Saltatu nabigazioa

5.4.3.4.- Uribarria jauregia edo Sosoaga jauregia

Uribarria jauregia edo Sosoaga jauregia   (argazkia I / argazkia II)

Uribarria jauregia Azpiri kalean dago –lehenago Uribarria kalea–, Lekeitioren bihotzean. Bartolome Lopez de Sosoaga kapitain, merkatari, mailegu-emaile eta ontzi-jabe arrakastatsua izan zenak agindu zuen bere eraikuntza 1643an. Pedro Baraforda hargina arduratu zen lanez, baina ez dakigu arkitektoa nor izan zen. Alabaina, argi dago teknika bikaina izateaz gain, garaiko errepertorio artistikoa ere ondo ezagutzen zuela.

Jauregiaren tipologia eta osaera guztiz barrokoak dira. Bolumen kubikoa dauka eta apainduraren soiltasuna azpimarratu beharra dago. Eraikinak Erdi Aroko hiru oruberen azalera hartzen du, eta beste hirurena bere lorategiak. Oinplanoa lauki irregularra da, ertzek ez baitute angelu zuzenik osatzen. Ziurrenik, aldamenean izan bide zuen eraikinen batera egokitu beharra izan zuen. Fatxada nagusiak beheko solairuaz gain, beste hiru solairu ditu eta, azkena, ganbara da. Horrez gain, atzealdean, XV. mendean eraikitako suhesia dauka.

Beheko solairuan bao bi ageri dira, leihoburu eta guzti. Ate nagusia egurrezko maisulana da. Irekidura zentrala dauka eta paneletan banatuta dago. Ateko orrien gainean mentsulen gaineko oholeztatze lan bat ageri da, eta angeluetan pinakulu piramidalak dituen aurre triangeluarra.

Solairu hori goialdean errematatzen da inposta batean. Goragoko pisu biek baoen hiru ardatz dituzte, lehenengoaren baoak balkoia dauka eta horren euskarria burdinazko hiru besoren gainean dago, baita forjazko eskudela baten gainean ere.

Azken pisuan hiru leiho txiki daude, beheragoko solairukoekin lerrokatu gabe. Landutako mentsulek teilatu-hegala jasotzen dute. Eraikinaren erdian Guray-Sosoaga familiaren armarria dago. Fatxada guztia harlandu finekoa da. Alboko fatxadan baoen hiru ardatz ageri dira, fatxada nagusiaren eskema banatuz.

Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi, jauregi horrek txakolina egiteko dolare bat izan zuela. Sosoaga kapitainak bere txakolin propioa ekoiztea erabaki zuen, jauregiaren lorategian bertan mahastiak landatuz. Gainera, bere estatus ekonomikoaz baliatu eta diru-eskasiak jota zeuden herriko alargun, moja, eta bestelako bizilagunei mahastiak erosi zizkien. Horrela, 1644an dolare bat jarri zuen bere jauregiko beheko solairuan, eta horrela upategi propioa edukitzera igaro zen. 

Aurreko mendeetan tankera horretako ehunka dolare izan baziren ere, Sosoagakoaz gain, ez da garai hartako besterik hain egoera onean mantendu. Adituen arabera, Euskal Herrian daukagun prentsarik zahar eta bereziena da. 

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia