Arranegin aurkitutako sigillata zeramikan oinarrituz, badakigu I. mende amaieran edo II. mende hasieran kokatzen dela erromatarren lehen okupazio aldia. Hau da, Goi Inperio aldian. Flaviotar dinastiaren garaian hain zuzen, Vespasiano (K.o. 69-79) eta Adrianoren (K.o. 117-138) agintaldien artean. Asentamendua garai horretan finkatu bazen ere, baliteke I. mende erdialderako, jada, nolabaiteko erromatar presentzia egon izana.
Aurkitutako aztarna horiek, Foruko maila zaharrenetakoak bezala, flaviotarren garaian erromatarrek Iberiar penintsulako iparraldean izan zuten zabalkunde garaikoak dira. Testuinguru historiko horren baitan ulertu behar da Forua edo Lekeitio bezalako asentamenduen sorrera. Eta, adibidez, Sukarrieta edo Bermeon ere azaldu dira aztarnak. Beraz, Lekeitioko fenomenoa inola ere ez da kontu isolatu bat. Nahiz eta oraindik garai hartako errealitatearen zati txiki bat baino ez dugun ezagutzen, geroz eta albiste gehiago jasotzen ari gara azken urteetan.
I. mendeko lehen herenean, eta batez ere Vespasianoren agintaldian, hainbat erreforma burutu ziren Hispaniak inperioan zuen garrantzia indartuz. Ordura arte, penintsularen iparraldea bigarren maila batean egon zen, baina erreformek zonalde honen garapena ekarri zuten. Politika honek II. mendean eman zituen bere emaitzarik oparoenak. Iparraldeko meategien ustiaketak garrantzia hartu zuen eta horrek hiri eta herri berrien fundazioa bultzatu zuen. Testuinguru horretan, Lekeition ezerezetik sortutako kokaleku berri horrek funtzio estrategikoa beteko zuen. Inguruko baliabide naturalen ustiaketa eta merkaturatzean jarduteaz gain, arrantza eta bestelako itsas jarduerak burutuko baitzituzten bertan.
Horrez gain, garai horretako txanponen presentzia handia dago gure zonaldean, eta hau, ezbairik gabe, merkataritzaren susperraldiaren seinalea da. Alde batetik, kabotajeko itsas bidea finkatu zen, aurreko mendeko neurri ekonomiko eta sozialek bultzatuta. Bestetik, Flaviobriga –egungo Castro Urdiales– kolonia fundatzeak eta iparraldeko galtzada sarea hobetzeak gure lurraldeko harreman sarea indartu zuen.
Antoniar dinastiak funtsean politika berberak jarraitu zituenez, Hispaniak inperioan zuen pisu ekonomiko eta sozialak bere horretan iraun zuen, eta Erromak zonalde honekiko zuen interesa hazi egin zen. Ildo horretatik, ekonomia eta administrazioaren berrantolatze bat gertatu zen, batez ere meatzaritzari begirako erreforma eta legeak sustatuz.
Hala ere, Azpiri kalean azaldutako sigillata motako zeramika grisak erakusten duen moduan, Lekeitioko estratua Behe Inperio aldira arte luzatzen da. Erromatarren bigarren okupazio aldi hori antoniar dinastiaren (K.o. 96-192) eta severotarren (K.o. 193-235) azken aldian kokatu behar da. Horrela, alde zaharrean aurkitutako materialak eta Lumentxako Behe Inperioko errromatar aztarnak nolabaiteko lotura izan dezaketela uste da. Horrek, I. mendetik V. mendera arte, erromatarren etenik gabeko presentzia baieztatuko luke.
Bigarren okupazio horren testuinguru historikoa ulertzeko, II. mende amaierako ezegonkortasun ekonomiko eta sozialaz hitz egin behar da. Egoera kritiko hau gaiztotu egin zen III. mendean. Izan ere, Alejandro Severo hiltzean krisi politiko aldi bat izan zen, eta horrek ekonomia kaltetu zuen. Ondorioz, hiriek garrantzia galdu zuten. Batzuk desagertu egin ziren, eta beste batzuek biztanle asko galdu zituzten.
Garai horretan, merkataritzak beherakada nabarmena bizi izan zuen, baita txanponen zirkulazioak ere. Hori dela eta, II. mendeko txanpon aztarnak ezkutaleku eta altxor txikietan bildurik azaltzen zaizkigu toki askotan. Horren adibide da, ziurrenik, Arranegin aurkitu zen altxortxoa ere.
Penintsulako iparraldeko hainbat hirik gainbehera nabarmena bizi izan zuten III. mendeko krisiaren ostean. Hala ere, IV. mendean nolabaiteko susperraldia etorri zen Dioklezianoren erreformen eraginez. V. menderako, ordea, Euskal Herri atlantikoan ez dugu inolako aztarna numismatikorik izango.
Hori dela eta, ezin baiezta dezakegu Lekeitioko erromatar asentamenduak V. mendetik aurrera iraun zuenik. Aurkitu diren aztarnek erromatar aldiko asentamenduaren eta Erdi Aroko elizatearen artean hutsune aldi bat izan zela erakusten digute. Orain arteko ikerketek ezin izan dute zehaztu zenbat mendetako hutsunea izan zen zehazki, baina baliteke VI. mendetik VIII. mendera arte iraun izana. Izan ere, IX eta X. mendetik aurrera, Erdi Aroko hirien hedapenarekin lotuta legokeen asentamendu berri baten zantzuak daude.