Eusebio Erkiaga Alastra (1912-1993) gaur egun bere izena daraman kalean jaio zen. Gaztaro normala izan zuen, kristautasunean eta euskaltzaletasunean murgildurik. Merkataritza ikasketak egin zituen eta bizitza osoa eman zuen banketxe batean lanean. Alabaina, idazle eta kazetari izanagatik egin zen ezaguna lekeitiar hau. Eleberrigintzan nabarmendu zen arren, 1931. urtetik aurrera genero guztiak landu zituen: nobela, poesia, narrazio laburra, antzerkia, itzulpena, kazetaritza eta abar. Hiru garai ezberdinetan argitaratu zituen bere lanak: gerra aurretik, diktadurako garai ilunean –1950 eta 1960ko hamarkadetan–, eta 1980ko hamarkadan. Hain zuzen, idazle bezala, eduki duen bilakaera luzea izan da bere bereizgarrietako bat.
Ia sei hamarkadaz jardun zuen idazten eta, beraz, ez da erraza korronte literario batean kokatzea. Esan daiteke, oinarri bezala gerra aurreko literatura zuen arren, bertatik urruntzeko ahalegina egin zuela eta, hortaz, nolabaiteko garapen bat izan zuela. Gerraostean sortu zen literaturarekin eta bertako ikuspegiarekin bat egin zuen, molde berritzaileagoetarantz hurbilduz.
Arestian esan bezala, bere lehenengo lanak 1931. urtean argitaratu zituen Endaitz eta Erkiagirre ezizenez. Lehen urte horietan, batik bat, olerkiak idatzi zituen, nahiz eta poema libururik argitaratu ez. Poemak hango eta hemengo aldizkarietan sakabanatuta gelditu ziren –Yakintza, Euzkerea…–, 2006. urtean Labayru Ikastegiak Goizean eta arratsean. Eskubete neurtitz I eta II liburuetan jaso zituen arte.
Olerki horietan Juan Ramon Jimenezen kutsu estetiko batzuk suma daitezke, baita Lauaxetaren sinbolismoaren eragina ere. Ez da ahaztu behar, Lauaxetak uda sasoia Lekeition igarotzen zuela eta adiskideak izan zirela. Oro har, poeta ezkorra da Erkiaga, gizarteaz eta naturaz etsita, irtenbidea alde metafisiko eta erlijiosoan bilatzen duena. Bere poemen artean, nabarmentzekoak dira Nekazariarena, Azkueren heriotza, Axular handiari, Lora gorriak edo Illobi izengabea. 1962. urtean idatzitako azken horretan, adibidez, gerraren gordintasuna eta sortutako sumindura islatzen ditu. Aipatzekoa da, halaber, 1936. urtean Lekeition egin zen Eusko Olerti Egunean, ohorezko aipamena jaso zuela Lora Gorriak olerkiak.
Errepublika garai horretan kazetari lanetan ere jardun zuen. Besteak beste, Bizkaitarra astekarian edo Ekin agerkari kristauan idatzi zuen, eta Euzkadi egunkari jeltzalean lan egin zuen. Gerra piztean, egunkari horretako “Guda-otsak” saila gidatu zuen, eta Agustin Zubikarai, Manu Ziarsolorekin batera Eguna bultzatu zuen, euskara hutsezko lehen egunkaria.
Gerraostean euskalgintzan aritu zen Erkiaga. Euskarazko eskolak eman zituen eta 1952. urtetik aurrera, euskaltzain urgazlea izan zen. Hamarkada oparoa izan zuen arlo horretan, 1963. urtean Euskaltzain oso izendatu baitzuten. Era berean, hamarraldi horietan, eleberrigintzari ekin zion, idazle bezala bere bigarren loraldiari hasiera emanez. Guztira, sei nobela idatzi eta argitaratu zituen.
Genero horretan, Erkiagaren moldeak tradizionalak dira, gerra aurreko literaturatik edaten baitu. Horren adibide argiena Arranegi (1958) dugu, idazleak Txomin Agirre ondarrutarraren Kresala (1906) lanari jarraitzen baitio bertan. Bata zein besteak idazleen jaioterriak erretratatzen ditu, bertako ohitura eta bizimodua aurkeztuz. Deskripzioak eta idazkera oso aberatsak izan arren, pertsonaiak nahiz istorioaren argumentuak eskasak eta ahulak dira. Azken batean, Arranegi ohiturazko eleberrien tankerako liburua da.
Erkiagak argitaratuko hurrengo liburua, hots, Araibar zalduna (1962) hiri giroan kokatuta dago. Eleberri horrek gizon eta emakumeen arteko hartu-emanak ditu ardatz. Halaber, pertsonaia eta egoerei dagokienez, manikeismo kutsu argia dauka liburuak, konponbideak moraltasun eta etika kristauaren esku utziz. Ikuspegi moralista dario Batetik bestera (1962) eleberriari ere, manikeismoa eta bekatuek dakarten zigorra baititu ardatz liburu horrek ere. Hala ere, oraingoan, pertsonaia bakar baten inguruan harilkatzen da istorioa.
Hogei urteko geldialdiaren ostean, behin lanetik erretiroa hartuta, Jaioko dira (1984) lana argitaratu zuen bere hirugarren loraldiari ekinez. Nobela horretan 1936ko gerrak utzitako zauriak biltzen ditu Erkiagak. Aurrekoetan erabilitako idazkera poetikoa alde batera utzita, erritmoa azkarragoa da eta istorioa irakurterrazagoa. 1963. urtean idatzi arren, bi hamarkada beranduago kaleratu zuen Txurio txoria (1986). Araibar zalduna lanean bezala, narrazioa hiriko giroan txertatzen saiatu zen. Alabaina, ez zuen kutsu erlijioso eta moralista alde batera utzi. Azkenik, Irribarrea galtzen denean (1987) azken eleberrian ere moral kristaua baztertu ez arren, gaia eta idazkera berritzeko ahalegina nabari dira.
Ikusi dugun moduan, Erkiagaren eleberri ereduak hiru zutabe izan zituen: literatura bera jendea hezteko tresnatzat jotzea, konponbideak askatzeko giltza kristautasunean aurkitzea, eta idazkera poetiko eta aberatsa.
Arestian esan bezala, bestelako generoak ere landu zituen. Hurrengo hauek dira horien artean nabarmentzeko moduko lanak: itzulpenen artean, Platonen Parmenides, eta G. Simeonen Aspaldiko Maigret eta Yoldiren Hamabost egun Urgainen eleberri beltzak; idatzitako antzezlanen artean, Antzerti jayan izan naiz (1936), Sinisgogorra (1952) eta Kanpaien atsekabez (1960); edo Labayru Ikastegiak Berbalauaren kulunkan I eta II (2001-2002) liburuetan bildutako bestelako prosa lan batzuk.
Bere lan oparoak eta euskarari emandako bizitzak behar bezalako aitorpena jaso zuen. 1986. urtean, Bizkaiko Aldundiaren saria eta 1988. urtean Eusko Jaurlaritzako Euskal Letretako merezimenduzko saria jaso zituen. Horrez gain, Lekeitiok omenaldi gisa, udal liburutegia bere izenez bataiatu zuen.