Saltatu nabigazioa

4.6.2.2.- Dorrea

Gaur egun ikus dezakegun kanpandorrearen (argazkia I / argazkia II) lanak 1734an hasi ziren, Jose Lizardiren diseinuan oinarrituta eta Juan Bautista Orosketa eta Domingo Gomendio indianoek utzitako legatuari esker. Soilik erdiko habeartearen erlaitzerainoko zatia da etapa gotikokoa, eta bertan, Erdi Aroko harresiaren aztarna atzeman daiteke (argazkia). Izan ere, sute baten ondorioz hondatu egin zen kanpandorre zaharra, eta ordutik hainbat aldiz konpondu behar izan zuten, esaterako, 1607 eta 1690. urteetan –kuspidea kendu zitzaion–.

Kanpandorre berria bloke inklinatu baten gainean eraikita dago. Gorputz nagusiak kiribildura eta pinakuluekin apaindutako ertz atxaflanatuak ditu. Kanpandorrearen aurrealdeak berriz, kanpaientzako balaustradun erdi-puntuko hutsuneak ditu. Erremate gisa idi-begiekin eta linternatxo batekin argiztatutako ganga bat du. Ganga horren hasieran, dorrearen goialdeko galoiekin eta idi-begiak enmarkatzen dituzten festoiekin batera, gailurreria neogotiko bat ikus daiteke. Zati hori, 1856. urtean, tximista batek jo ostean egindako berriztatze lanen emaitza da.

XV. mendean egindako kanpaiei buruz arrasto dokumentala baino ez dugu. Gaur egun kanpandorrean dauden bost kanpaiak XVII. eta XX. mende bitartekoak dira. Kanpairik zaharrena Juan Güemes kanpaigileak egin zuen 1618. urtean. Basilikaren izen berbara darama, eta 2.946 kiloko pisua du. Bizkaiko handienetako eta astunenetakoa da, eta horren omenez, ondoko inskripzio hau darama: “De buen parecer i de buena echura”.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia