Udaletxea (argazkia I / argazkia II)
Hasieran kontzejuek ez zeukaten eraikin propiorik batzarrak egiteko. Lekeition adibidez, herri ordezkariak elizaren atarian batu ohi ziren, orduko hilerriaren aldamenean. 1487ko agiri batean dokumentatuta dago ohitura hau: “Abaxo del texo que esta en el çimyterio de la iglesia”[1]. Hagina (texo), betidanik hilerriekin lotuta egon den zuhaitz mota da, eta Lekeitioko armarrian ere agertzen da. Hain zuzen, zuhaitzak ere bilerak egiteko ohiko lekua izan dira aspalditik.
Hala ere, badirudi Lekeition leku bat baino gehiago erabiltzen zela. 1468ko agiri batek aipatzen duenez, auzotarren batzarra hiribildutik kanpora zegoen ospitaleko salan egin zen urte hartan: “En la çala del ospital que esta fuera de la dicha villa”. Geroago, beste erreferentzia batean, hirugarren leku bat ere aipatzen da: “Donde al presente esta el posito de trigo”[2].
Oro har, Europa osoan joera bera zegoen. XV. mendera arte, ez ziren udaletxeak orokortu, eta bilerak eta bestelako kontu administratiboak leku ezberdinetan burutu ziren. Mende horren aurretik, merkatal hiri garrantzitsuenek baino ez zeukaten funtzio horretara bideratutako eraikin zehatza. Euskal Herriari dagokionez, aipamenik zaharrena 1423koa da, Iruñeko udaletxea eraiki zen urtekoa.
XVI. mendeaz geroztik, udal bilerak elizetan, elizapeetan edo alkatearen etxean egitea eragotziz, toki egokietan egin zitezela agindu zuten Errege-erregina Katolikek. Mende horren amaieratik XVIII. mendera bitartean, eraiki zituzten udaletxeak gainontzeko hiri eta herrietan. Funtzio administratiboa izateaz gain, eraikin horietan beste hainbat jarduera ere burutzen ziren. Esaterako, bertan egon ohi ziren alondegia, kartzela edo irina pisatzeko etxea.
Lekeition nahiko goiz eraiki zen udaletxea, 1523ko abendukoa baita lehen aipamena. Urte hartan, Carlos V.ak Bizkaiko korrejidoreari bidalitako gutunak Lekeition udaletxe berria eraikitzen ari zirela aipatzen du, bi herriguneak elkartzen ziren puntuan hain zuzen, egungoa dagoen toki berberean. Obrei aurre egiteko zerga moduko bat ezarri behar izan zen arren, 1525. urteko martxo erdialderako amaitua zegoen eraikina, eta irin merkatua eta alondegia biltzen zituen. 1527an “la casa nueva del concejo” gisa agertzen da dokumentuetan[3]. Horrez gain, badakigu handik urte gutxitara, erregearen koroatzea irudikatzen zuen margolan berezi bat erosi zuela Udalak areto nagusian jartzeko. Egun, ordea, galduta dago artelan hori.
Aipatutako irin merkatu eta alondegiaz gain, errota bat ere eraiki zuten udaletxean bertan, abereen indarrez mugitzen zena. Horretarako kanpotik ekarri zituzten teknikariak, baina badirudi ez zela oso errentagarria izan, urte gutxiren buruan bertan behera utzi baitzuten.
Lehen eraikin hori 1595. urteko sutean erre zen, eta 1596. urtean hasi ziren berria berreraikitzen. Horma zaharretako batzuk berrerabili zituzten, eta aurrekoak bezala honek ere alondegia eta pisu etxea barnebildu zituen. Aurreko eraikinaren kokaleku berbera izan arren, hainbat berrikuntza egin zizkioten. Oinplanta handitu zuten aurreko fatxada harresiaren atearen aldamenean kokatzeko; hortik eraikinera sar zitekeen, bai beheko solairura, bai goikora. Solairu ezberdinak egin zituzten, espazio eta funtzioak banatuz. Horrez gain, arkupe bat ere bazuen, Euskal Herriko udaletxe askoren elementu esanguratsuenetakoa dena.
Amorotoko Pedro Agirre eta Gizaburuagako Domingo Laxiar zurginak arduratu ziren lanak zuzentzeaz. Izan ere, XVI. mendean, arotzek harginek besteko prestigioa zuten, eta maila handiko lanak burutzen zituzten. Badirudi 1596ko abendurako ia amaituta zegoela eraikin berria. Hala ere, hurrengo urteetan udaletxea konpontzera bideratutako gastu asko ageri dira udal kontuetan.
Kokapenari dagokionez, aurretik, dokumentu batean harresiaren alboan zegoela aipatzen bazen, 1656an zehaztasun handiagoko deskripzioa dugu:
“Puse en la pared de la puerta de la zerca del canton la vaxada de la calle de Apallua que esta apegada a la entrada y gradas de la casa del concejo de la dicha villa lugar acostumbrado, el hedicto que contiene el dicho decreto”[4].
Beraz, esan dezakegu, betidanik leku berberean egon dela kokatuta. Plazaren ertz batean, portuaren ondoan eta elizaren aldamenean, herriko gune publiko garrantzitsuena osatuz.
Apaingarriei dagokionez, badakigu udaletxeko lehen armarriak egurrezkoak izan zirela, eta Domingo Likonak egin zituela 1656an. Eta badirudi, oro har, eraikina dotorea zela, 1658an Bizkaiko korrejidorea honela mintzo baitzen Lekeitiora egindako bisitetako batean: “Siendo como sonn tan buenas las casas del ayuntamiento desta dicha villa y ella tan lustrosa en este dicho señorio”[5]. 1676ko agirietako batean, konponketa batzuetara bideratutako gastuak azaltzen dira, eta horietan udal eraikinak kapila bat ere bazuela adierazten da.
Gaur egun ikus dezakegun eraikina 1706an hasi ziren eraikitzen (planoa). Lanak oso motel joan ziren, eta aldi batez geldi egon ziren, 1721ean amaitu baitzen eraikin berria. Lanak Martin Malaxbeitia harginak zuzendu zituen, besteak beste, Zubietako jauregiaren egile zenak. Lanetarako plaza inguruko harresiaren harri zatiak eta parean zegoen iturri baten zatiak erabili ziren. Gainerakoa Kurlutxuko harrobitik atera zen. Eraikin berria aztertzeko Martin Baraika eta Jose Lariz zurginak eta Martin Zaldua hargina izendatu ziren. Horiek hainbat akats identifikatu zituzten eta San Juan Abaroak eta Martin Malaxbeitia berak konpondu behar izan zituzten.
1735. urteko deskripzio anonimoak[6] udaletxearen gaineko informazio baliotsua ematen digu:
“Es fábrica fuerte, toda la fachada de la plaza, que es de 60 pies de ancho, de piedra labrada con cuatro arcos, tiene cuatro ventanas grandes rasgadas y un valcón de fierro de 52 pies de largo, labrada con primor, pues todos los balaustres son de doble ojeado”.
Horrez gain, egun ikus ditzakegun hiru armarriak ere deskribatzen ditu. Erdian, errege-armarria koroa inperialarekin; eskuman, Bizkaiko jaurerrikoa; eta ezkerrean, hiribildukoa (argazkia): txalupa bat balea ehizatzen, gainean otso bat, eta zigilu bezala gaztelu bat bi errege mairuren buruekin. 1722ko irailaren 9an egin zituen Domingo Bernardo Abaria hargin eta arkitektoak. Lekeition bizi zen arren, Villafrankakoa zen sortzez eta Zubieta jauregian lan egin zuen. Balkoia eta beleta 1732. urtekoak dira, eta Antonio Elorza elgoibartarrak egin zituen.
Hirugarren eraikin horrek ere Euskal Herrian nagusitu zen udaletxe ereduari jarraitu zion. Lanen zuzendaria Martin Malaxbeitia izan zen arren, ez dugu eraikina diseinatu zuen arkitektoa ezagutzen. Baliteke Lucas Longa semea izatea, bera eta bere aita Lekeitioko beste lan garrantzitsu batzuk egiteko kontratatu baitzituzten. Gainera, udaletxe berriak jarraitzen duen estiloa Bergarakoaren antzekoa da, eta azken hori Longak berak diseinatu zuen.
Independentzia enparantzara ematen duen fatxada nagusiak lau arku ditu (argazkia). Arku horiek eusten dituzten pilastra lauangeluarrak guztiz leunak dira, nahiz eta harroin txiki bat duten. Horien amaieran inposta lerro bat ageri da, eta lehenengo solairuko balkoian leiho luze bana dago arku bakoitzaren gainean. Horrez gain, burdinazko besoak eta baranda ditu balkoiak. Fatxada guztia harlanduzko lan bikaina da.
Ipar hegaleko fatxada (argazkia) kaira begira dago eta harlanduz inguratutako lau leiho luze ditu, hiru berdinak eta beste bat zertxobait txikiagoa. Beheko solairuak beste eraikin bat du atxikita, jatorrizko estiloarekin bat datorrena. Eraikin hori XIX. mendean egin zen merkatu bezala erabiltzeko. Pilastra toskanarren gaineko lau arku ditu, lau aurrealdean eta bana albo bakoitzean, eta erlaitz batez dago errematatuta. Atxikitako eraikin horren gainean, harrizko balaustradaz babestuta dagoen terraza bat egin zen. Orain dela urte batzuk taberna bat egon zen bertan, baina gaur egun Barandiaran erakusketa aretoa dago.
Kontrako fatxada, Gamarra kalera begira dagoena (argazkia), XIX. mendean guztiz eraldatu zuten eta, ondorioz, ez dakigu hasieran nolakoa zen. Arranegi kalera ematen duena ere eraldatu egin zuten, eta gaur egun, puntu erdiko arkudun ate bat dauka.
XVIII. mendean egin zen eraikina, eskura zegoen espaziora moldatu behar izan zuten. Harresiak, bertako ateak eta Arranegi kalearen norabideak baldintzatu zuten udaletxe berriaren egitura, eta ondorioz, oinplanta irregularra dauka. Hiru hegal modu ortogonalean ebakitzen dira, baina laugarrenak Arranegi kalearen norabideari jarraitzen dio. Baliteke forma bera izan izana 1595eko eraikinak, eta baita aurrekoak ere, bigarrena eraikitzean lehenengoaren egitura errespetatu baitzen. Garai hartako estiloari jarraituz, lau hormak angelu zuzenez eraiki balira Arranegikoa oinarritzat hartuz, fatxada nagusia ez litzateke elizari begira geratuko, ekialdera baino. Gaur egun, ordea, eliza eta udaletxea aurrez aurre ditugu.
Egun ikus daitekeen eraikinak bi solairu ditu, baina jatorriz bakarra zuen (planoa). Bigarrena XIX. mendearen amaieran eraiki zen, behekoaren estiloa imitatuz. Hain zuzen, behekoaren neurri eta ezaugarri berak ditu goiko solairuak ere. Hasieran, Pascual Abaroa eta beste zenbait auzotarrek sustatutako jolas-sozietatearen egoitza izan zen, udaletxean sartutako kasino antzekoa. Garai horretan gehitu zitzaion hiru armarrien gainean irakur daitekeen goiburua: “Reges debellavit horrenda cette subjecit terra marique potens Lequeitio”. Hau da, “Errege ahaltsuak menderatu, balea izugarriak azpiratu, itsasoz eta lehorrez, Lekeitio beti bulartsu”.
Izan ere, 1867an erreforma garrantzitsu bat burutu zen, Pedro Manuel Belaunzaran arkitektoaren zuzendaritzapean. Bigarren solairua eraikitzeaz gain, Gamarra kalera ematen duen fatxada ere zaharberritu egin zen, itxura ikusgarriagoa emanez. Lurraren desnibelagatik hegal horrek solairu bakarra zuenez, udaletxera sartzeko harrizko eskailera dotore bat gehitu zitzaion. Eskailera horrek hiru idulki ditu, eta aldamenetan burdinazko baranda bana. Amaieran puntu erdiko bi arku ageri dira, eta ia fatxada osoa harlangaitzezkoa izanda ere, ataria harlanduz egina dago. Harlanduzkoa da, halaber, bi solairuen arteko banalerroa ere. Goiko solairu horretan lau leiho luze daude, horiek ere harlanduz inguratuak. Erdiko biak ateen gainean daude eta balkoi batera ematen dute. Teilatua lau isurikoa da, nahiz eta ez diren tamaina berekoak.
Udaletxeko areto nagusiak dituen apaingarriak ere modernoak dira. Jose Maria Basterrak 1900. urtean egindako proposamen eklektikoan oinarrituta daude. Horrez gain, 1964an parkeko Uribarren jauregikoak izandako hiru eskultura jarri ziren Gamarra kalera begira dauden eskaileren idulkietan. Frantziar jatorriko eskultura horiek hondatu egin dira denborarekin eta, gaur egun, gelditzen diren zati solteak ez daude bistan, gordeta baizik.
XX. mendeko 80eko urteetan udaletxea goitik behera berritu zen, eta areto nagusia bakarrik mantendu zen lehengo eran. Bertan, Basterrak mende hasieran sabaian egindako apaingarriak Gabriel Ramos Urangak osatu zituen hiru margo eder gehituz (argazkia).
[1] Velilla, J. 1992. Arquitectura y urbanismo en Lekeitio. Siglos XIV a XVIII. UPV-EHU: Serie Tesis Doctorales: 392.
[2] Velilla, J. 1992. Arquitectura y urbanismo en Lekeitio. Siglos XIV a XVIII. UPV-EHU: Serie Tesis Doctorales: 392.
[3] Velilla, J. 1992. Arquitectura y urbanismo en Lekeitio. Siglos XIV a XVIII. UPV-EHU: Serie Tesis Doctorales: 394.
[4] Velilla, J. 1992. Arquitectura y urbanismo en Lekeitio. Siglos XIV a XVIII. UPV-EHU: Serie Tesis Doctorales: 401.
[5] Velilla, J. 1992. Arquitectura y urbanismo en Lekeitio. Siglos XIV a XVIII. UPV-EHU: Serie Tesis Doctorales: 401.
[6] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.