XIV. mendetik aurrera burdingintzak garapen handia izan zuen Euskal Herriko ipar-isurialdean. Europatik eta Iberiar penintsulatik zetorren eskaria gakoa izango zen horretan, baina baita zonalde horrek zituen baldintza ezin hobeak ere: garaiko teknologiarako mineral mota onena berton zegoen, ustiatzeko errazak ziren meatze irekiak; lurralde aldapatsu eta euritsua izanda, basoak eta ura –energia hidraulikoa– eskuragarri zeuden; zirkulazioa errazten zuten ibai sarea zegoen; merkataritza eta garraiolaritza ahalbidetzen zuten forudun portuak zeuden; eta, gainera, zonalde hau Europa eta Gaztelak osatzen zuten ardatzaren erdi-erdian zegoen kokatuta.
XIII. mendera arte haize-oletan bakarrik ekoizten zen burdina, oso kantitate txikietan. Baina XIV, XV eta XVI. mendeetan eskala industrialean produzitzen hasi ziren, energia hidraulikoa erabiliz. Batez ere burdin lingoteak egiten ziren, esportaziorako. Ez da ahaztu behar Europan burdinaren eskaria izugarri igo zela Ehun Urteko Gerraren (1337-1453) testuinguruan. Armadak geroz eta handiagoak ziren, eta horiek geroz eta jaurtigai, blindaje eta arma sofistikatuagoak behar zituzten. Eskari hori aseko zuen euskal burdinak.
XV. mende amaieran Bizkaitik 3.000 tona burdin esportatu ziren. Europa osoan kontsumitzen zen burdinaren %20 Bizkaia eta Gipuzkoatik zetorren. Ingalaterrari dagokionez, kopurua askoz altuagoa zen, herrialde horrek inportatutako burdinaren %90 euskal jatorriko burdina baitzen. XVI. mendean, Bizkaia eta Gipuzkoako burdinaren herena ontzigintzarako erabiltzen zen, beste heren bat lanabesak –iltzeak, armak, nekazal tresnak– egiteko eta azken herena esportaziorako. Horri esker, nekazaritzarako hain txiroak ziren probintzia hauek garia eta bestelako elikagai batzuk inportatu ahal izan zituzten, bertako bizi baldintzak hobetuz.
Bizkaia eta Gipuzkoan hirurehun burdinola inguru zeuden Erdi Aro amaieran. Hortaz, kalkula daiteke 1.500 langile inguruk jarduten zutela lanbide horretan. Populazio osoaren %6 ingururi ematen zion lana sektore horrek modu zuzenean, eta beste %25 ingururi zeharka. Izan ere, beste hainbat ogibide zeuden burdingintzarekin estuki lotuta, hala nola ikazkinak, basozainak, garraiolariak, meatzariak, errementariak, merkatariak, zergalari eta eskribauak, ostalari eta merkatariak eta abar.
Burdinolak instalazio konplexuak ziren. Uharka eta sistema hidraulikoak, errotak, olak, errenteriak –zergak kobratzeko–, langileen etxebizitzak, biltegiak eta bestelako azpiegiturak barnebiltzen zituzten. Gainera, inguruan basoak eta ikatza egiteko eremuak izaten zituzten oro har.
Lea ibarrean gaur egun ere instalazio horien arrastoak ikus ditzakegu, garai batean zonalde honek izan zuen aktibitate ekonomiko biziaren erakusgarri. Lea ibaiak 30 kilometroko bidea egiten du Oiz menditik Kantauri itsasoraino. Bidean Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Ispaster, Mendexa eta Lekeitioko lurrak zeharkatzen ditu, eta ibilbide guztian zehar, hainbat errota, presa, burdinola eta burdingintzari lotutako bestelako arrasto gorde dira.
Izan ere, arestian esan dugun moduan, Lea ibarrak ez zuen, Bizkaiko beste zonalde batzuek bezala, industrializazio prozesurik ezagutu. Hori dela eta, gaur arte mantendu dira produkzio sistema zahar haren hondarrak. Ibaia jaiotzen den goialdean XIV. mendean ohikoak ziren burdinolak ditugu, Erdi Arokoak: Agorria, Goikolea, Olatxu, Bengola eta Munitibar.
Arroaren erdialdean, berriz, XVII eta XVIII. mendeetako burdinolak ikus ditzakegu, garai hartan izan ziren aurrerakuntza teknologikoak erakusten dizkigutenak. Esanguratsuenak Bengolea (argazkia), Angiz, Lariz eta Erezako multzoak dira. Guztiak ere produkzio gune konplexuak dira (irudia), bestelako azpiegiturez gain –baserri, etxe, eraikin erlijioso eta militarrak–, burdinola handi eta txikiz osatuak.
Gune honetako multzo garrantzitsuena Bengoleakoa da (Okamika auzoa, Gizaburuaga). XIV. menderako bazen ola bat bertan. 1650. urtean zaharberritu egin zen. Errota berri bat eta burdinola bi eraiki ziren. Gerora, Pedro Bernardo Villarreal de Berrizen jabetzara igaro zen eta honek berregin eta modernizatu egin zuen. Besteak beste, errentagarritasun hobea lortzeko sistema hidraulikoa hobetu zuen –igarotako uraz zebilen errota gehituz adibidez–, eta burdinolan hirugarren labe bat jarri zuen. Erreforma horren ostean, burdinola nagusi bat –totxoak egiteko– eta txiki bi –totxoa horiek lantzeko– izatera igaro zen konplexu industriala. Bengolean unitate produktiboaz gain –burdinolak, ikaztegia, errotak, presa–, dorretxe bat, ermita bat eta olagizonen etxebizitzak zeuden. Azpimarratu behar da, oso gune konplexu eta aurreratua izan zela bere garairako.
Ibaiaren ahoan, itsasoratu aurreko kilometroetan, ontzigintza industria egon izan da XX. mende amaierara arte. Hori erakusten digute ibaiaren ertzetako ontziolek eta burdinaren inguruko jarduerek utzitako hondarrek. Bertan aurkitzen ziren, besteak beste, Magdalenako arragoa, errenteria eta kaia ere. Horrez gain, Olalden –orain Burdinola fabrika dagoen lekuan– bazen burdinola eta errota bat ere, gaur egun bere arrastorik geratzen ez den arren. Hain zuzen, bertan dagoen presara arte heltzen dira itsasoko mareak.
Konplexu industrial horiez gain, garai ezberdinetako ibai-errota asko daude ibaiaren zonalde guztietan. Horien artean, mota ezberdinetakoak bereiz daitezke. Antapara gabeak –Lariz-aurreko Errotazar, Gizaburuagan–, non presak ura zuzenean errotara desbideratzen duen eta errota presaren ondoan dagoen; antaparadunak –Elortza, Munitibarren–, non presak ura ubide batera desbideratzen duen eta errota presatik metro batzuetara dagoen; kubo-errotak –Kubo, Munitibarren–, non antapararen ordez ur-andela bertikala duten –ezohikoak eta guztiz bereziak Euskal Herrian–; eta azkenik, mareaz funtzionatzen duen errota –Marierrota, Mendexan–, non itsasgora aprobetxatuz ur-andela betetzen den eta itsasbeherarekin ehotzen den.
Bestalde, azpiegitura horietan elementu hidraulikoak aurki daitezke, hala nola presak (argazkia), ura errotara eramateko erretenak, urtegiak, antaparak, estoldak, isurbideak, tunel hidraulikoak eta abar. Baita jarduera ezberdinetarako erabiltzen zen makineriako osagai batzuk ere, turbinak, turtukiak, errotarriak edo toberak adibidez.
Ondare multzo horietan, azpimarragarriena agian, arkuez eta kontrahormez egindako presak dira, arku-presa bezala ezagutuko direnak (argazkia). Presa mota horiek kultur balio handia dute, bereziak eta urriak baitira. Gainera, garrantzia teknologiko handia izan zuten garai hartarako, ordura arteko grabitate-presa zuzenen aldean –Bengoleakoa kasu–, arku-presak erresistentzia hobea izateaz gain, mantentze lanetarako nahiz eraikitzeko ere merkeagoak baitziren –material gutxiago behar zuten–.
Pedro Bernardo Villarreal de Berriz ingeniari eta jauntxoak diseinatu, eraiki eta ezagutarazi zituen, eta presa mota horrekin ingeniaritza hidrauliko modernoa sortu zen. Lea ibaian eraiki zituzten lehen aldiz Europa osoan, eta beste askoren eredu izan ziren. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden 996 burdinola-errota multzotatik, 54 baino ez dira arku-presadunak eta horietatik hamar Lea ibaian daude: Ibeta, Amulua, Angiz eta Bekoerrota Aulestin; Errotabarri eta Artinerrota Amoroton; beste Errotabarri, Errotazar eta Lariz-Oleta Gizaburuagan; eta azkenik, ia erabat desagertuta dagoen Goikoerrota. Horietatik bi –Gizaburuagako Errotabarri eta Errotazar– zalantzarik gabe Villarreal de Berrizek berak diseinatu zituen. Gainerakoak ere Villarreal de Berrizek egindakotzat jo izan badira ere, ez dago froga idatzirik. Hala ere, berak finkatutako ereduari jarraituz egin ziren.
Beraz, Zubietakoak hurbil izan arren, Lekeitiok ez zuen bere jurisdikziopean burdinolarik. Hala ere, Lea ibarreko burdinola batzuen jabe edo administratzaileak hiribilduko familia aberatsak izan ziren, yarzatarrak edo Villarreal de Berriz bera kasurako. Horiexek izan ziren Lekeitio burdinaz hornitu zutenak eta mea portutik merkaturatuz etekin handiak atera zituztenak.