Amaitzeko hiru kapera aipatu behar ditugu. Santa Anaren kapera (argazkia) habeartearen bigarren tartean dago. Tortso batzuk dituen karratuko burdin hesi batek ixten du, eta espazio horrek, museo txiki bat balitz bezala, jatorri ezberdinetako piezak gordetzen ditu. Horien artean, nabarmentzekoak dira XVI. mendeko estilo gotiko berantiarreko Haurra eta Ama Birjina, eta Trinitatea irudikatzen duen alabastrozko erliebea (argazkia). Azken hau Trinidade kaleko portaleko horma-hobitik ekarri zen eta XV. mendeko lehen hamarkadakoa da ziurrenik.
Kaperak Pasioaren erretaula du aurrealdean (argazkia), ziurrenik, XV. mende amaieran Herbehereetatik ekarria. Eskuineko horman, berriz, latoizko bi hilobi-estalki edo lauda daude. Etzanda egongo balira bezala hildakoen figura grabatuak ageri dira lauda horietan. Figurok drosel arkitektonikoen azpian daude eta ehiza pasarteekin apainduriko zokaloak dituzte euskarri. Hori guztia inguratuz, inskripzio eta orla apaingarriak daude, luxuzko oihalak irudikatzen dituen fondo baten gainean.
Erretaularen aldamenean dagoen lauda Maria Ibañez de Uribarren eta bere senarrarena da –inskripzioak ez du bere izenaren berri ematen, partzialki besterik ez baita kontserbatu–. Biek dute aurpegia apur bat biratuta, batak bestearen aldera. Emakumearen orrazkera bitxia eta gizonaren armadura nabarmentzekoak dira.
Bestea lauda, hobeto kontserbatu dena, Joan Peris de Ormaegiari eta Auria Martinez de Zerantari dagokie. Kasu honetan bikoteak arropa zibilak ditu soinean. Baliteke merkataritzari esker aberastu zen bikote bat izatea, inskripzioa eteten duten sinboloek merkataritza marken itxura baitute. Oso pieza bereziak dira, penintsulako panorama artistikoan oso ohikoak ez direnak. Brujastik iritsi omen ziren XIV. mendean.
Veracruzen kapera Felipe II.aren aginduetara egondako Juan Uribe Apallua almirantearen aginduz hasi zen eraikitzen 1588an, baina diru faltagatik ez zen 1748. urtera arte amaitu. Bertan, Veracruzen erretaula dago (argazkia), non kaperako titularra den Kristo Gurutziltzatu bat ageri den. Berau 1588 urtea baino lehenagokoa da ziurrenik eta Uribe Apalluak berak eman zuen dohaintzan. Bestetik, Andre Maria Doloretakoaren beiratea aipatu behar dugu (1884). Irudian, Ama Birjinaren zazpi oinazeak irudikatzen dituzten zazpi sastakaiek zeharkatzen dute Doloretakoaren bihotza.
Azkenik, San Antonio edo Bataioaren kapera dugu, eta Veracruzeko kaperarekin konektaturik dago. Gaur egun altzari bakarra du, Purgatorioko Arimak Ama Birjinaren eta San Frantziskoren azpian irudikatzen dituen XVIII. mendearen lehen erdiko koadro bat. Hala ere, aurretik Paduako San Antoniori eskainia egon zen, eta berton egon zen lehen azaldu dugun bere omenezko erretaula.