Saltatu nabigazioa

4.8.- Kolon, Amerika eta lekeitiarrak

1492. urtean, Errege-erregina Katolikoek Granada konkistatu zuten urtean, Kolonek gidaturiko espedizioa Amerikara heldu zen. Ekintza gogoangarri horretan hainbat euskaldunek parte hartu zuten, eta tartean ustezko bi lekeitiarrek. 1924-1944 urteen artean, Alicia B. Gould amerikar historialariak, Sevillako Indietako Artxiboko dokumentuetan oinarrituz hainbat ikerketa burutu zituen, eta horietan Kolonen lehen bidaian parte hartu zuten dozena bat euskaldunen izenak eman zituen argitara. Ordutik, hainbat autorek landu dute gaia, nahiz eta aipatzen dituzten izen eta hipotesi gehienak Gouldek berak burututako lanetan oinarrituta dauden.

Jakina den bezala, espedizioa 1492. urteko abuztuaren 3an abiatu zen Andaluziako Palos herritik. Itsasoan 79 egun egon, eta hainbat zailtasuni aurre egin ondoren, Amerikako lurretara iritsi ziren. Karibeko hainbat uhartetatik igaro ostean, egungo Haitin lehorreratu ziren, eta Española izenarekin bataiatu zuten irla.

Antza denez, hasiera batean, bertako indigenek harrera ona egin zieten eta adeitasunez jardun zuten tratuan. Alabaina, beste mota bateko ezbeharra izan zuten Kolonen gizonek. Abenduaren 25ean, gabon egunez, istripu bat izan zuten: Santa Maria ontzia trabatuta geratu eta hondoratu egin zen. Ontziaren hondarrekin Navidad gotorlekua eraiki zuten, europarren lehen asentamendua. 1493. urteko urtarrilaren 4an, Kolon Europaratz abiatu zen aurkikuntzaren berri ematera. 39 gizon bertan geratu ziren Diego Aranaren aginduetara, espedizio berri baten etorreraren zain.

1493. urteko irailaren 25ean atera zen Kolonen bigarren espedizioa Cadizetik. Atlantikoa zeharkatu ostean, azaroaren 28an iritsi ziren Españolara. Bertan, ordea, eraikitako gotorlekuaren hondarrak baino ez zituzten aurkitu. Antza denez, Kolonek Europarako bidea hartzean, Navidad gotorlekuan geratutakoen artean hainbat liskar eta norgehiagoka sortu ziren. Aranaren aginduei muzin eginez, gizon talde batek indigenei eraso ziela uste da, eta horiek mendekuz gotorlekua suntsitu eta bertako kide guztiak hil zituztela. Ikusiko dugun moduan, tartean hainbat euskaldun, eta ustezko bi lekeitiar egon ziren.

Hain zuzen, Española uhartean hil zirelako daukagu lekeitiar horien berri. Izan ere, Sevillako Kontratazio Etxearen eta hildako horien oinordekoen artean, hainbat auzi izan ziren, heriotzen ostean kobratu beharreko soldata eta pentsioak zirela eta. Martin Perez de Likona lekeitiarrak[1] Kontratazio Etxearen aurrean, hainbat bizkaitarren interesak defendatzen jardun zuen prokuradore gisa. 1513-1514. urteen artean, azkenik, erakunde horrek diru kopuru bat ordaintzea lortu zuen.

Indietako Artxiboko dokumentuek Txatxu[2] izeneko kontramaisu[3] baten berri ematen digute –“Chachu”, jatorrizko dokumentuan–. Navidad asentamenduan hil zela aipatzen da. Antza, aipatu berri dugun Martin Perez de Likona lekeitiarra arduratu zen Kontratazio Etxeak bere ama Katalina Debakoari ordaindu behar zizkion 18.520 marabediak kobratzeaz. Ordainketa 1513ko azaroaren 15ean burutu zen. Honela dio agiriak:  

“Que pago mas el dicho thesorero en quynze de noviembre de myll y quynientos e treze años, a Martin Perez de Licona, vezino de la villa de Lequeitio ques en el condado de Vizcaya, en nombre de Catalina, madre de Chachu, contramaestre que murió en las yndias el primer viaje que se descubrió la ysla Española, dies e ocho myll e quinientos e veynte mrs. que el dicho Chachu, contramaestre defunto, ovo de ayer a cumplimiento del sueldo que ganó en el dicho viaje segund paresce en la nomina de su alteza por la qual manda pagar a los que en el dicho viaje seruieron, los quales dichos mrs. ovo de aver la dicha Catalina de Deva, segund parece por las escrituras que dello mostro ante nos el dicho Martin Peres de Licona, que estan en poder del dicho thesorero con nuestro libramiento”.[4]

Goulden ustez, bere prokuradorea Perez de Licona izanik eta bere ama Katalina Debakoa deiturik, argi dago Txatxu euskalduna zela. Horrez gain, ziurrenik, Santa Mariako kontramaisua izan zela dio. Izan ere, ontzi hura hondoratu ostean, bere hondarrekin eraikitako gotorlekuan geratu zen, beste bi ontziak Europara bueltatu zirenean.

Datu hori ere garrantzitsua litzateke bere jatorria zehazteko orduan. Izan ere, nahiz eta Pinzon anaiek gidatutako Niña eta Pinta karabeletan ere euskaldun batzuk izan ziren, horietako tripulazioaren gehiengoa andaluziarrek osatzen zuten. Hala ere, Santa Mariako[5] eskifaia penintsula iparraldeko itsasgizonez eta, batez ere, kantabriar eta euskaldunez eratu zen. Itsasontzi horren jabe eta maisua Juan de la Cosa izan zen, bizkaitarra edo kantabriarra izan bide zena. Datu horietan oinarrituz, azken urteetan gaia landu duten autore gehienek lekeitiartzat jo izan dute Txatxu kontramaisua.

Argiagoa da Domingo Lekeitiokoa izeneko eskifaia-kidearen kasua –“Domingo de Lequeitio”, jatorrizko dokumentuan–. Indietako Artxiboko agirien arabera, Martin Perez de Likonak, 1513ko azaroaren 13an, Domingo Lekeitiokoren ama Maria Bizkarraren izenean 16.674 marabedi kobratu zituen, bere semea Españolan hil ostean. Honela dio agiriak:

“Pagó más el dicho thesorero este día [1513ko azaroaren 13an], al dicho Martin Perez de Licona en nombre de María de Vizcarra vihuda, vezina de la dicha villa de Lequeitio, madre de Domingo de Lequeitio que murio en las yndias el primer viaje que se descubrió la ysla Española, diez e seys myll e seyscientos e setenta e quatro mrs. que el dicho Domingo de Lequeitio ovo de aver a cumplimiento del sueldo que ganó en el dicho viaje, segund paresce en la nomina de su altesa por la qual manda pagar a los que en el dicho viaje se reunieron; los quales dichos diez e seys mill e seyscientos e setenta e quatro mrs. ovo de aver la dicha daría de Vizcarra por las escrituras que dello mostro ante nos el dicho Martin Perez de Licona, que estan en poder del dicho thesorero con nuestro libramiento en las espaladas”[6].

Kasu honetan, ziurtasun handiagoz esan dezakegu Domingo lekeitiarra zela. Lekeitiar prokuradorea izateaz gain, bere izenak hala adierazten du eta agiriak argi uzten du bere ama lekeitiarra zela. Goulek Santa Maria ontzian kokatzen du Domingo, eta marinel arrunta baino zerbait gehiago izan zitekeela iradokitzen du. Izan ere, bera hil ostean, bere senideek eskuratu zuten ordain-saria oso altua izan zen, eta baliteke ofiziala izan izana.

Ustezko bi lekeitiar horiez gain, baziren Santa Marian inguruko herrietako itsasgizon gehiago ere. Horietako bat Ispasterko Domingo Perez de Atxia kupelgilea –“de la anteiglesia de San Miguel Dyzpazter”–. Hori ere, Txatxu eta Domingo Lekeitiokoarekin batera, Navidad gotorlekuan hil zen. Beste marinel bat Natxituako Martin Urtubia itsasmutila izan zen –“de Anchitua”–. Berau ere, Navidaden hil zenetako bat. Azkenik, ontzi horretan Erandioko Lope izeneko itsasarotz bat ere badugu.

Lau bizkaitar horien oinordekoak Lekeitioko Martin Perez de Likonak ordezkatu zituen Sevillako Kontratazio Etxearen aurrean, 1513 eta 1514. urteetan. Eta, arestian esan bezala, zor zitzaizkien soldata eta pentsioak ordaintzea lortu zuen.  

Horiez gain, espedizioan parte hartu zuten euskaldun gehiago ere ageri dira agirietan. Lekeitio eta inguruetakoak Santa Maria ontziko tripulazioaren artean agertzen diren arren, gipuzkoarrak Niña karabelako tripulazioaren parte izan ziren. Ageri diren izenen artean, Juan Martinez de Azoke, Ruiz Peña, Iñigo Orden, Plaza, Pedro Arraes eta bere seme Juan Arraes gipuzkoarrak ditugu, ziurrenik gehienak debarrak.

Ontzi berean zihoazen Juan Quintero Algruta –Algorta?–, Domingo Bermeokoa eta Francisco Bergarakoa izenez erroldatu ziren marinelak ere. Euren jatorria zalantzazkoa den arren, baliteke euren abizenek jaioterriari erreferentzia zuzena egitea eta euskaldunak izatea. Hala ere, beti ez zen horrela izaten, eta beraz, ezin daiteke ziurtzat jo. Azkenik, agiriek Pedro Bilbao larrabetzuarra ere jasotzen dute eskifaia horretako kide bezala.           

Amaitzeko, esan behar da, Kolonen lehen espedizioko kide gehienak andaluziarrak izan baziren ere, euskaldunek ere presentzia nabarmena izan zutela. Baliteke, ordurako euskaldunek itsasgizon bezala zuten ospeagatik kontratu izana bertoko jendea; edo agian, baliteke, Juan de la Cosa ontzijabearen eraginez erroldatu izana bidaia hartan.

Hemendik aurrera, lekeitiarrak hainbat itsas espedizio eta enpresatan murgildurik ikusiko ditugu. Adibide bezala, Domingo Urrutia eta Felix Asua aipatuko ditugu. Lehenengoa Trinidad ontziko marinela izan omen zen, Magallanes eta Elkanok munduari itzulia eman zioten espedizioan. Bigarrena, berriz, Trafalgarko itsas batailan izan omen zen. Antza, bertan eskua galdu eta zauriturik hil zen.

[1] 1504an, Martin Perez de Likona izeneko bat izan zen Lekeitioko alkatea, baliteke pertsona bera izatea.

[2] Interpretazio ezberdinak egin dira izenaren gainean. Nicolas Tenorio Cererok “Ohjahn” bezala interpretatu zuen, hau da, “Juan”. Gouldek, berriz, “Chachu” edo “Chanchu” dakarrela dio. Izan ere, agirian birritan agertzen da, eta bakoitzen modu ezberdinean idatzita. Autore horrek dioenez, Juan izenaren txikigarria izan daiteke,  hau da, “Juantxu”.

[3] Kontramaisu: marinelen ardura duen ofiziala.

[4] http://www.cervantesvirtual.com/obra-visor/nueva-lista-documentada-de-los-tripulantes-de-coln-en-1492-2/html/00a99a5a-82b2-11df-acc7-002185ce6064_10.html

[5] Hain zuzen, agirietako pasarte batzuetan, Santa Maria “La Vizcaina” bezala ere izendatzen da.

[6] http://www.cervantesvirtual.com/obra-visor/nueva-lista-documentada-de-los-tripulantes-de-coln-en-1492-2/html/00a99a5a-82b2-11df-acc7-002185ce6064_10.html

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia