditzei dagokionez, galderetan azkenaurreko silaban daramate azentua: se esan dóu? (14), da nortzu(k) tíras da? (48), selako suluu dáuko? (67)


    2. Markatu bakoa.Azentua azken silaban (transkripzioan ez ditugu adierazi, berba gehienak mota honetakoan dira eta): gixon, emakume, egun, sulo, andra, astelen...

      1. Partizipio perfektuek azken silaban daramate azentua: ekarri, emon, erosi, entzun...

      2. -lari, -keri, -tu eta -ratu atzizkidunek azken silaban daramate azentua, nahiz eta oinarriak, bakarrik doanean, azkenaurrekoan daraman.

     

    1. Azentu fokala aditzean bertan edo aurreko berban egoten da.

     

    1. Singularra eta plurala bereizteko ere balio du azentuak. Hurrenez hurren: areri (81) / aréri (75), jibosuak (65) / jibosúak (27), txakurrentzako / txakurrentzáko

     

    1. Esanahi ezberdineko berbak bereizteko ere balio du azentuak: basúa ‘edalontzia’ / basua ‘ohiana’.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia