Bizkaia eta Gipuzkoaren mugatik gertu dago Lekeitio, Bilbotik 56 kilometro ingurura eta Donostiatik 72 kilometrora. Azaleraz Lea-Artibai eskualdeko herri txikiena da, 1,8 kilometro karratu baino ez baititu. Kostaldeko herri txiki honek iparraldetik Kantauri Itsasoarekin egiten du muga, hegoalde eta mendebaldetik Ispasterrekin eta ekialdetik Mendexarekin. Otoio (396 metro) eta Lumentza (114 metro) mendien magalean kokatuta, Lea ibaiak itsasoarekin bat egiten duen tokian dago.
Orografiari dagokionez, oro har, Lekeitioko lur eremua malkartsua eta nahiko harritsua da. Kostalde guztia itsaslabarrez josita dago, Lea ibaiak eta Garraitz uharteak osatzen duten badia izan ezik. Gauza bera gertatzen da Bizkaiko kostalde osoan. Bertako mendilerroak itsasoarekiko zeiharrak direnez, kostaldea koskatsua da. Haitza bigunagoa den lekuetan, gureak bezalako badiak eta hondartzak ageri dira, baina arroka gogorragoa den tokietan labarrak sortzen dira. Bizkaiko kostaldeak dituen 158 kilometroetatik hamabi baino ez dira hondartza guneak.
Lea ibaia Oiz mendian (1.026 metro) jaiotzen da eta, ipar/ipar-ekialderanzko noranzkoan 24 kilometro egin ostean, Kantauri Itsasoarekin bat egiten du. Bere ibilbidean Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Ispaster eta Mendexa zeharkatzen ditu. Herri horiek Lea ibarra osatzen dute. Ibar txiki horrek 81 kilometro karratu inguru ditu eta Oka eta Artibai ibaien arroen tartean dago kokatuta. Oka ibaiaren arrotik Gaztiburu (537 metro) eta Iluntzar (726 metro) mendiek banatzen dute, eta Artibairenetik Motrollu (591 metro), Urregarai (704 metro), Bedartzandi (700 metro), Ituinomendi (403 metro) eta Kalamendik (315 metro).
Oleta auzoan (Amoroto) Urio/Zulueta ibaiadarra batzen zaio Lea ibaiari. Orduan, itsasadar bihurtzen da eta meandro txikiak osatzen ditu. Tarte horretan, mareen eragina jasotzen du eta ibarrean barrena datorren ur gezak eta itsasoko ur gaziak topo egiten dute. Bi ur motek dentsitate ezberdina dutenez, ez dira berehala nahasten. Hasieran ur geza itsasoko uraren gainean geratzen da, ur gazia hondoan geratzen den bitartean. Gutxika mareen korronteek eta haizeak ur mota biak batzen ditu.
Lekeitioko badian itsasoratu aurretik, Lea ibaiak Marierrotako padura zeharkatzen du. Padurak ibaiek garraiatutako sedimentuen ondorioz eratzen dira. Izan ere, batzuetan, estuarioetako lokatzetan oxigeno gutxiko sedimentuak pilatzen dira: anoxikoak. Lur arre hauek erraz identifikatzen dira darien usain garratzagatik eta beraien koloreagatik, eta ekosistema aberatsen bizitokia dira. Gainera, uraren biltegi direnez, uholdeen kontrolean zerikusi handia dute.
Oro har, itsasadarretan sedimentazio maila oso altua izaten da, ibaiek ekarritako lehorreko materialak erraz pilatzen baitira. Horrez gain, mareek ekarritako materialak ere erraz metatzen dira, eremu horiek itsaso zakarretik eta haize gogorretatik babestuta egoten baitira. Estuarioak ekosistema aberatsak dira eta espezie asko bizi eta ugaltzen dira bertan.
Azken metroetan, Lea ibaiak Isuntza eta Karraspio hondartzak, eta Garraitz uhartea zeharkatzen ditu. XIX. mendera arte, uhartearen mendebaldetik itsasoratzen zen ibaia, baina hondar pilaketei aurre egiteko Lazunarriko moila eraiki zutenetik ekialderantz egiten du.
Hondartza eta itsaslabarrak ekosistema konplexuak dira, eta horietan bi ingurune uztartzen dira: harea eta haitzak. Hondartzek malda leuna dute eta lokatzez, ale-tamaina ezberdinetako hareaz eta uharriez osatuta daude. Haitzak, bestalde, substratu gogorrekoak dira eta malda nabarmena izaten dute. Maiz, harean bertan ageri dira eta hondartzaren eta itsaslabarraren muga marrazten dute.
Hondartzak sedimentazioaren ondorioz sortzen dira, itsasoak eta ibaiek ekarritako materialak metatzearen ondorioz. Labarretan, berriz, higadura da prozesu nagusia.
Bizkaiko kostaren aurrean dagoen plataforma kontinentalaren ezaugarri morfologikoak aztertuta, badirudi, Pleistozenoan Lea ibaiak Santa Katalinako lurmuturrerainoko bidea egiten zuela. Han, iparralderanzko norabidea hartzen zuen, kilometro batzuen ostean itsasoratzeko. Izan ere, duela 8.000 urte inguru arte, gaur egun Lekeitio dagoen eremua itsasotik lauzpabost kilometrora zegoen. Klima epeldu eta poloetako izotza urtu ahala, euskal kostaldea gaur egungo itxura hartzen hasi zen. Polikipoliki itsasoa ibarretan sartuz joan zen, egungo labarrak, hondartzak eta ibai ahoak finkatu arte.
Izan ere, kostaldea etengabe moldatzen eta eraldatzen joan da. Aipatu berri dugun aldaketa klimatikoez gain, milioika urtetan, bestelako prozesuen eragina ere jasan izan du kostaldeak. Era Sekundarioaren amaierara arte, euskal kostalde osoa itsasoaren azpian egon zen, eta mugimendu orogenikoen ondorioz atera zen lurrazalera. Hortaz, arestian aipatu ditugun higadura eta sedimentazio prozesuez gain, kostaldearen sorrera, bilakaera eta egungo itxura ulertzeko, kontuan izan behar ditugu aldaketa klimatiko eta mugimendu orogenikoak ere.
Modu apalagoan izan arren, gizakiek ere zerikusia izan dute kostaldearen itxuraldaketa horretan. Kostaldeko tarte estuan bizi dira munduko gizakien erdiak, batez ere, gurea bezalako itsasadar eta babestutako eremuetan. Bizkaian ere, esaterako, itsas hegian bizi da hiru biztanletik bat. Hori dela eta, inguru horietako morfologia izugarri aldatu du gizakiak. Ingurugiroa hobeto aprobetxatzeko hainbat moldaketa burutu ditu: portuak eraiki, hezeguneak lehortu, ibaiak bideratu eta abar. Lekeitio eta bere inguruak ere hainbat moldaketa jasan ditu gizakiaren eskutik. Horren adibide dira, kaia, Marierrota, Lazunarri moila, edo hondartzaren gainean eraikitako enparantza eta parkea.
Lekeitio itsasora begira eraiki zuten, portu bat eraikitzea erraza zen lekuan. Hala ere, historian zehar hainbat arazo ekarri zituen Lekeitioko badiak. Itsasbeheretan harea agerian geratzen zen eta kalte handiak eragiten zizkion ontzidiari, maiz, itsasoratzea bera ere oztopatuz. Hondar barra horiek itsasoko olatuek eta Lea ibaiak sortzen zituzten, eta arazoa ez zen konpondu XIX. mendera arte. Hori dela eta, badirudi, Isuntzako moilak garrantzia handia izan zuela ordura arte. Arrantzontziak Arranegiko kaian lotzen ziren arren, zama ontzi handienak itsasadarrean ainguratzen ziren. Gainera, moila horretan eta itsasadarrean igarotzen zuten negua ontzi askok, eta ontzi handienek bertan burutzen zituzten zamalanak.
Mareak eragin handia izan ohi du itsas jardueretan. Kantauriko kostaldean egunero bina itsasgora eta itsasbehera daude, eta marea behean edo goian egon, ur azpiko harea eta haitzak agerian geratu eta erabat aldatzen da ingurua. Itsasaldi edo marea horiek ilargiaren eta eguzkiaren grabitate indarren eraginez sortzen dira, eta batetik bestera sei ordu eta hamabost minutuko tartea egoten da. Fenomeno hau argi nabari da kostaldean eta itsasadarretan.
Mareen arteko tarte zabalena marea bizietan gertatzen da, ilberri eta ilbeteetan. Ostera, marea hiletan itsasgora eta itsasbeheraren arteko aldea, gutxi gorabehera, metro batekoa baino ez da izaten. Fenomeno hori ilbehera eta ilgoretan gertatzen da.
Geologiari dagokionez, Lekeitio Bizkaiko iparraldeko Antiklinarioan dago. Hain zuzen antiklinal horren ipar-ekialdean, Nabarniz-Aulestiako egiturari dagokion zonaldean. Eremu horretan arrakalak, pitzadurak eta tolesdurak ugariak dira, eta urak horietatik igaroz haitzuloak eta bestelako egitura karstikoak sortu ditu. Izan ere, Lekeitio eta inguruetan, erraz disolbatzen diren Behe Kretazeoko fazie urgondarretako materialak dira nagusi, hau da, duela milioika urte arrezifeen inguruetan sortutako kareharriak. Gaur egun lehorrean ikus dezakegun kareharri hori, antzina, itsaso azpiko harea zen. Horren adierazle dira, esaterako, kareharri multzoetan azaldu ohi diren itsas animalien fosilak.
Nolabait esateko, gure herria “karst urbanoa” da, etxeak eta bestelako eraikuntzak kareharrian sortutako kobazuloen gainean baitaude kokatuta. Karsta forma bereziz osatuta egoten da, bai lurrazalean, bai lurpean. Herri azpian, adibidez, errekak, kobazuloak, galeriak, leizeak eta abar aurki ditzakegu. Horien artea, azpimarragarriena beharbada, Armintxeko galeria multzoa. Sarri asko, ingurune karstiko hori ez da behar bezala zaindu eta horrek arazoak ekarri izan ditu: kutsadura, uholdeak, ur erreserbak agortzea, aztarnategi arkeologikoak hondatzea eta abar.