Frantziarren okupazioa eta ingelesek nola kanporatu zituzten (1812)[1]
Hego Euskal Herriak frantsesen hiru okupazio bizi izan zituen XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hasiera aldera. 1794. urteko Konbentzio Gerran, 1808-1814 urteen artean, gerra napoleonikoen testuinguruan eta, azkenik, 1823an. Okupazio aldi horiek ondorio larriak ekarri zituzten. Lekeition ere hainbat gorabehera bizi izan ziren, batez ere, 1808-1812 urteen artean.
Frantziako Iraultzaren ostean, Luis XVI.ari burua moztu zioten eta Espainiak gerra deklaratu zion Konbentzioari. Frantziak penintsularen iparraldearen inbasioarekin erantzun zuen. Espainiak gerra ezin zezakeela irabaz ikusita, Frantziako errepublika onartu eta bake ituna sinatu zuten Basilean (1795). Espainiak ez zuen ezer irabazi, baina inbasioa gelditzea lortu zuen. Frantziara bueltan armada frantsesak hainbat herri suntsitu zituen, tartean hainbat etxe eta eraikin publiko errez –Ispasterko udaletxeko ateburuan ikus daitekeen moduan–. Garai hartan, oro har, Euskal Herrian, herri xeheak ez zuen nahi izan erlijio eta lege zaharren aurkako iraultzarik. Hala ere, egia da elite intelektualak eta euskal burgesiak nolabaiteko erakarpena sentitu zutela ideia iraultzaile haiekiko.
Espainiak eta Frantziak Basileako Bakea sinatzen zuten aldi berean Napoleon Bonaparte jeneral izendatu zuten 26 urte baino ez zituela. Berak zabalduko zituen hurrengo urteetan ideia berriak Europan zehar. Arrakasta militar batzuk izan ondoren, estatu kolpea eman zuen eta handik gutxira enperadore izendatu zuten.
Horrela, testuingurua aldatu egin zen eta Napoleonek eta Espainiako erregeak bat egin zuten Ingalaterraren aurka. Bitartean Ingalaterrak bi horien itsas armadak suntsitu zituen Trafalgarren. 1807aren amaieran, Napoleonek 30.000 soldaduko armada bat elkartu zuen mugan, eta Portugal inbaditzea pentsatu zuen, ingelesen aliatua baitzen. Izan ere, benetan kontinente osoan borrokatzen zena Frantziaren eta Erresuma Batuaren arteko nagusitasuna zen. Frantsesek, berriz ere, muga igaro eta herri garrantzitsuenak hartu zituzten. Oraingoan, aliatuak izanda, herritarrek pozik hartu zituzten, euskaldun askok haiekin adiskidetu nahi izan zuten, eta ez bakarrik intelektual eta burges frantseszaleek, gasteiztarrek ere harrera bikaina eman baitzieten.
Napoleon Euskal Herrian nagusitu zen urteetan, aurreko urteetan konpondu gabe geratutako gai guztiak berriz azaleratu ziren. Hasieratik, euskal gizartearen zati handi batek, burges eta ilustratu frantseszaleek gogotsu lagundu zioten herrialdea modernizatzen. Oso gustuko izan zituzten agintari berrien lehen neurriak: Inkisizioa kentzea, eskubide feudala deuseztatzea, noblezia titulu handien debekua, Gaztelako Kontseilua baliogabetzea eta probintzien arteko aduanen desagerpena. Enperadoreak erlijioa errespetatzeko agindua eman zuen gainera. Horrez gain, altxamenduak ekiditeko herritar guztiei armak kentzeko eta ingelesekin eta haien koloniekin merkataritza harremanak debekatzeko agindu zuen.
Alabaina, 1808ko maiatzean, Napoleonek Espainiako erregea koroa uztera behartu zuen eta, haren ordez, bere anaia zaharrena Jose I.a jarri zuen. Euskal Herriko kontserbadoreen zati batek erabaki horrekin bat egin ez eta gerrillak antolatu zituen. Napoleonen okupazioaren aurka armak hartu zituztenen artean Gaspar Jauregi, Artzaina, urretxuar gerrillari ospetsua zegoen, gerora are ospetsuagoa egingo zen Zumalakarregi gaztea laguntzaile lanetan zuela. Erregearen, aberriaren eta erlijio katolikoaren izenean, patruila frantsesen, horien hornitzaileen eta mezularien aurkako segadak prestatu zituzten, baita frantsesen esku zeuden hainbat gotorlekuri eraso ere. Beraz, esan behar da, frantsesen esku zeuden eremuetan ere, hau da, batez ere Bizkaiko Golkoa, Gaztela eta Mediterraneo kostaldean, horien agintea ez zela erabatekoa izan.
1808an, Napoleonek bere alde zeuden Espainiako agintariak Baionan bildu zituen herrialdeko lehen konstituzioa adosteko asmoz. Haien artean zeuden Arabako ahaldun nagusi Monte-Hermosoko Markesa eta Mariano Urkixo bilbotarra, garrantzia instituzional handiko bi euskaldun. Biek ere ahalegina egin zuten enperadoreak foruak bazter ez zitzan.
Ez zuten arrakastarik izan, euskal foruak berdintasunean eta demokrazian oinarritzen zirela defendatu zuten arren, foruak eta aldundiak bertan behera gelditu ziren eta. Hala ere, enperadoreak Bizkaiko gobernu bat sortu zuen autonomia zabalarekin, Gasteiz hiriburutzat zuena eta, lehen aldiz, mendebaldeko hiru probintziak batzen zituena bere baitan. Gobernu militarra izan zen, iraupen laburrekoa, eta Thouvenot baroia izan zuen buru.
Frantziarrekin izandako lankidetza hori larrutik ordainarazi zien euskaldunei Wellingtongo dukeak. Armada ingelesak 1813an amaiera eman zion Hego Euskal Herrian okupazio inperial frantsesari. Ingelesen ustez, gerrillari tradizionalista batzuk kenduta, eurak iritsi arte, euskal agintari eta herritar gehienek ez zuten inolako erresistentziarik antolatu frantsesen aurka. Wellingtongo dukearen iritziz, Euskal Herria Napoleonen aldekoa zen eta, ondorioz, menperatu beharreko etsaien lurraldea.
Horrela, frantsesen menpetik askatu bai, baina okupazioaren azkena odoltsua izan zen. Suntsipen handia utzi zuen, batez ere hiriburuetan. Esaterako, Gasteiz arpilatua izateko zorian egon zen, eta Alaba Jeneralak berak esku hartu zuelako salbatu zen. Donostiak patu txarragoa izan zuen. Gipuzkoako hiriburua zen Espainiako frantses goarnizioaren azken aterpea, urte batzuk lehenago herritarren oniritziz okupatutako lehenengo Espainiako hiria. Wellingtonek bonbardatzeko, arpilatzeko eta su emateko agindu zuen, abuztuaren 31n. Alde zaharreko 600 etxeetatik 35 baino ez ziren salbatu. Sutea ez zuen bonbardaketak eragin, biztanleria desarmatuaren kontrako zigor planifikatua izan zen.
Lekeitio ere ez zen libratu gertaera latz horietatik, 1812an Lekeitio guda gune bihurtu baitzen, eta Donostiarekin geroago egingo zuten bezala, ia-ia erre ere egin zuten ingelesek, edo su emateaz mehatxatu bai bederen.
Ordura arte, frantsesek presentzia eskasa izan zuten gure herrian, nahiz eta 1808 eta 1811. urteen artean hainbat sarraldi egin. Adibidez, badakigu 1808ko irailean Lea ibarreko burdin kargamentu batez jabetu zirela, eta 1811n hainbat gerrillari talderen aurka ibili zirela borrokan. Horien artean Gaspar Jauregi, Artzaina, gerrillariaren edo Juan Ansotegiren partidak izan ziren entzutetsuenak. Hala ere, borrokak baretu ostean, frantses soldaduek ospa egiten zuten herritik.
Hala ere, gerrillarien sendotze horregatik eta itsasertzean britainiar armada hartzen ari zen presentziak bultzatuta, 1811ko urritik aurrera, 119. erregimenduko 340 gizon inguruko guda talde bat kokatu zen Lekeition, eta jesuiten ikastetxea hartu zuten egoitzatzat. Horrez gain, lekeitiarrez osaturiko guardia zibikoa osatzen ahalegindu ziren, baina antza, arrakastarik gabe. Bestalde, herrian kokatu zen destakamendu frantsesak herria gotortzeko hainbat lan egiteko agindu zuen.
1808an, gerra hasi zenean, Lekeitio zaintzeko lau gotorleku zeuden: Santa Katalinakoa, San Juangoa, Talaiakoa eta Garraitz irlakoa; gehienak hemezortzi liberako muniziodun kanoiekin hornituta. Frantsesek, horiez gain, beste bat eraiki zuten Lumentza mendian, itsasoan zebiltzan britainiarrak ez ezik, lehorretik sar zitezkeen gerrillariak ere kontrolatzeko. Izan ere, Lumentza tontorretik herriko sarrera guztiak kontrola zitezkeen. Talde horrek zortzi hilabetez zaindu zuen Lekeitio, gerraontzi ingeles batek eta Gaspar jauregiren mutilek 1812ko ekainean beraien errendizioa lortu arte.
1812ko ekainaren 14an itsasoratu zen Coruñan, Homa Popham kapitainaren buruzagitzapean, ontzidi ingeles bat. Ontziteria horren lana gerrillarien laguntzarekin, frantsesak zirikatzea izan zen, Gaztela aldean Wellingtoni aurre egiteko beharrezko zituzten 8.000 soldaduak lanpetuta mantentzeko. Ondorengo egunetan Lekeition eta kostalde guztian gertatu ziren borrokak.
Garai hartan Londonen argitaratzen zen Gentleman´s Magazine aldizkariari esker, badakigu ekainaren 20an heldu zela Venerable ontzi ingelesa Lekeitio parera. Ontzi hori 53 metro luze eta 14,43 m zabal zen; 1.716 tona zituen, eta 600 gizon eta 74 kanoi eraman zitzakeen. Kanoi horietatik hogeita zortzi, gainera, 32 liberakoak ziren. Baina Venerable ez zen bakarrik agertu gure kostaldera, fragata batzuk zekartzan berarekin: Rhin, 46 kanoirekin; Surveillante, 38rekin; Medusa, beste 38rekin; Hotspur, 36rekin; Rover, 18rekin; eta horrela, 250 kanoitik gora zenbatu arte. Lekeitio defendatzeko, ordea, hamaika kanoi baino ez zituzten frantsesek.
Hala ere, hasiera batean frantsesak ingelesen ontziteriari aurre egiteko gai izan ziren. Eragozpen hori saihesteko, ingelesek kanoi bat lehorreratu zuten. Inguruko baserritarren 36 behi hartuta, Lumentza mendiaren aurrean kokatu zuten artilleria pieza, ziurrenik, Algorta inguruan, Santa Luzia ermitan edo hortik hurre. Kanoiaz gain, ehun soldadu britainiar ere lehorreratu ziren. Ingelesek kanoikadez Lumentzako artilleria indargabetzea lortu zutenean, Jauregiren laurehun gerrillariek frantsesei eraso zieten. Soldadu frantsesek lehenengo erasoari aurre egitea lortu zuten, baina, bigarrenean amore eman eta ihesi abiatu ziren herrigunerantz.
Frantsesek gotorleku garrantzitsuena galdu bazuten ere herrian gotortu ziren, kuarteltzat egokituta zuten jesuiten kolegioan eta baita irlako gotorlekuan ere. Ordutik aurrera, ekainaren 20 eta 21 artean, gerrillari eta ingelesen nahia erresistitzen zuten frantsesak errendiaraztea izan zen. Venerableko jeneral William Parker Carrolek Lekeitioko alkateari mehatxu egin zion, frantsesek amore ematen ez bazuten herria suntsitzeko agindua emango zuela. Izan ere, egun osoan zehar Lekeitioko herria bonbardatu zuten ingelesek, bertako hainbat etxe suntsituz eta hainbat herritar zaurituz. Antza, gaur egun Konpainiako elizako fatxada nagusian ikus daitekeen kraterra ere kanoikada horiek sortutakoa da.
Bitartean, ekainaren 20ko gauean, O´Reilly izeneko tenientea buru zela, ingeles soldadu talde bat San Nikolas irlan lehorreratu, eta ezustean bertako frantsesak garaitzea lortu zuen. Ondorioz, itsasoko aldea babesten zuen gotorlekua bereganatuta, britainiarrek 26 liberako kanoi bat sartu ahal izan zuten herrian. Frantsesak mehatxatu ostean, hauek errenditu egin ziren. Horrela, ekainaren 21ean, Gillort komandanteak erresistentzia bertan behera uzteko agindu zien 119. erregimenduko 290 gizonei. Horiek guztiak eta irlan preso hartutakoak ingelesen esku geratu ziren. Borroketan 36 gerrillari hil edo zauritu ziren, eta baita frantses batzuk ere. Britainiarrek, ostera, ez zuten zauriturik izan.
Lekeitioz jabetu ostean, Carrol jeneralak frantsesen gotorleku guztiak eraisteko agindu zuen, tartean baita jesuiten eskola eta eliza ere, berriz ere etsaiak erabili ez zitzan. Itsasora jaurti zituzten kanoiak, eta kolegioa desegin zuten arren, eliza, azkenik, bere horretan utzi zuten. Une horretatik aurrera Lekeitio frantses indarren eskuetatik libre geratu zen. Ingelesek euskal kostaldean jarraitu zuten gainerako herrietatik frantsesak kanporatu nahian, besteak beste, Bermeo, Plentzia edo Algortatik. Kostaldeko eraso horiek baliagarriak izan ziren Wellington jeneralak barnealdean posizioak irabaz zitzan. Hala ere, gerra ez zen, esan bezala, 1813. urtera arte amaituko.
Napoleonen okupazioak hondamen arrasto bat utzi zuen pasatako herri guztietan. Modernizazio egitasmoak asmo hutsean geratu ziren, herriak kiskalita, Udalak gerra gastuengatik zorpetuta, merkataritza lur jota, ekonomia gainbeheran eta baserriak atzera bueltarik gabeko krisian. Gainera, arlo politikoan ere gizartea zatituta geratu zen, bai jarraitu beharreko gobernu forman, bai bi estatuekin izan beharreko harreman ereduan ere. Korapilo horiek ez ziren ondo konpondu eta luze gabe gerra zibila sortu zen tradizionalista eta liberalen artean.
Aipatutako Gentleman´s Magazine aldizkariaz gain, Lekeitioko Udal Artxiboan gordeta dauden agiriei esker dugu, 1812. urte hartan, Lekeition bizi izandakoen berri. Esaterako, Lekeitioko alkateari Venerableko William Parker Carrol jeneralak bidalitako gutunei esker dakigu herria erretzeko mehatxua egin zuela.
Horrez gain, behin frantsesen okupazioa amaituta, Fernando VII.a erregeak gerran bizi izandako gertakarien kontakizuna idazteko agindua eman zuen, besteak beste, hurrengo belaunaldiek gertatutakoaren berri izan zezaten. Lekeitiori dagokionez, 1815. urtean, Jose Vicente Algorta, Jose Ibañez Errenteria, Santiago Unzueta, Juan Antonio Goikolea eta Jose Agustin Oxangoiti izan ziren hura idaztearen arduradunak, eta orrialde horietan aipatzen dira goian laburbildu ditugun gertakari gehienak. Hala ere, ez da ahaztu behar, dokumentu hori gerran aritu ziren aldeetako batek idatzia dagoela, eta hori kontuan izanda interpretatu behar dela.
[1] Atal hau egiteko batez ere “Venero, J. eta Santana, A. 2015. Euskaldunak eta iraultza. EITB, Euskal Herria” dokumentaleko eta “Goiogana, I. 2013/06/22. Lekeitio ia-ia erre zutenekoa. Deia.” prentsa artikuluko testuak hartu ditugu oinarritzat, zenbait kasutan moldatuta edo laburtuta, eta beste batzuetan informazio osagarria gehituta.