Magdalen Aldian, azken glaziazioaren amaiera iragartzen zuten aldi hotz eta epelak tartekatzen ziren, eta gutxika bada ere Europa erdialdetik izotza desagertuz zihoan. Txandakatze klimatiko honek paisaian eragin zuzena izan zuen. Landarediari dagokionez, aldi hotzetan zuhaitzak oso eskasak ziren, eta batik bat pinua zen nagusi. Aldi epeletan berriz, nahiz eta pinuak nagusi izaten jarraitu, hosto erorkorreko zuhaitzak ugarituko ziren.
Klima hotz honek guztiz baldintzatzen zuen itsasoaren maila. Ozeanoetako eremu handiak izoztuta zeudenez, eta poloetan egun baino izotz gehiago zegoenez, kalkuluen arabera, itsasoaren maila egungoa baino 75-80 m etro beherago kokatzen zen. Beraz, Lumentxa, Santa Katalina eta beste bizilekuen eta itsasoaren arteko distantzia lau kilometro ingurukoa zen. Hori dela eta, baliteke garai hartako beste hainbat bizileku gaur egun itsasoak irentsi izana (irudi hipotetikoa).
Zonalde honetan zeuden ekosistema anitzek –basoa, larrea, padura, itsas hegia– landaredi eta animalia aberastasun handia biltzen zuten. Aurkitutako aztarnek horietako askoren testigantza ematen digute. Belarjaleen artean, besteak beste, oreina, bobido handiak, zaldia, basahuntza, sarrioa, orkatza, edo eremu hotzagoetan bizi arren, elur-orein bakan batzuk aurkitu dira. Haragijaleen artean, berriz, leizeetako hartza, otsoa, azeria, basakatua, eta mustelidoen[1] familiako beste zenbait ugaztun txiki. Hegazti zenbait ere agertu dira, batik bat, itsasoan edo basoan bizi zirenak. Hauez gain, itsasoko animalien artean, arrainak –batez ere izokin eta amuarrainak, baina baita bakailaoa ere–, moluskuak, oskoldunak edo itsas trikuak azaldu dira.
[1] Mustelido: ugaztun haragijale txikia. Adibidez, azkonarra, erbinudea edo mofeta.