Lekeitio inguruan ekosistema ezberdinek daude, hala nola basoa, larrea, padura, itsasadarra edo kostaldea. Horiek guztiek landaredi eta animalia aberastasun handia biltzen dute.
Azken mendeetan, Lekeitio inguruko basoek gizakiaren eragin nabarmena jaso dute. Erdi Aroan eta Antzinako Erregimen osoan egurra oinarrizko lehengaia zen eguneroko bizitzan. Besteak beste, eraikuntzarako, ontzigintzarako, hesiak egiteko, lanabesak egiteko, altzariak egiteko, erregai moduan edo ikatza egiteko erabiltzen zen. Bizitzaren arlo guztietan behar-beharrezkoa zen, bai eguneroko bizitzan, bai ekonomian eta industrian.
Lekeitio eta inguruetan baso ugari zeuden, baldintza geografikoak egokiak baitziren horiek sortu eta hazteko. Garai hartan haritza, gaztaina, pagoa, lizarra, artea, hurritza, lizarra, haltza edo gurbitza bezalako espezieak oso ugariak ziren; eta Lekeitiok hainbat baso zituen inguruko mendietan: Ballestegi, Baurdo, Otoio, Leiabe, Usa, Enparan, Olaran eta abar. Hala ere, hamarkadetan gehiegi ustiatu ondoren, basoa murriztuz joan zen, mendiak biluzik geratu arte.
XX. mende hasieran, lurraldeko mendien egoera txarra ikusita, Foru Aldundiak baso-berritzearen aldeko planak abiatu zituen, batez ere, Pinus radiata espeziearen landaketak sustatuz. Pinu mota hori Carlos Adan de Yarzak (1812-1863) landatu zuen lehen aldiz 1850 inguruan Zubietako bere lorategian. Hurrengo hamarkadetan, bere seme Mario Adan de Yarzak (1846-1920) era masiboan ustiatzea erabaki zuen. Bi izan ziren erabaki horren arrazoiak: batetik, bertoko espezien aldean pinua azkar hasten zela ikusi izana eta, bestetik, beraien lorategian bertoko klimara ondo egokitu zela egiaztatzea. Urte batzuk geroago, bere errentagarritasunaren ondorioz, “urre berde” bezala bataiatuko zuten, eta erruz hedatu zen Lekeitio eta Bizkaia osoan.
Hortaz, mendeetako ustiatze eta giza landaketen ondorioz, Lekeitio eta inguruetako basoak zeharo antropizatuta daude. Lehenagoko harizti, pagadi edo gaztainadiak desagertu egin dira, eta espezie horietatik ale edo multzo bakan batzuk baino ez dira geratzen han-hemenka sakabanatuta. Gaur egun, espezie nagusiak koniferoak eta eukaliptoa dira. Azken hori XX. mende amaieran hasi zen zabaltzen, eta azken urteetan indarra hartzen ari da pinuaren aldean.
Ikerketa batzuek diotenez, eukalipto basoetan biodibertsitate eskasa egoten da, eta jatorrizko espezieez edo koniferoez osatutako basoetan baino mesofauna urriagoa egon ohi da. Izan ere, ez da apenas beste landarerik hazten. Hori kaltegarria da bertoko anfibio –apo, igel, uhandre…– eta narrastientzat –suge, musker, sugandila…–, bizitzeko behar-beharrezkoak baitituzte eukaliptoaren erruz galtzen ari diren ekosistema aberatsak. Horrez gain, hegaztiek ere ez dute eukaliptoetan habiarik egiten, zuhaitz horrek duen bizi-zikloa laburregia baita adar sendoak garatzeko. Hortaz, baso horiek kaltegarriak dira gure inguruan bizi diren, miru beltz, zapelatz eta tankerako hegazti handientzat.
Askoren ustez, eukalipto eta pinuz osatutako eremuak ez lirateke basotzat jo beharko, basoak baino laborantza eremuak baitira. 2017ko datuek adierazten dutenez, Bizkaiko basoen %76 konifero eta eukaliptoz osatuta daude. Espezie horiek azkar hazten dira eta hor dago euren arrakastaren gakoa. Adibidez, pinuak 30 eta 40 urte artean behar ditu hazteko, eta eukaliptoak hamabost baino ez. Beraz, jatorrizko espezien aldean askoz errentagarriagoak dira papergintza nahiz eraikuntza sektoreentzat.
Lekeitio inguruan iraun eta birsortu den jatorrizko baso bakarra artadi kantauriarra izan da. Garraitz uhartean ale batzuk daude, eta Lumentza eta Otoio inguruan nahiko ugaria da oraindik ere. Horrez gain, itsaslabarretan eta itsas aldeko magaletan txilar, ote, lahar, gramineo eta bestelako zuhaixkez eratutako eremuak daude. Landaredia mota horrek habitat ezin hobea sortzen du bertoko hegaztiak ugaltzeko. Hala nola ubarroia, kaioa edo kalatxoria. Hala ere, landare horiez gain, azken aldian gizakiak ekarritako espezie arrotzak zabaldu dira nonahi. Bereziki, azpimarragarria da, azken urteotan jatorriz Patagoniakoa den Cortaderia selloana edo panpa-lezkak izan duen zabalpena.
Gure basoetan aurki ditzakegun ugaztunen artean, basurdea eta orkatza dira esanguratsuenak. Otsoa bezalako harraparien desagerpenarekin, espezie horiek gehiegizko populazioa izatera iritsi dira gaur egun, eta kalte handiak sortzen dituzte nekazal lurretan. Horiez gain, ugaztun txiki eta ertainak ere aipatu behar dira, hala nola azkonarra, azeria, ogigazta edo erbinudea, kirikinoa, katagorria, satorra, katajineta edo desagertzeko arrisku gorrian dagoen bisoi europarra.
Arestian esan bezala, Lea ibaia itsasoratzen den hezegunean padura txiki bat dugu. Padurak bizitzarako gune garrantzitsuak dira, habitat horretan algak, planktona, eta flora eta fauna berezia biltzen direlako. Padura eta itsasadarrak espezieak ugaltzeko eta hazteko toki egokiak dira. Argia eta elikagaiak oparoak izaten dira, itsasoko uren aldean, hangoak bareak eta sakonera txikikoak izaten baitira. Arrazoi horiek direla eta, arrain, molusku eta krustazeo espezie askok bertako urak aukeratzen dituzte ugaltzeko. Zenbait arrain espeziek bertan ematen dituzte bizi zikloko lehen faseak, nahiz eta izokina edo amuarraina bezalakoak ibaian gorago ugaldu.
Beste espezie batzuk elikagaien bila joaten dira paduretara. Adibidez, nekton ugari aurki dezakegu horrelako eremuetan, eta hau hegaztientzako elikagai ezin hobea da. Horrela, urte osoan bertan bizi diren hegaztiez gain, beste askok atseden gune bezala erabiltzen dituzte euren migrazio bidaietan. Paduran aurki ditzakegun hegaztien artean, lertxuna, lertxun hauskara, mokozabala, martin arrantzalea, txirria, kurlinka edo kuliska ditugu adibidez.
Ur geza eta gazia nahasten diren eremu zingiratsu hori landare-komunitate berezien bizilekua ere izan ohi da. Izan ere, paduretako lurzoruek gazitasuna, oxigeno gabezia eta aldian-aldiko ureztatzea dute ezaugarri, eta bertan landare espezie askoren garapena mugatuta dago. Halofitoak dira habitat horretara ongien egokitu direnetakoak, mekanismo fisiologiko berezi eta konkretuak garatzen baitituzte bertan bizi ahal izateko. Landare horiek berebiziko garrantzia dute elikagai-zikloan eta bertako arrain, hegazti eta ornogabeen elikaduran.
Euskal Herriko padura gehienetan bezala, Lea ibaikoak ere gizakiaren eragin handia jasan du historian zehar. Lur eremu hori nekazaritzarako, etxegintzarako edo industriarako erabiltzeko asmoz eraldatua izan da: gune batzuk lehortu egin dira, eta kanalak, dikeak eta abar eraiki dira. Horrek guztiak, ezbairik gabe, bertako biodibertsitatea kaltetu du.
Itsasaldeko habitat desberdinetatik ondoen kontserbatu dena Karraspio hondartzakoa da. Ekialdeko puntan eremu arrokatsu bat dago eta itsasbeheran sortzen diren putzu ugarietan hainbat liken, oraldi, muskuilu eta itsaski ikus daitezke. Horien artean, nabarmentzekoak dira, koralezko txertakorrez gain, bertan hazten diren Corallina, Sargassum muticum eta Gelidium attenuatum oraldi sortak. Horiez gain, honakoak dira itsaski azpimarragarrienak: Holothuria tubulosa eta Holothuria forskali holoturiak, Marthasterias glacialis eta Asterina gibbosa itsas izarrak, edo trikuak, poliketoak, muskuiluak, aktiniak, anemonak, olagarroak, txibiak, txipiroiak, lanpernak, izkirak eta abar.
Halaber, hondartzan ere pilatzen dira itsasoak kostaldera ekarritako oraldi taldeak. Urteko sasoi jakinetan, maiz iristen dira Gelidium eta Plocamium generoetako errodofizeoak. Horietako asko, batez ere Gelidium sesquipedale generokoak, multzo handietan zabaltzen dira hondartzan zehar.
Horiez gain, badia osoko haitzetan, goi marearteko organismo tipikoak ikus daitezke; batez ere, Verrucaria izeneko liken beltza, Chthamalus krustazeoak eta Patella generoko lapak. Halaber, korak itxurako oraldiak gordetzen dituzten arrakala hezeak ere ageri dira.
Lekeitioko portuan, Bizkaiko kostaldeko portu eta estuario ingurune guztietan bezala, lazun ugari ikus daitezke. Horiez gain, arrain eta hegazti espezie ugari aurki ditzakegu inguruko uretan, besteak beste, kabra, luja, txitxarroa, saburdin, berdela, akula, aingira, barbarina, makarela, partximikiak, lupinak, haginzorrotza eta abar.
Sakontzeko begiratu Jon Zubiaurrek inguruko arrain eta hegaztiei buruz egindako lana. Arrainak / Hegaztiak.