Aittitta makurra II[1]
Behin batean, Lekeitioko patroi eta arpoilaririk ospetsuenak konortea galdu zuen moilan. Laster batean, kaiko txalupa-etxera eraman zuten eta medikuari deitu zioten. Medikuak ahal zuen guztia egin arren, ez zuen marinela bere onera ekartzerik lortu. Etsiturik, txalupa-etxean zegoen arrantzaleetako bat kanpora irten zen laguntza eske. Halako batean, dotore jantzitako gizon batekin egin zuen topo, eta honela esan zion gizon bitxi hark: “Medikuak ezingo du gizon hori osatu, baina nik diotsudana egiten baduzu zuk senda dezakezu”.
Arrantzaleak gizonak esandakoa egin zuen. Txalupa-etxera sartu eta hango sukaldariari zartagin batean olioa, eztia eta koipea urtzeko eskatu zion. Nahastea hoztu zenean, gaixoaren bekokian jarri eta hau, ustekabean, bere onera itzuli zen. Guztiek zoriondu zuten arrantzale xume hura, Lekeitioko balea harrapatzaile trebeena salbatu baitzuen.
Etxera bidean, berriz ere dotore jantzitako gizona agertu zitzaion marinelari, eta zera esan zion: “Ikusi duzu nola sendatu den gaixoa. Hemendik aurrera nik emandako errezeta horrekin edozein gaixotasun sendatu ahalko duzu. Zu zeu ere urte luzez biziko zara, ehun urtera arte. Baina 90 urte betetzen dituzunean, arratsaldero etxeko ganbarara igo beharko duzu, han horma-belarra hasi dela ikusten duzun egunean, presta zaitez hiltzeko, zure ordua izango baita.” Azalpen horiek eman ostean, honela gehitu zuen: “Mozorrotuta nagoen arren, ni Heriotza naiz. Esan dizudana egiten baduzu, zure gomuta betirako geratuko da lekeitiarren artean”.
Hurrengo urteetan inguruko sendagile ospetsuena bihurtu zen gure arrantzale xumea. Jakintsuek, negozio gizonek, eta mota guztietako gizon nahiz emakumeek jo zuten beragana. Diotenez, kontu hauek gertatu ziren XVI. mende hartako erregeetako batek ere bere laguntza eskatu zuen gaixotu zenean.
Horrela, hamarkadak aurrera zihoazen, eta ohartu orduko 90 urte bete zituen sendagile ospetsu hark. Urte hartatik aurrera, egunero igotzen zen ganbarara, behinola Heriotzak esan bezala. Hain zaharra izanda, herrian aittitta deitzen hasi zitzaizkion, garai hartan gutxi baitziren adin horretara heltzen zirenak.
Udako ilunabar batean, ganbarara igo eta hantxe ikusi zuen horma-belarra. Bere emaztea agurtu ostean, Hondarzabalerantz abiatu zen. Hondartza erdialdera ailegatzean, bere aspaldiko “laguna” ikusi zuen, oraingo honetan, bere benetako itxurarekin. Heriotzak buruan ukitu bezain laster, harri bihurtu zen hantxe bertan. Ordutik, leku berean dirau harri hark, eta herrian Aittitta makurra deitzen diote. Heriotzak agindu bezala, sendagile haren gomutak belaunaldiz belaunaldi iraun du lekeitiarren artean.
Oharra:
Hondartzan dagoen hondar kopurua aldakorra da, harea beti dabil hara eta hona. Hori dela eta Aittitta makurra ezin da ikusi azken urteetan. Zurrumurruek diotenez, badaezpadako batzuek punta apurtu zioten Ameriketara eroateko. Gero, antza, kamioi batek jo eta gehiago apurtu zuen haitza. Dena dela, haitza bera hondar azpian dago eta baliteke egunen batean, hareak alde egitean, berriro ikusi ahal izatea. Izan ere, oso-osorik zegoenean ere, hondartzan zegoen harea kopuruaren arabera, batzuetan ikus zitekeen, baina beste batzuetan ez; eta ikus zitekeenetan ere tamaina ezberdina izan ohi zuen.
Amaitzeko, esan behar da, haitz horren izen zaharrena “achmocordo” dela. Izen hori, 1735. urteko deskripzio anonimoan[2] agertzen da. Gaur egungo Lazunarri edo islako moila egiteko saiakerekin hasiak zirela kontatzen ari denean, idazleak zera dio:
“Antes de emprender esta muralla o paredón tenía la ría de Isunza su dirección por Achmocordo a la Casa demolida de Ondarra, o Yarza; y desde allí al fondeadero de las Chalupas”.
[1] “Ajubita, J.L. 1988. “Notas históricas y un par de leyendas”. Lekeitio. Ederti, etnografi eta edestiaren aldizkaria, 1. 12-13. Bilbao: BBK.”. Agerkari horretan argitaratu zen Juan Luis Ajubitak 1966 inguruan bildutako ipuin hau. Hark zioenez, besteak beste, Daniel Zendoia arrantzale erretiratuak kontatu zion.
[2] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.