Saltatu nabigazioa

5.4.1.1.- Historia

San Jose elizari Konpainiako eliza ere deitu izan zaio, hasiera batean Jesusen Konpainiaren zuzendaritzapean zegoen eskolaren osagarri gisa eraiki baitzen. Jesuiten zentro horren fundazioaren jatorria Jose Mendiola eta Maria Perez Beingolea senar-emazteek egin zuten dohaintza batekin lotuta dago. 1674an aldameneko orubea eskuratu zuten –gaur egun Kultur Etxea dagoen lekua gutxi gorabehera– eta jauregi bat eraiki zuten. 1688an, euren oinordekoak hiltzean, Jesuses Konpainiari eman zioten jauregia eskola bat ezar zezaten bertan. Horrez gain, lurrak eta arreo-pieza ezberdinak ere eman zizkioten. Aurrerago, eliza eraiki zuten aldamenean jauregiaren aldamenean.

Santa Maria elizako kabildoak ez zuen begi onez ikusi Jesusen Konpainia herrian ezartzea, eliztarrak kenduko zizkiola uste izan baitzuen. Gainera, jesuitak hamarrenak ordaintzetik aske zeuden, Paulo III.a aita santuak 1549an emandako pribilegio bati esker. Horrela bi erakundeen arteko auzi luze bat hasi zen. Hala ere, auzia ebatzi aurretik ere, arazo handirik gabe ezarri ahal izan ziren jesuitak herrian.

Ez dugu Mendiola-Beingolea senar-emazteen gaineko informazio askorik. Badakigu Mendiola kapitaina diruduna izan zela, eta Lekeition garrantzia handiko senar-emazteak izan zirela. Ziurrenik euren estatusa erabakigarria izan zen Udalak orube horretan jauregia eraikitzea baimentzeko. Dakigunaren arabera, jauregi hori oso eraikin ederra izan zen, errenazimendu berantiarreko eta barrokoko elementuak uztartzen zituena. Adibidez, Kanpiloko Uriarte dorrea zaharberritu eta jauregi bilakatuko zenean, arkitekto berbera kontratatu zuten lan horiek burutzeko, eta Mendiolaren jauregiaren antzeko fatxada egiteko eskatu zioten. Beingolea anderea eta Uriarte jauregiko jabea neba-arrebak ziren.

Mendiola-Beingolea senar-emazteek egindako dohaintzaz gain, arrazoi gehiago egon ziren jesuitak Lekeition finkatzeko. Horien artean, baliteke arrazoi sentimentala ere egon izana. Izan ere, Lekeitiokoa zen Inazio Loiolakoaren familiaren adar bat, likonatarrena hain zuzen. Beste arrazoi bat akademikoa izan liteke, jesuiten ikastetxe batzuetako ikasketa-planetan nautika eskolak sartzen baitziren eta lekeitiarrentzat oso interesgarria zen irakasgai hori. Era berean, Lekeitioko jauntxo batzuek lotura estua zuten Amerikarekin. Emigrante horiek trebatu egin behar izaten zuten eta eginbehar horretan jesuiten ordenak ospea lortu zuen. Azkenik, garai hartan Lekeitioko kultur giroa oso aberatsa zen eta, jauntxo batzuen joera erreformista jesuiten eskolastikarenaren aldekoa baino zientzia aplikatuen aldekoa bazen ere, aberastasun eta kezka intelektualak mesedegarriak izan ziren jesuiten akademiaren zerbitzuak sendotzeko eta eskari posiblea aintzat hartzeko.

Azken batean, aspaldikoa zen nobleziaren eta jesuiten ikastetxeen arteko harremana. Izan ere, Bizkaiko jesuiten hiru egoitzak (Bilbo, Lekeitio eta Urduña) tokiko jauntxoek sortutakoak izan ziren, eta guztiak zeuden ikastetxe eta eliza batez osatuta. Esan daiteke jauntxo horiek espiritu aurre-ilustratu garatua zeukatela, eta euren jaioterriko bizilagunen artean –batez ere goi mailako familiei begira– hezkuntza sustatu nahi izan zuten, gizarteko arlo guztiak garatzeko asmoz.

Aipatu dugun moduan, garai hartan jesuiten eskolak kalitate onekoak izatearen ospea zuten. Ildo honetatik, Lekeition bertan Pedro Bernardo Villarreal de Berrizen adibidea daukagu. Bere bi seme nagusiek Tolosako (Frantzia) jesuiten ikastetxean burutu zituzten euren ikasketak –oraindik Lekeitiokoa ez zegoen martxan–, eta hirugarren seme bat Konpainiako kide egin zen.

Jesusen Konpainia Inazio Loiola azpeitiarrak fundatu zuen 1534-1541 urteen artean, geroago Eliza Katolikoak santu izendatuko zuen berberak. Inazio militarra, apaiza eta Jesusen Ordenako lehen burua izan zen, eta kristautasunak une historiko garrantzitsua bizi zuen momentuan sortu zuen Konpainia. XVI. mende hasieran, espiritualtasuna ulertzeko modua eraldatzen ari zen, eta Europa osotik zabalduz zihoan protestantismoa. Trentoko Kontzilioaren ostean, kontraerreformaren aldeko arma indartsuena bihurtu zen jesuiten ordena. Hori dela eta, aita santuarekiko leialtasun osoa erakutsi zuten beti.

Jesuitak mundu osoan zehar zabaldu ziren, baita India, Txina edo Japonian ere. Doktrina katolikoa hedatzeko toki estrategikoak bilatu zituzten, protestantismoaren aurka eginez han eta hemen. Horrela, portu edo merkatal hiriak euren ohiko leku bihurtu ziren. Bizkaian, esaterako, Bilbon, Lekeition eta Urduñan kokatu ziren, itsas portu edo aduana garrantzitsu zirenetan. Ez da ahaztu behar, gainera, San Inazio 1680an probintziako patroi izendatu zutela.

Arestian esan bezala, Jesusen Konpainiak ikastetxea eskuratu eta urte batzuetara hasi ziren Lekeitioko tenplua eraikitzen, lanei ekin aurretik beharrezkoa izan baitzen alboko jabetzak eskuratzea. 1708ko udan ekin zitzaien lanei, baina baliabide gabezia zela-eta bertan behera utzi ziren handik gutxira. 1720an ekin zitzaien berriz, lehenago Loiolako santutegiaren lanak zuzendu zituen Bergarako Martin Zaldua arkitektoa buru zela. 1731rako eraikita zegoen elizaren zati handi bat, estalkiak ordea, zortzi urte beranduago jarri ziren. Ordurako, lanak Jose Iturberen zuzendaritzapean zeuden eta Joseph Lekuona, Juan Arrue edota Inazio Ibero bezalako maisuek lanen nondik norakoak ikuskatzen zituzten. Horiek guztiak, lehenago edo beranduago, San Inazio Ordenaren fundatzailearen jaiotetxearen inguruan eraiki zen basilikaren lanez arduratu ziren, eta horrek Jesusen Konpainiak Lekeitioko tenplu horri eman zion garrantzia erakusten du.

Hala ere, ez dakigu tenpluaren diseinuaz nor arduratu zen. Zaldua izan litekeela pentsatu izan da, edo bestela Lucas Longa, berau izan baitzen Mendiola jauregia eta Lekeitioko elizarekiko antzekotasun handia duten beste tenplu batzuk eraiki zituena. Azken horien artean, Azkoitiko Santa Klara komentua edo Elgoibarko San Bartolome parrokia.

1767an, pilatzen ari ziren botere handia zela eta, jesuitak Espainiako erregearen menpeko lurretatik kanporatuak izan ziren. Europako beste herrialde batzuetan ere gauza bera gertatu zen. Han eta hemen, Vatikanoaren aldeko interesak defendatzea eta tokiko gobernuen aurka egitea leporatu zitzaien jesuitei. Esaterako, 1759an Portugaldik kanporatu zituzten, eta 1764an Frantziatik.

Ordutik aurrera, tenplua parrokiaren eliza laguntzaile bilakatu zen, eta gaur egunera arte funtzio berbera mantendu izan du. Eskola bezala erabili zen jauregiak, ordea, ez zuen iraun. Espainiako Independentzia Gerran gudaroste frantziarren kuartela izan zen, 1812an gerra betean su hartu zuen, Lehen Karlistaldiko biltegia izan zen (1833-1839), eta azkenik, bota egin zuten 1854an. Bere lekuan neskatilentzako eskola eraiki zuten Uribarren-Agirrebengoa senar-emazteek, gaur egun Kultur Etxea hartzen duen eraikina. Halaber, azken horiek arduratu ziren tenplua zaharberritzeaz ere.

San Jose elizak Jesusen Konpainiako elizek eduki ohi zuten tipologia jarraitzen du. Alde batetik, tenpluaren barrualdea estilo sotilekoa da, oso lineala eta neurrikoa; eta bestetik, kanpoaldean fatxada aberatsa du. Bi joera horien kontrastea da eraikinaren ezaugarririk nabarmenena, barrokoaren berezko bereizgarria dena. 

Estilo barrokoa XVII. mendean sortu zen Italian, eta kontraerreformaren alde egin zuten herrialdeetan, batez ere, eraikin erlijiosoetan erabili zen. Tentroko Kontzilioan, beste neurri askoren artean, arkitektura eta artearen inguruko irizpideak ere finkatu ziren. Horrela, herrialde katolikoetan estilo barrokoa bultzatu zen mende horretan.

Hala ere, Kantauri aldean barrokoaz hitz egitean, ez gara Andaluziako barroko beraz ari. Gure kasuan ere ornamentazioa garrantzitsua den arren, gune zehatz batzuetan baino ez da agertzen –portadan, armarrietan, erremateetan–, eta oro har, gehiago jokatzen da sentsazioekin –argi-ilunak, bolumen sinpleak– dekorazioarekin baino.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia