Iñigo eta Nikolas Artieta (argazkia)
Iñigo Artieta edo Arteyta Lekeitioko XV. mendeko pertsonaia garrantzitsuenetako bat izan zen. Hiribilduko Artieta merkatari-familia aberatseko kidea, hainbat ofizio izan zituen, besteak beste, itsasgizona, armadorea, militarra, merkataria edo kortsarioa izan baitzen. XV. mende erdialdean jaio zen, eta Nikolas Ibañez Artieta marinel, armadore eta merkataria izan zen bere aita. Bere neba-arrebak Juan Nikolas Artieta –Lekeitioko alkate izango zena–, Durangoko Tabira hiribilduko preboste Franzisko Artieta, eta Maria Mezeta ziren. Azken hori Uriarte jauregiko jabe Juan Perez Landaren emaztea. Marina Arriagarekin ezkondu zen Iñigo Artieta, eta Juan Nikolas Artieta semea izan zuten elkarrekin.
Armadore izanik, XV. mendeko 70eko urteetan, Gaztela eta Portugalek izan zituzten gatazketan parte hartu zuen. Garai hartan, Gaztela eta Portugal ziren Europako itsas potentzia nagusiak eta hegemonia lortzeko norgehiagoka bizian ari ziren. Batetik, Gaztelako Koroa eskuratzeko lehia zegoen, eta bestetik, Gineako merkataritzaren gaineko interesak eta Afrikako merkatal bidea kontrolatzeko nahia.
1476. urtean, Gaztelak Charles Valera kapitainaren aginduetara jarriko zen itsasontzidi bat prestatu zuen, Gineatik urre eta esklabuak garraiatzen zuten ontzi portugaldarren aurka borrokatzeko. Horretarako hamabi ontzi prestatu ziren: Bizkaiko hiru eta Andaluziako bederatzi. Horietako bat, Anton Martinez Nietok gidatu zuen eta Iñigo Artietaren jabetzakoa zen.
1477. urtean Artietak, armadore zela, bere Santa Maria Magdalena karabelarekin beste itsasontzidi batean parte hartu zuen. Oraingo honetan, Ginean portugaldarren aurka egitea zen asmoa. Errege Kontseiluko Rodriguez Lilok alokatu zion ontzia, Alonso Fernandez Lugo militarraren aginduak betez.
Ontzidi horiek burututako jarduna ezinbestekoa izan zen Portugalek Afrikan zituen interesen aurka egiteko eta Alcaçovasko tratatua (1479) sinatzea lortzeko. Hitzarmen horrekin bi erresumen arteko bakea adostu zen, Gaztelako ondorengotza gerra (1475-1479) amaitutzat jo zen, eta Atlantikoko lurraldeak bi herrialdeen artean banatu zituzten. Portugal Ginea, Madeira, Azoreak eta Cabo Verderekin geratu zen, eta Gaztela Kanariar Uharteekin. Dokumentu batzuek iradokitzen dutenez, espedizio horietako batean, Gaztelako Koroak ez zizkion Iñigo Artietari itzulera-gastuak ordaindu.
1477. eta 1498. urteen artean, Artietaren ontziek Mediterraneoan jardun zuten, Iberiar penintsularen, Balear uharteen, Italiaren eta Siziliaren arteko merkataritzan, elkar-truke sare sendoa eratuz herrialde horien artean.
Bidaia horietan kortsoan ere aritu zen Artieta eta etsaien hainbat ontzi bereganatu zituen. Garai hartan, kortsoan aritzea deitzen zitzaion erregearen baimenez Gaztelako Koroaren etsaiak ziren herrialdeetako itsasontziak hondoratu edo harrapatzeari. Lekeitioko itsasontzien armadoreek euren irabazien eta harrapaketen %1 ordaindu behar izaten zioten Santa Maria elizari, eta Artietak hala egin zuen behin baino gehiagotan bere harrapaketetan lortutakoarekin.
1482. urtean, bidaia horietako batean, Palermoko portuan Genoako merkatarien oihalak kargatzen ari zela, Luis Pexko kapitainak eraso zion Artietari, genoarrak Koroaren etsaiak zirela argudiatuz. Borroka hartan Artieta Pexoren itsasontziaz jabetu zen, baina honek auzitara eraman, irabazi eta 1.000 dukat ordaintzera zigortu zuten Artieta. Izan ere, garai hartan Genova Gaztelaren etsaia zen eta debekatuta zegoen bertakoekin negozioak egitea, nahiz eta merkatari bizkaitar askok agindu horri jaramonik ez egin.
1483. urtean beste gorabehera bat izan zuen Gaztelako Koroarekin. Errege-erregina Katolikoek Otrantoko portuan Napoliko erregearen itsasontzi bati eraso eta bertako merkantziak lapurtzea leporatu zioten. Artietak, ordea, harrapatzea Tarentoko kostan izan zela, eta itsasontzia Alexandriako Cide Amed mairuarena izan zela argudiatu zuen. Halere, bere aurkako atxilotze agindua eman zuten. Artieta aurkitu ez zuten arren, bere ondasun guztiak bahitu zizkioten. Besteak beste, Santa Maria elizaren aurrean zuen dorretxeko ondasunen inbentarioa egin zuten, eta baita haren itsasontzi batena ere. Esan bezala, ondasun horiek guztiak bahituta geratu ziren. Dokumentu idatziek diotenez, harrapatze horren bidez lortutako irabazietatik Iñigo Artietak Santa Maria elizari 53 dukat eman zizkion.
1484. urtean, badakigu Artieta itsasontzi bat eraikitzen ari zela Laidan. Izan ere, Gaztelako erregeak 600 tonel[1] baino gehiagoko zama eraman zezaketen itsasontziak eraikitzen ari ziren armadoreei pribilegioak eman zizkien, eta horien artean aipatzen da Lekeitioko armadorea. Hain zuzen, erregeak Bizkaiko korregidoreari bidalitako gutunean, Iñigo Artieta Laidan eraikitzen ari zen ontziari inolako zergarik ez kobratzeko eskatzen da. Errege-erregina Katolikoek, armada osatzeko garaian ontzirik falta ez zedin, horien eraikuntza sustatzeko erraztasunak eman ohi zizkien armadoreei.
1485. urteko dokumentu batean ere Iñigo Artieta aipatzen da. Bertan, berriz ere, Lekeition eraikitzen ari zen itsasontzi baten gaineko zerga pribilegioa eskaintzen dio erregeak. Kasu horretan, eraikitzen ari zen itsasontziak 900 toneleko zama eraman zezakeen. Argi ikus daiteke, erregeari zama handia garraia zezaketen itsasontziak eskuragarri izatea komeni zitzaiola eta hori sustatzen zuela.
Amerikaren aurkikuntzaz geroztik, Espainia eta Portugalen arteko lehia areagotu egin zen. Adibidez, Portugalgo errege Joan II.ak aurkikuntzaren berri izan zuenean, armada bat prestatzeko agindu zuen. Agindu horri aurre egiteko asmoz, Errge-erregina Katolikoek Bizkaiko armada izenez ezagutuko den itsas armada boteretsua antolatzea erabaki zuten, gaztelarren bidaiak babesteko, eta portugaldarrek itsasbide berriaren kontrola eskura ez zezaten.
1493. urtean, Iñigo Artieta armada horretako kapitain general izendatu zuten, eta garrantzia handia izan zuen bere antolaketa lanetan. Armada urte bereko uztailean atera zen Bermeotik Cadizera, Kolonen bigarren bidaian parte hartzeko asmoz. Ontziteria Iñigo Artietaren karraka batez –neurri handiko karga-itsasontzia–, ontzi handi batez, bi ontzi ertainez eta ontzi txiki batez osatua egon zen hasieran. Geroago, ontzi horiei, Artietak berak emandako karabela txiki bat gehitu zitzaien. Azken horrek mila toneleko zama eraman zezakeen, hirurehun gizonez osaturiko tripulazioa zuen eta ehun piezako artilleria. Eskifaia-kide gehienak lekeitiarrak izango zirela pentsa daiteke, horietako ehun marinelak ziren eta beste berrehun arma gizonak.
Hasieran, armadaren helburua Kolonen espedizioa zaintzea izan bazen ere, portugaldarren ontziak itsasoratuko ez zirela jakin ostean, Errege-erregina Katolikoek Adrara (Almeria) bidali zuten, Boabdil erregea eta haren mendekoak Afrikara garraiatzeko. 1492. urtean, zortzi hilabeteko setioaren ostean, Boabdilek amore eman eta Granada Gaztelaren esku utzi zuen. Trukean, gaztelarrek sultanari eta bere gizonei modu seguru batean deserriratzeko aukera ziurtatu zien.
Ordutik aurrera, Bizkaiko armadaren hainbat berri ditugu. Esaterako, 1493an dataturik dagoen errege eskutitz batek Iñigo Artieta Bizkaiko armadako kapitan generalari, ejertzitoa Tenerife konkistatzera garraia zezan agintzen dio. 1494. urteko ekainean, armada, berriz ere, Gibraltarreko itsasarte inguruan zegoen. Badakigu, garai hartan, Gaztelako eta Portugalgo erregeak mundua banatzeko negoziaketetan murgildurik zeuden bitartean, Bizkaiko armadak itsasontzi portugaldarren kontrako hainbat eraso burutu zituela zonalde horretan. Azkenean, erregeak esku hartu behar izan zuen Artieta eta bere armada Cadizko portuan gera zitezen eta Portugalgo itsasontziak bakean utz zitzaten.
Portugalekin Tordesillasko hitzarmena (1494) izenpetu ondoren, Bizkaiko armada desegitea erabaki zuen Koroak. Hala ere, hortik gutxira, berriz ere armadaren zerbitzuak kontratatu zituen turkoek Sizilia eta Napoles inguruan burututako erasoak zirela eta. Espedizio berri hartan Iñigo Artietari, Garceran Requesens delakoaren agindupean, Sizilian zain zegoen beste hogei ontziko flotarekin batzea agindu zitzaion. Horrela, Gaetako blokeoan parte hartu zuten, euren etsaiek itsasoz jaso asmo zituzten hornikuntzak oztopatuz.
Zerbitzu horiengatik guztiengatik Errege-erregina Katolikoek mesede bat eman zioten: “merced real para cuatro lanzas mareantes”. Horren bidez, bizi osorako errenta bat eskuratu zuen, erregeak armetara deitzen zuen bakoitzean bere ordez lau gerlari ordaintzeko. Mota horretako pribilegio edo mesedea Koroarentzako zerbitzu bereziak burututakoek baino ez zuten jasotzen.
Itsasoz haraindi burututako enpresa eta eginkizun horiez gain, Lekeition bertan jaso zen beste gertakari baten bueltan ere aipatzen da Artieta. Antza, 1485. urtean norgehiagoka bat izan zen Lekeitioko probestutza karguaren inguruan. Urte horretako urrian Rodrigo Adan de Yarza hiltzean, Errege-erregina Katolikoek yarzatar leinuari kendu egin zien probestu titulua eta esku batetik bestera ibili zen urtebetez. Hasieran, Pelayo Zubietari eman zioten, baina zortzi hilabeteren buruan, iritziz aldatu eta Pedro Ibarra Izaolaza etxeko jaunak eskuratu zuen kargua. Hiribilduko hainbat bizilagun, tartean Iñigo Artieta, erabaki horren aurka azaldu ziren. Eta antza, gerora Bizkaiako Armadako kapitain general izango zena Pedro Ibarra hiltzen saiatu zen. Azkenik, 1486ko abenduan yarzatarrei itzuli zitzaien kargua.
Iñigo Artietaren inguruan dugun azken berria, 1503. urtekoa da. Urte hartan Lekeitioko Santo Domingo komentuko monjekin kontratu bat izenpetu zuen. Kontratu horren bidez, dominiken esku utzi zuen Errege-erregina Katolikoek urtero ematen zioten 8.600 marabediko errenta. Horietatik 6.000 kapilautza batera bideratu zituen, hau da, egunero meza bat eman zezaten bere arimaren alde. Gainerako 2.600 marabediak kapila bat eraikitzeko erabili zituzten, bera eta bere oinordekoak bertan lurperatzeko. 1503-1512 urteen artean hil zela uste da, eta kapila horretan lurperatu zutela. Ustez, gaur egun, Santa Maria elizan ikus dezakeguna (argazkia).
Artietarretatik ezagunena Iñigo izan bazen ere, azpimarratu behar da, hasieran aipatu dugun bere seme Nikolas Artieta ere negozio gizon garrantzitsua izatera iritsi zela. Ontzigintzan, burdin merkataritzan eta bestelako negozioetan aritzeaz gain, Nikolas Artieta Gaztelako itsasarmadaren hornitzaile nagusienetako bat izan zen. Gogoratu behar da, garai hartan, Koroak ez zuela armada propiorik eta, beharrezkoa zuenetan, ontzijabe eta merkatari handiengana jotzen zuela beharrezko hornigai, ontzi eta armak lortzeko.
Horrela, Nikolas Artietak, adibidez, 1503an Napoliko gerran parte hartu zuen, bere ontzietako bat armadarako konfiskatua izan ondoren. Horrez gain, 1519. urtean, Bizkaiko armadarentzako probeedore lanak burutu zituen, baita Carlos V.a enperadore izendatu zutenean ere. Erregeak Espainiatik Alemaniara egin zuen bidaia antolatu zuen, beharrezko ontzi eta hornigai guztiak lortuz. Carlos V.a koroatzera eramateko osatutako armada hori Lekeition batu zen Coruñara irten orduko.
Aipatutako zeregin horiez gain, Magallanes eta Elkanok gidatutako munduaren lehen itzulian ere zeresan handia izan zuen. Sevillako Kontratazio Etxea arduratu zen bidaia hau antolatzeaz, eta erakunde horrek Nikolas Artietari agindu zion behar ziren hornigai eta bizigai guztiak prestatzeko. Orduan, Magallanesen koinatuarekin batera euskal kostaldera abiatu zen, bertan, beharrezkoak ziren ontziak, armamentua eta tresnak lortu eta Sevillara bidaltzeko.
Bidaiara abiatu ziren bost ontzietatik bat, Magallanesek gidatu zuen Trinidad, alegia, bere jabetzakoa zen, eta 720 dukatengatik dekomisatu zioten. Geroago izena aldatu bazioten ere, ontzi horren jatorrizko izena Santa Katalina Sienakoa izan zen, eta baliteke Lekeition bertan eraiki izana. Hala ere, Artietaren ontziak ez zuen munduari itzulia ematea lortuko, portugaldarrek harrapatu baitzuten Ozeano Barean. Izan ere, abiatu ziren ontzietatik, Victoriak baino ez zuen etxera itzultzea lortu. Dekomisatu aurretik, azken ontzi horren izena Santa Maria izan zen, eta Ondarroako Domingo Apallua ontzijabearena izan zen, Ondarroan bertan eraikia ziurrenik.
1520. urterako, Nikolas Artieta, Sevillako Kontratazio Etxeak antolatzen zituen espedizio guztien hornitzailea zen. Esaterako, 1525. urtean, Elkano eta Loaisaren gidaritzapean Moluketara abiatu zen espedizioa ere berak antolatu zuen. Esan behar da, espedizo hura erabateko porrota izan zela. Elkano eta Loaisa bidean hil ziren, eta Urdanetak agintea hartu arren, abiatu ziren marinel guztien artetik, hogeita lau baino ez ziren helmugara iritsi.
Bere azken urteetan, Nikolas Artieta Cadizen bizi izan zen. Erregeak hiri horretako korrejidore izendatu zuen, hau da, bere ordezkari zuzen. Azkenik, 1532. urtean hil zen.
[1] Tonel: pisu neurri zaharra, garaiko bizkaitarren artean oso erabilia. Tonel bat, gutxi gorabehera, 1,2 tona dira.