XVIII. mendearen hasieran, Lekeition hainbat eraikuntza lan burutu ziren azpiegituren, arkitektura erlijiosoaren edota arkitektura pribatuaren alorretan. Konpainiako elizaren lanak 1708an hasi ziren eta, hainbat gorabeheraren ostean, 1731rako eraikita zegoen elizaren zati handi bat. Horrez gain, udaletxe berria eta Zubieta jauregia ere garai bertsuan egin ziren. Udaletxea Guzurmendi plazaren aldamenean eraiki zen, herriko plaza nagusiaren gainean, eta eraikin horrek arkupe berri bat eskaini zien herritarrei. Herriko etxearen inguruetan etxe berriak altxatu ziren, eta espazio publikoa berrantolatu eta zabaltzeko asmoz, Santa Maria elizaren atariko plazatxoa ere handitu egin zen.
Uribarri eta Oxangoiti jauregi barrokoak ere XVII. mende amaierarako zutik zeuden. Garai horretan zaharberritu ziren beste hainbat dorretxe ere, esaterako, Lucas Longak berriztatutako Uriarte dorrea edo Likona dorrea. Izan ere, XVIII. mendeko lehen erdialdea zabalkunde garaia izan zen eta, ondorioz, hirigintzak susperraldi bat bizi izan zuen.