Terra sigillata hitzak lur zigilatua esan nahi du, eta erromatar garaiko zeramika mota bereziena izan zen. K.a. I. mendetik K.o. III. mendera arte ekoiztua, oro har, gorria eta distiratsua, egilearen edo produkzio lekuaren zigilua zeramalako izendatzen zuten horrela. Produkzio gunearen arabera hispanica, italica, africana edo galica jatorri izena gehitzen zaio, eta aztarnategi bat erromatarra den edo ez jakiteko giltzarrietako bat izan ohi da.
Lekeition burututako indusketetan erromatar garaiko hainbat zeramika zati azaldu dira. Horien artean, terra sigillata hispanica. Zeramika mota hau Errioxako Najerilla tailerretan egiten zen, eta dirudienez, Ebro bailarako bideetatik iritsiko ziren kostaldeko herrietara. Batez ere I eta II. mendeetan, hurrengo mendean, merkataritzaren beherakada nabarmena izan baitzen. Hala ere, arestian aipatu dugun moduan, IV. mendean berriz ere inportazioek gora egin zuten. Terra sigillata hispanica zeramikaz gain beste mota batzuetako zeramikaren presentzia ere lekukotu da euskal kostaldean. Horiek, produkzio gunearen arabera, itsasoz zein galtzadaz iritsiko ziren.
Lekeition aurkitutako terra sigillata zatiak mahai baxerako pieza bereziei dagozkie, eta herriko hainbat gunetan aurkitu dira. Kasu gehienetan Goi Inperio aldiko eta Behe Inperio aldiko produkzioak nahastuta.
Baina zeramika arrunta azaldu da gehien. Mota horretako zeramika zen, etxeko jarduera arruntak burutzeko egunero erabiltzen zutena. Zeramika mota horrek, sarritan, sutan berotua izan denaren aztarnak erakusten ditu, eta gehien azaldu diren ontzien artean, lapikoak, pitxarrak, kazolak eta platerak daude. Amaitzeko, esan behar da, San Kristobal enparantzako 3. zenbakian afrikar jatorriko zeramika zati txiki bat azaldu zela.