Lekeitioko elizaren gaineko lehen testigantza ziurra 1325. urteko hiri gutunean daukagu. Hala ere, kondairak dioenez, elorri zuri baten gainean agertu omen zen Ama Birjinaren irudi bat gordetzeko eraiki zen Andre Maria eliza 730. urtean. Alabaina, gaur egun bertan gordeta dagoen egurrezko Antiguako Ama Birjinaren irudia, XII. mendekoa da. Bestetik, Labayruren Historia General de Vizcaya lanean, XII. menderako eliza eraikia zegoela iradokitzen duen aipamen bat daukagu. Pasarte horretan, Berriatuko eliza aipatzen da, eta XII. mendean eliza hori bertako zaldunek altxatu zutela dio, eliztarrei oso urrun geratzen zitzaielako Lekeitiokoa.
Bestetik, 1735. urteko deskripzio anonimoak[1] dioenez, eliza Don Juan infanteak kontsakratu zuen 1289. urtean, hiri-gutuna eman baino 36 urte lehenago:
“La Iglesia Parroquial del titulo de Santa Maria de la Asuncion, fué consagrada y segun el cobro de los privilegios y constará en el del Infante Don Juan, treinta y seis años antes del privilegio de dicha Señora Doña Maria Diaz” [2].
Aipamen hori Gaztelako errege eta Bizkaiko jaun Don Juan I.aren zedula batean agertzen da antza, eta zera gehitzen du, eliza zaldun dibiseroek fundatu zutela eta Bizkaiko andereari eman ziotela, Arbatzegi eta Ibarrangeluko monasterioen ordainetan. Informazio hori, Udaletxean dagoen dokumentu batean dator, Bizkaiko andereak Alfonso XI.ak 1334. urtean emandako mesedeak konfirmatzen dituen agirian hain zuzen. Hala ere, bertan ez da agertzen inolako datarik.
Laburbilduz, ezin jo dezakegu XII. mendea baino zaharragotzat hiri-gutunean aipatzen den eliza. Gainera, arkeologiak datu berririk ematen ez duen bitartean, ezin zehaz daiteke jatorrizko eliza hura nolakoa zen. Kokalekuari dagokionez, pentsa dezakegu egungoa dagoen leku berean zegoela, nahiz eta askoz txikiagoa izango zen.
Hain zuzen, deigarria da Lekeitioko elizak ordutik izan duen kokalekua. Izan ere, hasiera batean parrokia nahiko leku eszentrikoan zegoen, ez soilik lehen gune populatuari dagokionez –Uriarte ingurua–, baizik eta baita azken horretatik abiatuta populatu zen eremuari dagokionez ere –Arranegi aldea–. Hasiera batean, beraz, tenplua nahiko isolatuta zegoen, bi herriguneen arteko espazioan.
XVI. mendean, bi herriguneak harresi bakar batez batuta geratu zirenean ere, elizak bazter batean egoten jarraitu zuen, itsasotik gertuago etxeetatik baino. XVII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, elizaren ondoko lurrak urbanizatu egin ziren, horrela itsasoa urrundu zuten eta elizak kokapen zentralagoa lortu zuen. Gainera, hamarkada batzuk beranduago aurreko hareatzan plaza eraiki zen, eta XVIII. mende hasieran, plaza horren beste aldean udaletxea. Harrezkero, gune horixe bihurtu zen Lekeitioko espazio publiko nagusia.
Historian zehar gutxienez birritan berreraiki zuten eliza, eta ohikoa den moduan, orubea haziz joan zen. Hain zuzen, Gregorio IX. aita santuak, 1374. urtean, Aviñongo gorte pontifikaletik zaharberritze lanekin lotuta helarazi zuen buldatik, XIV. mendean sute bat izan zuela eta zaharberritu egin zutela ondoriozta dezakegu. Bestalde, orduko herrigunetik kanpo zegoen eliza, eta berau ere hesiaren barruan egon zedin, aldarazpen txikia eragin bide zuela uste da. Gainera, baliteke, eliza hesiaren parte ere izatea.
1442. urteko sute handian, elizak kalte handiak jasan zituela uste da. Hala ere, badirudi ez zela guztiz erre, eraikinaren oinarrietan garai hartako estiloaren zantzuak nabari baitira. XV. mendearen bigarren erdialdean berreraikitze lanei ekin zieten berriro ere. Lan horietan tenpluaren planteamendu orokorra errespetatu egin zen eta baita, esan bezala, sutetik onik atera zen elizaren oinarria ere. Lan berri horiei zor dizkiegu azken bi tarteetako leihateak, estalkiak eta gailurreriak, eta mendebaldeko fatxadako argi-zuloaren azpian aingeruak dituen frisoa.
1443. urtean lanak nahiko aurreratuta zeudela dirudi, kabildoa eraikina erabiltzen hasi baitzen. Hala ere, lanak ez zeuden guztiz amaituta, hurrengo urtean Errege-erregina Katolikoek etxe batzuk desjabetzeko baimena eman baitzuten prozesuarekin jarrai zedin. Era berean, tokiko agintariei itsasontziei zerga berezi bat kobratzeko eskatu zitzaien, diru hori elizaren lanetarako izan zedin.
Alabaina, xehetasun txikienak salbu, badirudi elizaren gorputza ordurako zutik zegoela. Hiru habearte mailakatuko ontzi handia zeukan. Erdiko habeartea beste biak baino askoz altuagoa zen, baina guztiak zeuden gurutzadurarik gabeko lau tartetan banatuta, eta tarte zuzen labur baten amaieran abside poligonaletan errematatuta.
Beranduago, beste gorputz eta dependentzia batzuk gehitu zitzaizkion. Kapera pribatuak; lehendabiziko koru bat 1516an –gaur egun dagoenak 1653an ordezkatuko zuena–; sakristia 1559-1568 artean; elizape zaharra 1669an; gaur egungo kanpai gorputza 1734an eta aurrerago aipatuko ditugun gehiago.
Azken esku hartze esanguratsua XIX. mende amaierakoa izan zen, gaur egun eliza ezagutzen dugun moduan utzi baitzuen. Pascual Abaroaren ekimenez, Casto Zabala arkitekto bizkaitar ezagunak lan garrantzitsuak burutu zituen 1881-1883 urteetan, eta lan horien buruan basilika titulua eskuratu zuen parrokiak. Erreforma horretarako estilo neogotikoa aukeratu zuen (planoa I / planoa 2).
Esku hartzearen helburua burualdea aldatzea izan zen eta, horretarako, alboetako habearteak girola baten bitartez lotu zituen Zabalak. Era berean, kapera batzuk eta sakristia zaharra bota zituen, eta garai hartako elizapea desmuntatu zuen, haren lekuan beste zabalago bat eraikitzeko. Zabalak pinakulu batzuk eta erdiko habeartearen goiko gailurreriako zati batzuk ere berritu zituen. Horrez gain, habearte nagusiko erdiko tarteetako gangak berreraiki zituen. Horien giltzarrietan “Renovado por Pascual Abaroa” eta “Año 1883” inskripzioak irakur daitezke.
Erreforma horren ondorioz, eliza lehen baino askoz zabalagoa bihurtu zen. Girolari esker, Lekeitioko Santa Maria, eliza monumental bihurtu zen, eta denborarekin, jarraian ikusiko dugun moduan, bere erretaula nagusiaren garrantzia nabarmendu zen. Hala ere, Zabalaren erreformak elizak zeukan kutsu gotikoa murriztu zuen. Dena dela, Santa Mariakoa XIX. mendean Bizkaian egin zen esku-hartze neogotikorik garrantzitsuenetarikoa izan zen. Gerora egin diren erreforma txiki batzuk salbu, lan garrantzitsu horiei zor die Lekeitioko elizak egun duen itxura.
[1] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.
[2] Jimenez, J. M. 2002. Bizkaiko herrien monografiak. Lekeitio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia. 33.