Resurreccion Maria Azkue Aberasturi (1864-1951) (margoa) Lekeition jaio eta bizi izan zen gaztaroan (argazkia). Txikitatik jaso zuen Azkuek amarengandik zetorkion herri jakintzarekiko ezaguera eta jakin-mina. Aitarengandik, berriz, literaturarekiko zaletasuna hartu zuen. Eusebio Maria Azkue aita (1813-1873), idazlea eta olerkaria izan zen, baita Nautika Eskolako irakaslea ere, harik eta Azkue txikiak bederatzi urte zituela hil zen arte.
Apaiz izateko xedez, Azkuek Gasteizko seminarioan eta Salamacan burutu zituen teologia eta filosofia ikasketak 1881 eta 1888 urteen artean. 1893an, berriz, teologian doktore izendatu zuten. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko institutuan ateratako Euskara Katedra eskuratu zuen 1888an, besteak beste, Sabino Arana Goiri eta Miguel Unamuno gainditu ostean. Ordutik, Bilbon finkatu zen eta bizitza osoa eman zuen euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanean.
Hasierako urteetan bere lanpostu berriari lotutako hainbat argitalpen atera zituen: Euskal Izkindea gramatika, irakurgaiak, ortografia proiektuak eta euskara ikasteko metodoak. Euskara modernizatzeko eta zabaltzeko Euskalzale eta Ibaizabal aldizkariak sortu zituen, baita euskarazko ikastetxe bat ireki ere.
1904. urtean Bilbo aldi baterako utzi eta Europatik ibili zen bost urtez, besteak beste, Kolonian (Alemania) eta Bruselan (Belgika). Musika zen bere pasio handienetako bat, eta garai hartan musika ikasketak osatu zituen. Tartean, bere obra handienetako bat argitaratu zuen, hiztegi hiru eleduna: Diccionario Vasco-Español-Francés (1905-1906). Hiztegi mardul eta aberats hura ordura arte ezagutzen ziren euskal liburu eta argitalpen guztiak arakatuz osatu zuen, baita herriz herri jasotako testigantzen bidez ere.
1905. urtean Bilbora itzuli eta zenbait opera idatzi eta taularatu zituen, Ortzuri (1909) eta Urlo (1911) esaterako. Alabaina, ez zuen arrakastarik izan eta hizkuntzalaritzari ekin zion berriz ere, Euskaltzaindiaren sorrera bultzatuz. Horrela, bera izan zen euskal akademiaren lehen lehendakaria, 1919. urtean sortu zenetik hil zen arte. Ardura berrian buru-belarri sartuta, euskara katedratik erretiratu egin zen. Izan ere, 1927. urtean Real Academia de la Lengua Españolako kide ere izendatu zuten, euskararen ordezkari moduan.
Garai horretan Morfologia vasca gramatika lana (1923), eta Cancionero vasco herri kantuen bilduma zabala (1922) ondu eta kaleratu zituen. 1935. urtean Euskalerriaren Yakintza (1935-1947) herri ohitura eta folklorearen lehen liburukia argitaratu zuen. Horrez gain, euskara estandarrerako bere eredua aurkeztu zuen, hots, “Gipuzkera osotua” deitu izan zaiona. Eredu hori oinarritzat hartuta, Ardi Galdua eleberria (1918) idatzi zuen urte batzuk lehenago.
Gerra aurreko hamarkada horietan euskal abertzaletasunera gerturatu zen, eta Sabino Arana Goiri nahiz Ramon Sotarekin hartu-emana izan zuen. Abertzaletasunera hurbildu arren, ideologikoki, Azkueren nazionalismoa kulturan eta hizkuntzan oinarritzen zen, Aranak bultzaturiko arraza-ezaugarrien aldean. Hala ere, ez zen alderdi gizona izan eta beti ere nolabaiteko distantzia bat mantendu zuen politikarekiko.
Gerra zibila zela-eta Akademiaren jarduna etenda geratu zen 1941. urtera arte. Orduan, Euskaltzaindia berrabiatzeko baimena lortu zuen Azkuek, baina Francoren diktadurapean ez zuen aurreko urteetan izandako bizitasuna berreskuratu. Azkue, 1951. urtean hil zen, istripuz Ibaizabal ibaira erori eta egun batzuetara. 87 urte zituen.
Laburbilduz, esan behar da, euskara eta herri tradizioak modernizatzeko eta garai berrietara egokitzeko ikaragarrizko lana egin zuela. Lau zutabe nagusi izan zituen bere lanak: aipatutako hiztegia, gramatika, kantutegia eta herri tradizioen bilduma. Horrez gain, hizkuntza biziberritzeko euskara hutsezko aldizkariak sortu zituen, hizkuntza estandarizatzeko proposamen sendoa egin zuen, hainbat literatur lan eta obra idatzi zituen eta euskararen akademia ere martxan jarri zuen. Zalantzarik gabe, Euskal Herriak ezagutu duen euskalari handienetako bat izan zen.