Saltatu nabigazioa

4.6.9.-Sakristia

Epistolaren habearteko lehendabiziko tartean arku zorrotz bikoitz bat dago. Hasieran Arimen kaperara eramaten zuen arren, XIX. mendeko erreformen ostean sakristiara ematen du. Hasieran, sakristia burualdearen atzean egon zen kokatuta. 1559 eta 1568. urteen artean eraiki zuten, eta 1586-1587an erretaula eta tiraderekin hornitu zuten. Tamalez, horietako gehienak ez dira kontserbatu.

Sakristia berria espazio errektangularra da, tertzelete-gangez estalitako bi tartetan banatutakoa. Gangek giltzarri lauak dituzte eta beren nerbioak arkutxo, oba eta maskor frisoarekin apaindutako mentsuletaraino luzatzen dira. Ezaugarri horiek ikusirik, badirudi sakristia zaharreko estalkia desmuntatu eta berria berreraiki zutela.

Sakristiaren amaieran, 1774ko Andre Maria Dolorekoari eskainitako erretaula dago, gorputz bakarrekoa. Gaur egun ikus ditzakegun tiraderak ere XVIII. mendekoak dira. Bestalde, hormetan koadro ezberdinak daude zintzilik, guztiak XVIII. mendetik aurrera eginak.

Sakristiara sartzeko bidean zilargintza ornamentuak, jantziak eta objektuak dituen bitrina bat dago. Gotiko berantiarraren etapatik, gaur egunera arte kontserbatu den gauza bakarra, XVI. mende hasierako ekisaindu baten zati bat da. Errenazimenduaren testigantza ere nahiko eskasa da, gauza nabarmenena 1588ko egikera dotoreko kaliza bat da. Ezbairik gabe, barrokoa da objektu gehien utzi dizkigun garaia, bai kopuruari eta bai kalitateari dagokionez. Horien artean, kopoi pare bat eta sei kaliza nabarmendu behar dira. Baina horiekin batera luxu handiagoko zilarrezko objektuak ere badaude. XVII. mendekoak gehienak.

Horiez gain, rokoko estiloko zenbait pieza ere badaude, XVIII. mendekoak. Bitrinaren beheko aldean oihal ornamentuak daude, bi terno joko hain zuzen. Horien artean nabarmentzekoak dira, txanoan Andre Mariaren zeruratzea brodatua duen XVIII. mendeko eliz kapa, eta eukaristiako elementuak eta Kristoren alegoriak dituen kasulla.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia