Portuaren bilakaera (irudi hipotetikoa)
Portua Lekeitioko azpiegitura garrantzitsuena izan da bere historian zehar, arrantza eta beste itsas jarduerak garatzea ahalbidetu baitu. Hain zuzen, Lekeitio itsasora begira eraiki zuten, portu bat eraikitzeko egokia zen kokaleku batean.
Hala ere, hasieratik bertatik zenbait arazo sortu zituen Lekeitioko badiak. Sakonera txikikoa denez, badiaren zati handi batean hondarra agerian geratzen zen itsasbeheretan. Badia bi hondar barrek inguratzen dute, bata Amandarritik Garraitz irlaraino doa, eta bigarrena, eta bietan arriskutsuena, portuko sarreran dago. Ipar haizea dagoenean, bi barra horiek arriskutsu bihur daitezke bertan ainguratuta dauden ontzientzat. Are arriskutsuagoa da ipar-mendebaleko haizea dagoenean, orduan, olatuek azpiko harea mugitzen baitute. Historikoki, portuko sarreran kokatzen diren hondar barra horiek kalte asko eragin dizkiote Lekeitioko ontzidiari. Eta sarritan itsasoratzeko oztopo ere izan dira, arrantza egunak murriztuz.
Hondar masaren mugimendua olatuek baldintzatzen dute, baina baita Lea ibaiak ere. Baldintzatzaile horiek guztiek eman izan diote forma Lekeitioko badiari eta Isuntza izenez ezagutzen dugun hondartzari. Garai batean, hondartza hori Santa Maria elizaren oinetaraino ailegatzen zen (irudi hipotetikoa). Ez da ahaztu behar, herriko plaza nagusia, portu berria eta parkea hondartza horren gainean eraiki zirela.
Izan ere, ontzidiari ahalik eta babes eta irteera egokiena emateko mendeen joan-etorrian hainbat obra burutu behar izan dituzte lekeitiarrek. Lan gehienak hegoalderantz bideratuko dira, gune hori baitzen babes handiena eta zabaltzeko aukerak eskaintzen zituena.