Ezer gutxi dakigu Goi Erdi Aroko eta Erdi Aro Beteko, hots, V. mendetik XIII. mendera arteko Lekeitiori buruz. Aurkitu diren aztarnek erromatar aldiko asentamenduaren eta Erdi Aroko elizatearen artean hutsune aldi bat izan zela erakusten digute. Orain arteko ikerketek ezin izan dute zehaztu zenbat mendetako hutsunea izan zen zehazki, baina baliteke VI. mendetik VIII. mendera arte Lekeitio ia erabat despopulatua egon izana. Gero, badirudi IX eta X. mendetik aurrera, Erdi Aroko hirien hedapenarekin lotuta legokeen asentamendu berri bat sortu zela, baina gaurkoz ez dugu informazio iturri nahikorik hori ziurtatzeko.
XIV. mendetik aurrera, Lekeitiori buruzko informazioa oparoagoa da. Mende horren hasieran, Bizkaiko andere Maria Diaz Harokoak, 1325. urteko azaroaren 3an, Lekeitioko Kontzeju edo Udalbatzari emandako hiri-gutunak Lekeition populamendu bat zegoela esaten digu. Horrez gain, populamendu hori nolakoa zen iradokitzen digu:
“Al conçeio de la dicha mi villa de Lequetio (…) Et do a los dichos pobladores (…) que ayan para siempre jamas la yglesia de Sancta Maria de Lequeitio con su çimiterio (…) Otrosy, les do mas todo lo que es dentro de la çerca, que era de Sancta Maria e mio, (…) saluo ende que tomo para mi los mis palaçios que son en Lequetio, çerca la dicha yglesia, e vna plaça ante ellos, aquella que vieren que cunple”[1].
Aipatu bezala, deskribapen hori aztertuz gero, ikus dezakegu bazela jada nolabaiteko populazio gune bat leku honetan, eta lau elementu nagusiz osatuta zegoela: Andre Maria eliza bere hilerriarekin, Bizkaiko anderearen jauregiak, herrixka edo etxe multzo bat, eta hesia. Informazio hori oinarri hartuta, garaiko Lekeitioren gutxi gorabeherako itxura zein zen zehaz daiteke.
Hainbat kondairek Andre Maria eliza 730. urtean eraiki zela aipatzen dute. Hain zuzen, urte horretan bertan, elorri zuri baten gainean agertu omen zen Ama Birjinaren irudi bat gordetzeko asmoz edo. Hala ere, lehenengo data ziurra XII. mendekoa da. Labayruk Historia General de Vizcaya lanean Berriatuko eliza aipatzen du, eta eliza hori bertako zaldunek altxatu zutela dio, eliztarrei oso urrun geratzen zitzaielako Lekeitiokoa. Halaber, mende horretakoa da gaur arte iraun duen testigantza artistikorik zaharrena ere, egurrez eginiko Antiguako Ama Birjinaren irudia.
Bestetik, 1735. urteko deskripzio anonimoak[2] dioenez, eliza Don Juan infanteak kontsakratu zuen 1289. urtean, hiri-gutuna eman baino 36 urte lehenago:
“La Iglesia Parroquial del titulo de Santa Maria de la Asuncion, fué consagrada y segun el cobro de los privilegios y constará en el del Infante Don Juan, treinta y seis años antes del privilegio de dicha Señora Doña Maria Diaz” [3].
Aipamen hori Gaztelako errege eta Bizkaiko jaun Don Juan I.aren zedula batean agertzen da antza, eta zera gehitzen du: eliza Zaldun Dibiseroek fundatu zutela eta Bizkaiko andereari eman ziotela, Arbatzegi eta Ibarrangeluko monasterioen ordainetan. Informazio hori, udaletxean dagoen dokumentu batean dator, hain zuzen, Bizkaiko andereak Alfonso XI.ak 1334. urtean emandako mesedeak konfirmatzen dituen agirian. Hala ere, bertan ez da agertzen inolako datarik.
Laburbilduz, ezin dezakegu jo XII. mendekoa baino zaharragotzat hiri-gutunean aipatzen den eliza. Gainera, arkeologiak datu berririk ematen ez duen bitartean, ezin zehaz daiteke jatorrizko eliza hura nolakoa zen. Kokalekuari dagokionez, pentsa dezakegu egungoa dagoen leku berean egongo zela, nahiz eta askoz txikiagoa izango zen.
Izan ere, harrezkero, gutxienez birritan berreraiki dute eliza, eta ohikoa den moduan, orubea haziz joan da. Hain zuzen, Gregorio IX. aita santuak, 1374. urtean, Aviñongo gorte pontifikaletik zaharberritze lanekin lotuta helarazi zuen buldatik, XIV. mendean sute bat izan zuela eta zaharberritu egin zutela ondoriozta dezakegu. Bestalde, ikusiko dugun moduan, orduko herrigunetik kanpo zegoen eliza, eta berau ere hesiaren barruan egon zedin, aldarazpen txikia eragin bide zuela uste da. Gainera, baliteke, eliza hesiaren parte ere izatea.
Hiri-gutunaren arabera, Bizkaiko anderearen jauregiak elizaren aldamenean zeuden, ziurrenik, egungo Eusebio Erkiaga kalearen hasieran. Aipatzen den plaza, berriz, jauregiaren alboan eta elizaren aurrean zegoen kokatuta, hau da, Gerrikabeitia kalearen hasiera eta parrokiaren atariaren aurrean. Baina, tamalez, ez dugu elementu horien gaineko informazio gehiagorik.
Hiri-gutunak etxe edo baserri multzo bat ere bazegoela ematen digu aditzera. Izan ere, agiria Udalbatza edo Kontzejuari zuzendurik dago –“a los dichos pobladores”– bezala zehazten diren biztanleei. Hainbat hipotesi egin dira horien kokalekuaren harira. Valle de Lersundiren ustez[4], San Kristobal enparantza, Abaroa etorbidearen lehen zatia –2-20 bitarteko zenbakiak– eta Kanpiloa bitartean egon bide ziren, lehorretik hondartzan zegokeen balizko portura zihoan bidea ardatz zutela. Bide hori egungo Dendari kalean eta beronek Gerrikabeitian daukan luzapenean gauzatu bide zen.
Hala ere, Gonzalez Cembellinen ustez[5], biztanle gune hori Kanpiloa edo Uriarte deritzagun gunetik Dendari kalerantz hedatu bide zen, azken hau baino harago nekez helduz. Izan ere, Valle de Lersundiren hipotesia ontzat joz gero, fundazio kartaren garaiaren aurretik, Bizkaiko hiribildu askok hedapenik handiena izan zutenean baino azalera handiagoa izango zukeen Lekeitiok, eta hori ez da oso sinesgarria.
Velilla[6] ere hipotesi horren alde lerratzen da, eta Kanpilo inguruan kokatzen du herrigunea. Uriarte hitzaren etimologia aztertuz, honek “harresi barruko herria” esan nahi duela dio. Bere ustez, izen horrek lehen gune hesituari egingo lioke erreferentzia. Herrigune txiki horrek kale bakarra eduki bide zuen, egungo Gerrikabeitia kalea. Kale hori aurreko bideren baten gainean egina zen eta, agian, egun Berriotxoa kalea den tokian zeharkako etxarteren bat ere izango zuen.
Azkenik, aipatzen den “çerca” dugu, bere tipologia zehatza jakitea ezinezkoa zaigun arren, egurrezko hesi edo itxituratzat har daitekeena, eta elementu guztien artean korapilatsuena dena. Alde batetik, oso zaila da izan zezakeen trazatu eta hedadura zehaztea, hura zehazteko egin diren ahaleginak hipotesi hutsak baino ez baitira. Bestetik, bere trazatuaz gain, beste hainbat zalantza ere sortzen ditu hesiak. Izan ere, garai hartan ez zen ohikoa lur lauaren parte zen eremu bat hesituta egotea. Beraz, argitzeko dago, zein den hesiaren jatorria, nortzuk bere sustatzaileak eta zeintzuk eraikitzeko arrazoiak. Hortaz, aurrerago, Erdi Aroko harresiari eskainitako atalean emango ditugu zalantza horien gaineko zehaztasunak.
Alabaina, badirudi “çerca” horrek eliza, jauregiak eta herrigunea biltzen zituela, zenbait ate zeuzkala, eta haziz zihoan nukleoaren defentsa beharrizak areagotu izanari erantzuteko eraiki zela.
Honenbestez, hiri-gutunean aipatutako lau elementuak aztertu ondoren, badirudi Lekeitio XIV. mende hasieran esparru itxi bat zela, Kanpiloa erdigune zuena eta Dendari eta Abaroa kaleetaraino luzatzen zena. Espazio horren barruan, hondartzaren ondoan, egongo ziren eliza eta Bizkaiko anderearen jauregiak. Azkenik, esan bezala, eraikin guzti horiek zenbait ate zeuzkan hesi batez zeuden babestuta.
Bi izan daitezke hiribildua fundatu aurretik horrelako herrigune bat egotearen balizko arrazoiak. Alde batetik, elkartzeko gune baten premia, helburu ekonomikoak edo erlijiosoak betetzeko, eta bestetik, gatazka eta ezegonkortasun aldi batean babesa izateko premia.
Hipotesi horiez haratago, garai hartan, Lekeitio Bizkaiko jaurerriaren barruan, lur lauko elizatea[7] baino ez zela da ziur dakigun gauza bakarra. Hala ere, hiri-gutuna jaso aurretik ere, bazuen nolabaiteko garrantzia. Horren erakusle da, 1325. urteko otsailaren 12an Gaztelako errege Alfontso XI.ak Bermeok ordurako bazituen pribilegio berberak eman izana. Besteak beste, bere agindupeko lurretan arrantza eta garraioan aritzeko frankizia. Ez da ahaztu behar Bermeo 1236. urtetik zela hiribildua. Honela dio agiriak:
“Yo, don Alfonso, por la graçia de Dios, rey de Castiella (…), e por faser bien e merçed al conçeio de Lequetio que es del sennorio de Viscaya, en que me pidieron por merçed que ellos que fuesen poblados e franqueados e que ouiesen todos los vsos e costunbres e fueros e franquesas e libertades segunt que lo an el conçeio de Bermeo”[8].
Pribilegio horiek eman izana, Lekeitio ordurako nahiko garatuta zegoen seinale da. Garapen hori XIII. mendean hasi bide zen, Bizkaiko jaurerriaren zabalkunde sasoian, eta XIV. mende hasieran finkatuko zen hiri-gutuna jaso ostean. Elizate hartako herritarrak itsas jardueretan arituko ziren, batez ere arrantzan eta, agian, baita merkataritzan ere.
Amaitzeko, badugu XIII. mendeko zenbait lekeitiarren berri ere. Jimenezek Lekeitioko Monografian dioenez, Sevillako setio eta konkistan parte hartu zuten hainbat lekeitiarrek 1248. urtean. Kontatzen duenaren arabera, Fernando II.ak almirante izendatu zuen Ramon Bonifaz eta Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan eskuadra bat osatzeko agindua eman zion. Agiri originalik ez egoteak zalantzak sor ditzakeen arren, antza denez, Guadalquivir ibaian gora joan zen itsasontzietako baten buru Zaldibar edo Alzibar izeneko lekeitiarra izan zen.
[1] Enriquez, J., Hidalgo de Cisneros, C., Lorente, A. eta Martinez, A. 1992. Colección documental del archivo de Lequeitio (1325-1474). Fuentes documentales medievales del País Vasco. Donostia: Eusko Ikaskuntza Fundazioa. 30-34.
[2] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.
[3] Jimenez, J. M. 2002. Bizkaiko herrien monografiak. Lekeitio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia. 33.
[4] Valle de Lersundi, J. 1990. “La muralla de Lekeitio y las torres de Uriartea”. Lekeitio. Ederti, etnografi eta edestiaren aldizkaria, 2, 30-38. Bilbao: BBK.
[5] Gonzalez Cembellin, J. M. 1992. “Hiribilduaren hiri-bilakaera. La evolución urbana de la villa”. In Askoren artean. Lekeitio. 145-171. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia.
[6] Velilla, J. 1992. Arquitectura y urbanismo en Lekeitio. Siglos XIV a XVIII. UPV-EHU: Serie Tesis Doctorales.
[7] Antza denez, Kontzejua elizaren aurrean biltzen zelako erabiltzen zen elizate izena.
[8] Enriquez, J., Hidalgo de Cisneros, C., Lorente, A. eta Martinez, A. 1992. Colección documental del archivo de Lequeitio (1325-1474). Fuentes documentales medievales del País Vasco. Donostia: Eusko Ikaskuntza Fundazioa. 28-30.