Lazunarri moila (argazkia)
Islako moila, malekoia edo Lazunarri moila Lekeitioko obra arkitektoniko garrantzitsuenetako bat da. Azpiegitura honek eragin nabarmena izan zuen Lekeitioko hiri egituran, badiako geografian eta arrantza sektorean. Horrez gain, hainbat pertsonaia ospetsuk parte hartu zuten bere sorreran.
Lekeitio Lea ibaiaren bokalean dago tokatuta, Lumentza mendiaren pean eta hondar barra handiak nahiz hareatzak dituen badia baten inguruan. Ibaiaren bokale hori Garraitz irlak babesten du. Aurreko atalean ikusi bezala, XVIII. mendearen hasieran arrantza portua badiako hondarretan zegoen kokatuta, eta tamaina handiagoko merkatal ontziak Isuntzako moilan lotzen ziren. Bestalde, Lea arroko burdinoletara meha eramaten zuten zamaontziak Arropaingo errenteria ingurua zuten ainguraleku.
Garai hartan, 1735. urteko deskripzio anonimoak[1] dioen legez, ibaiak hareatza zeharkatzen zuen, Aittitta Makurra izenez ezagutzen den harkaitzaren ondotik pasa ondoren, lehen etxeen parean itzulia eman eta itsasoratuz. Ibaiaren ibilbide horrek eta badiaren nolakotasunak hasieratik bertatik zenbait arazo eman zituzten itsas jardueretarako.
Badia sakonera txikikoa denez, eremu handi batean hondarra agerian geratzen da itsasbeheretan. Gainera, haizeak, ibaiaren korronteak eta olatuek hondar barrak mugitu eta portuko sarreran pilaketak sortzen dituzte itsasontzien joan-etorriak oztopatuz. Historikoki portuko sarreran kokatzen diren hondar barra horiek kalte asko eragin dizkiote Lekeitioko ontzidiari, eta sarritan itsasoratzeko oztopo ere izan dira, arrantza egunak murriztuz.
Pedro Bernardo Villarreal de Berriz (1669-1740) (margoa) aurre-ilustratua izan zen arazo horren aurrean konponbide bat aurkitzen saiatu zen lehenengoa. XVIII. mende erdialdean, berau alkate zela, dike bat eraikitzeko lehen ahaleginak egin ziren hondarra portuko sarreran pila ez zedin. Horretarako, harlandua erabili beharrean, zuzenean harriak bota zituzten uretara –“piedras echadizas”–. Uste zuten moila egiteko modu berri horrekin eraikuntza egonkorragoa izango zela eta lanak merkeagoak. Tamalez, lehen saiakera horiek huts egin zuten eta Pedro Bernardok ez zuen arazoa konponduta ikusi.
Bere seme Francisco Joaquin izan zen, 1738. urtean, ibaiaren ibilbidea Karraspiorantz bideratzeko ideia mahai gaineratu zuena –Ameriketatik ekarritako ideia antza–. Orduan hasi omen ziren, lehenengo obraren balio zientifikoa jarraituz, gaur egun ikus dezakegun harrizko horma egiteko lanak. Hala ere, lanek suposatu zuten zailtasunaren ondorioz, XIX. mendean finkatuko zen behin betiko moila.
XVIII. mende amaieran, Arrantzaleen Kofradiak Lazunarri moila irlaraino luzatzeko eskaria egin zion Udalari. Itsaso txarraren ondorioz txalupek portuko barra zeharkatu ezin zutenean, edo itsasbeheran sakonera gutxiegi zegoenetan, ibaiaren ibilgutik nabigatzea ahalbidetzea zen obraren xedea. Arrantzaleen esanetan, horrelako moila batek arrantza egunak ugarituko lituzke eta itsasora irtetea erraztuko luke. Ondorioz, lanek ekar zitzaketen gastuen erdiak ordaintzeko prest agertu zen Kofradia.
XIX. mendearen lehen erdialdean hainbat saiakera egin ziren horrelako ingeniaritza lan bat ordaintzeko beharrezkoa zen dirua biltzeko. Ardotik ateratako zergak kaiak konpontzeko erabiliko zirela adostu zuten Kofradiak eta Udalak. Era berean, arrantzaleak herriko txakolina kontsumitzera konprometitu ziren, bere salmentatik lortutako zergak kaiak konpontzeko balia zitezen. Horrez gain, Kofradiak lau langile jarri zituen soldatapean islako moilaren lanetan jardun zezaten.
Dokumentuen arabera, hainbat hargin eta arkitektok parte hartu zuten Lazunarri moila eraikitzeko lanek izan zituzten fase ezberdinetan. Azkenik, 1856. urtean Jose Javier Uribarrenen (1791-1861) finnatziazioari esker burutu ahal izan zen moila osoa.
Lekeitiarrek mende eta erdi behar izan zuten ingeniaritza lan hori diseinatu eta eraikitzeko. Herriko dokumentuek erakusten dutenez, etengabeak izan ziren bidean sortutako oztopoei aurre egiteko saiakerak, berritze lanak eta abarrak. Izan ere, berebiziko garrantzia izan zuen Lazunarri moilak. Esan bezala, azpiegitura horren bidez hondar pilaketari aurre egin ahal izan zitzaion portuko sarrera eta ontzien sartu-irtenak hobetuz. Ezinbestekoa izan zen arrantza sektorea garatzeko eta herriko ekonomiaren hazkunderako.
Itsasoaren eraginez, XXI. mende hasieran moilak hainbat kalte izan zituen. Kalte horiek konpontzeko inolako ekimenik egon ez zenez, arazoa handituz joan zen eta 2010. urterako moila erditik bi eginda geratu zen, eta ibaiak alde batetik bestera zeharkatzen zuen. Erakunde ezberdinen ezin ulertuak tarteko, berriztatze lanak 2015. urtera arte atzeratu ziren. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak burutu zituen lanak, Espainiako Gobernuak horretarako konpetentziak laga ondoren.
Lanek iraun bitartean, hainbat kontrol arkeologiko egin ziren eraikuntzaren historia ezagutzeko. Ikerketa horiek erakutsi dutenez, 2015. urtean konpondutako zatia da urteen joan-etorrian kalte eta berritze lan gehien jaso dituena –erdialdekoa–, horixe baita olatuek modu gogorragoan erasaten dutena. Hori dela eta, eremu horretan ez da XIX. mendea baino zaharragoak liratekeen arrastorik aurkitu. Antza, moilaren arrastorik zaharrenak hondartzatik gertuen dagoen zatian daude.
Puskatu zenetik lanak burutu arteko epean, ibaia badiara desbideratu zen eta, ondorioz, portu ingurua hondarrez bete zen. Urte horietan argi geratu zen Lazunarri moilarik egon ezean Lekeitioko portua harez estalita geratuko litzatekeela denbora gutxiren buruan. Inguruak izandako aldaketa morfologiko handia zela-eta, EHUko Geografia, Historiaurre eta Arkeologia Departamenduak ikerketa bat egin zuen: Cambios geomorfológicos y evolución de una barra de arena en la desembocadura del río Lea, Lekeitio-Mendexa (Bizkaia) (2016).
[1] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.