1396. urtean, Uriarte dorreak (argazkia I / argazkia II) Santo Domingo komentuarekin eta harresiarekin muga egiten zuela dio dokumentu idatzi batek. Hala ere, ez dakigu Uriarteko dorre zaharrari buruz –Torrezar– ala gaur egun Uriarte dorretzat jotzen dugunari buruz ari den. Dorre horren gaineko lehen testigantza ziurrak 1510. urtekoak dira (PH), eta ordutik badakigu jabe bat baino gehiago izan dituela, horien artean, esanguratsuena beharbada Hernan Perez de Yarza militar eta diplomatiko entzutetsua. Jabe horrez gain, Martin Perez de Olea armadorearen edo Martin Joan Perez de Beingolea armadore eta merkatariaren eskuetatik ere igaro zen. Izan ere, azken horren leinuak urte luzez izan zuen Uriarte dorrearen jabetza eta hainbat erreforma garrantzitsu burutu zituzten.
XVI. mendetik aurrera, egonkortasun politikoa areagotu ahala, hainbat erreforma jasan zituen ordura arteko funtzio defentsiboa galduz. Besteak beste, defentsarako elementuak galdu zituen, harresien lodiera murriztu zen, eta leiho handiagoak ireki ziren. Hala ere XVII. mende erdialdean jasan zuen eraldaketarik garrantzitsuena, orduan burututako lanen ondorioz, gaur egun duen jauregi barroko itxura hartu baitzuen.
Uriarte jauregiaren barruan, Uriarte dorrearen horma zati batzuk ikus daitezke. Beheko aldean dorrera sartzeko erabiltzen zen ate zahar bat ere mantentzen da, jauregiaren hormak estaltzen duena.