Cembellinen ustez, 1325. urtean hiri-gutuna eskuratu eta berehala itsas jarduerak garatzeko egokiagoa izango zen herrigune berri bat hasi zen garatzen. Herrigune hori Uriarte inguruan barik, itsasaldean eraikitzea erabaki zuten, ziurrenik espazio hobea zelako portuko jarduerak burutzeko. Hego-ekialdera begira eta ipar-mendebaldeko haize hotzetatik babestuago, etxeak itsasotik hurbil, baina ondo babestuta eraikitzeko aukera eskaintzen zuen zonalde honek. Marea goian zegoenetan itsasontziak lehorrera erraz hurbil zitezkeen eta moilan zuzenean utzi zama. Kanpiloko aldean, berriz, hondartza zabalagoa zenez, ontziak hondarretan lehorreratu behar ziren eta zama hondartzatik herrigunera igo beharra egongo zen.
Hiribildu estatusa lortzeak paisaian eragin nabarmena izango zuen garapen eta eraldaketa prozesu baten hasiera suposatu zuen, eta harresia izan zen prozesu horren ikur nagusia. Hain zuzen, herrigune berri hau harresi berri batez inguratu zen, eta ziurrenik, garai bertsuan, aurreko oholesi ahula ere harresi sendoago batez ordezkatu zen. Hori ematen dute aditzera, behintzat, aurkitu diren aztarna arkeologiko apurrek: besteak beste, hego-mendebaldeko muturrean harresiak duen itxura erdizirkularrak. Beraz, badirudi, hiribilduak harresiturik zeuden bi herrigune bereizi zituela hasieran. Arrantzale, itsasgizon eta herritar xumeen gunea batetik; eta erlijio-erakunde, artisau, merkatari eta biztanlerik aberatsenena bestetik.
Lekeitioko Kontzejua errege Alfonso XI.arengana zuzendu zen hiribildua hobeto babestu zedin eskatuz. Hori dela eta, 1334. urtean, honela agindu zien erregeak lekeitiarrei: “Porque el dicho lugar se pueble mejor de lo que esta, e porque sean mas ricos e mas abonados e ellos çerquen la dicha villa para nuestro seruiçio”[1]. Esan beharra dago, Euskal Herrian ez direla asko izan harresi bikoitza izan duten populamenduak. Beharbada, kasurik ezagunena Iruñekoa dugu.
Harresi berri horrek herrigune berriko sei kaleak babestu bide zituen. Hau da, Apallo, Uribarria (Azpiri), Intxaurrondo, La Pedrera / Berdera / Bergara, Atxabal eta Zaldundegi (Narea). Halaber, barruan errondarako pasabide zabalak, eta gutxienez hiru ate izango zituen, Guzurmendi, Apalloa eta San Pedrokoak. Guzurmendi edo Ontzioletako atea izan bide zen hiribilduko sarrera nagusia, Markina eta Ondarroara zihoazen bideak bertan egiten baitzuten bat. San Pedroko atea, berriz, kaia eta herrigunea lotzen zituena zen.
Harresi horren barruan, egungo Konpainiako elizaren sarrera inguruan, plazatxo bat egongo zela uste da. Itsaso aldera zuzen jaisteko kale paraleloak eraikiz antolatu ziren etxeak, garai hartan fundatu berri zeuden beste itsas hiribildu batzuen ereduari jarraituz. Herrigune horren eta elizaren artean zegoen hondartza zabalean ezarriko ziren beharbada lehenengo ontziolak.
Hasieran ez zen etxerik eraikitzen harresitik hurre, esparru edo ingurabide bat uzten baitzen. Demografia hazkundearen eraginez baina, harresiak etxe berrien horma bezala erabiltzen hasi ziren. Horrela, XV. mende amaieran, harresi barruko hutsuneak betez joan ahala –Arranegi, Igualdegi eta Trinitate inguruan–, horietatik kanpo ere auzo berriak eraiki ziren ziurrenik –Dendari zonaldean–. Cembellinek dioenez, baliteke Dendari inguruko auzune berri horrek ere harresi berri bat eduki izana, hori iradokiko luketen dokumentu batzuk egoteaz gain, harresiak zonalde horretan hartzen duen formak ere hori erakutsiko bailuke. Ezin ziurta dezakegu ezer, ordea.
Bigarren harresi hori ez zen oso garaia oraindik. 1427. urteko dokumentu batek dioenez, Lumentzako magaletik inongo arazorik gabe ikus zitezkeen mojen ortuak. Hori dela eta, urte horretan konponketak egin ziren garaiera irabaz zezan (argazkia): “Fecho e alçado pared nueva sobre el muro, en la ronda de dicha villa, por parte de Lumencha”[2].
Garai horretan, zalantzarik gabe, harresiaren oinarrizko eginkizuna hiribildua babestea zen. Ziurrenik, Bizkaiko jaun zela, hiribildua nolabaiteko gotorleku bihurtzeko nahiak bultzatu zuen Alfonso XI.a harresi berri bat eraikitzera, Bizkaian zuen aginpidea ez baitzen gatazkarik gabea. Hain zuzen, gauza bera egin zuen Bermeo edo Bilbon ere. Bere asmoa, portu gotortuak eraikitzea zen, landa munduan izan zitezkeen oposizio eta altxamenduei bertatik aurre egin ahal izateko.
Hala ere, Bizkaia Haro familiaren eskura bueltatu zen denbora gutxian. Ordutik aurrera, batez ere, harresiek ahaide nagusi eta talde armatu txikien aurkako defentsa funtzioa bete zuten. Izan ere, XIV. mende amaieratik aurrera, izaera horretako gatazkak ugaritu egin ziren euskal lurraldeetan, ezegonkortasun aldi luze bat zabalduz.
Ahaide nagusi eta nekazal jauntxoak jakitun ziren, hiribilduen garrantziak gora egin ahala, euren boterea gutxituz zihoala. Horrek gatazka armatuak sortu zituen, Lekeition Likona eta Yarza familien arteko borrokak adibidez. Testuinguru horretan, hiriko jarduera ekonomikoak garatzeko –batik bat artisautza, merkataritza eta arrantza– ezinbestekoa zen segurtasuna bermatuta izatea.
Alabaina, badirudi harresi horiek ez zirela nahikoa izan talde armatuen erasoei aurre egiteko. Lekeitiori behin baino gehiagotan eraso zioten, eta harresia gainditu eta hiribildu barrura sartzea ere lortu zuten. Honela jaso zituen pasarte horiek Lope Gartzia Salazarrek Bienandanzas e Fortunas lanean:
- urtean, Likona eta Yarza leinuen arteko gatazkan, lehenengoen alde egin zuten Arteaga leinukoek euren aliatuei laguntzeko Lekeitiori erasoz: “e con grande osadia e esfuerço quebrantaron la puerta de la villa e peleando (...) entraron por la villa adelante”[3].
- urtean, zenbait gizonek “de noche, quebrantan las çerraduras de las puertas de la dicha villa, e entraron e anduvieron por ella por ferir e matar a algunos vesinos de la dicha villa e por cometer a otros criminales delitos si pudieran”[4].
Baina, defentsa funtzioaz gain, harresiak beste hainbat funtzio ere bazituen. Horietako bat funtzio juridikoa zen. Harresiak Logroñoko foruaren eta Bizkaiko usadio zaharren menpeko jurisdikzioak banatzen zituen, hiritarrak eta baserritarrak. Hain zuzen, harresi gabezian dauka sorburua lur laua izenak. Harresitik kanpo bizi zirenek, nahiz eta hiribilduaren menpeko lurretan bizi –esan bezala, Lekeitioren mugak egungoak baino askoz zabalagoak ziren garai hartan–, ez zituzten harresi barruan bizi zirenek zituzten bezalako eskubideak.
Gainera, hiribildu harresitu horixe zen merkataritzaren gaineko monopolioa zuen gunea. Landa munduko biztanleek hiribilduaren bitartez baino ezin zituzten euren produktuak merkaturatu. Izan ere, harresiak merkatal produktuen sarrera-irteerak kontrolatzeko tresna ezin hobeak ziren, baita bertatik igarotzen ziren produktu horien gaineko zergak kobratzeko ere.
Horrez gain, harresia hiribilduaren sinbolo nagusia zen, bere nortasunaren ikurra. Horren erakusle da, defentsarako beharrezkoa edo eraginkorra ez zen garaietan ere berreraiki izana. Udaleko kontu paperek erakusten diguten moduan, garai berantiarretan ere, harresia konpondu, berreraiki eta mantendu egin zen, eta ez zen XIX. mendera arte eraitsiko.
Azkenik, ez da ahaztu behar, harresiak bigarren mailako beste funtzio batzuk ere betetzen zituela. Esaterako, hirietako eguneroko bizitzaren hasiera eta amaiera zehazten zituen bere irekiera eta itxierarekin; eta izurrite aldietan ere hiritarrak gaixotasunetatik babesteko balio zuen, hirian sartzen ziren guztien gaineko kontrola ahalbidetuz, edo aldi baterako kanpotarrentzat sarrera debekatuz.
[1] Enriquez, J., Hidalgo de Cisneros, C., Lorente, A. eta Martinez, A. 1992. Colección documental del archivo de Lequeitio (1325-1474). Fuentes documentales medievales del País Vasco. Donostia: Eusko Ikaskuntza Fundazioa. 28-30.
[2] Gonzalez Cembellin, J.M. 1992. “Hiribilduaren hiri-bilakaera. La evolución urbana de la villa”. In Askoren artean. Lekeitio. 145-171. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia. 149.
[3] Gonzalez Cembellin, J. M. Murallas y torres en el Lekeitio medieval. Lekeitioko Udal Artxiboa. Argitaratu gabea. 6.
[4] Gonzalez Cembellin, J. M. Murallas y torres en el Lekeitio medieval. Lekeitioko Udal Artxiboa. Argitaratu gabea. 6.