Ramon Adan de Yarza (1848-1917) euskal geologo ospetsua izan zen, Lekeition sustraituriko yarzatarren leinu nobleko semea. Bilbon jaio zen, baina udaldiak Ispasterko Zubieta jauregian ematen zituen. Natur zientziekiko interesa familiatik hartu zuen, aitona eta aitarengandik bereziki. Bere aita Carlos Adan de Yarza izan zen (1812-1863), Iberiar penintsulara Pinus radiata ekarri zuen ikerlaria.
Ramon Adan de Yarzak Meatze Ingeniari ikasketak egin zituen Madrilen, eta lanbide horretan jardun zuen nagusiki. Hala ere, bere afizio nagusia geologia izan zen eta, aditu askoren esanetan, Euskal Herriak sekula eman duen geologorik handiena izan da.
Ikasketak amaitutakoan, bere lehen destinoa Bizkaiko Meatze Distritua izan zen. Hala ere, Bigarren Gerra Karlista zela eta, Bilboko setioan borrokatu behar izan zuen, liberalen alde. Gerra amaitu zenean, bere kargura itzuli zen. Hurrengo hamarkadetan, hainbat lan argitaratu zituen, besteak beste, Las rocas eruptivas de Bizkaia (1879) edo Edad de los ofitas (1882). Horrez gain, Bizkaiko meategien geologia ere ezagutarazi zuen, ordura arte inoiz ikertu gabeko Somorrostroko mehatzeak aztertuz.
Espainiako Mapa Geologikoaren Komisioak euskal lurraldeez arduratzeko eskatu zion, esku artean zuten geologia mapa orokorra egiteko euskal geologia sakon ezagutzen zuen meategi-ingeniari bat behar baitzuten. Horrela, lehenbizikoa izan zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azterketa geologikoak egiten.
Hurrengo urteetan, Gipuzkoa eta Arabaren aipamen fisiko eta geologikoaren txostenen prestakuntzan aritu zen buru-belarri. 1884an eta 1885ean amaitu zituen, hurrenez hurren. Horien ostean, 1892an, bere lanik entzutetsuena argitaratu zuen: Bizkaiko lurralde historikoari zegokion txosten fisiko eta geologikoa. Ingeniari bilbotarraren lanek arlo horretan aurretik zeuden guztiak gainditu zituzten, eta ondorengo belaunaldiengan eragin zuzena izan zuten.
Horrez gain, bere garaiko petrografo nagusienetakoa ere izan zen. Lurzoruaren eraketan haitzek duten garrantzia aztertu zuen. Arlo horretan hainbat ikerketa burutu zituen eta, besteak bestek, Gipuzkoako nekazaritza lurrak hobeto ustiatzeko balio izan zuten. 1900. urtean, Bizkaiko petrografia mapa eman zuen argitara.
Zientzialari iaioa izateaz gain, Ramon Adan de Yarzak sintesirako gaitasun handia eta dibulgaziorako talentua ere bazuen. Bere dohain horren adierazgarririk nabarmenena Gipuzkoako Institutuko ekintza aretoan 1904. urtean emandako hitzaldia izan zen: El País Vasco en las Edades Geológicas. Hitzaldi hartan Euskal Herriaren prozesu geohistorikoaren eraketa azaldu zuen. Handik gutxira konferentzia bera eta Euskal Herriko Mapa Geologikoa argitaratu zituen: Mapa Geológico del País Vascongado/Euscalerrico Agerkari Lurkindarra/Carte Géologique du Pais Basque (1905).
Azalpenetarako trebetasun hori ikusita, ez zitzaion irakaskuntza lanetan aritzeko eskaintzarik falta izan. Adibidez, Madrilgo Meatze Ingeniarien Eskola Bereziak bertan irakasle jarduteko eskaintza egin zion. Azkenean, 1905. urtean onartu zuen geologia eta meatokietako mineralen katedra. Irakasle ibili zen urteetan ere dibulgaziorako zenbait lan argitaratu zituen.
XIX. mende amaieran, Perea Zurikaldai, Mazarredo eta Uhagonekin batera Bizkaiko espeleologia zientifikoaren aitzindari ere izan zen. Lea-Artibai inguruan haitzuloak ikertzen ibili zen, eta bera izan zen, esaterako, 1882an Atxurrako kobazuloaren lehenengo datu zientifikoak jaso zituena.
Ikerketak ikerketa, eta zaletasunak zaletasun, ez zuen bere ofizioa baztertu. 1896. urtean Bizkaiko meategietako ingeniari nagusi izendatu zuten, eta postu hori mantendu zuen zenbait urtez. 1915. urtean erretiroa hartu zuen, eta Lekeitio eta Arrasaten zituen lursailak kudeatzen eman zituen azken urteak. 1917. urtean hil zen eta Lekeition lurperatu zuten.