Lekeitioko historia, ofizialki, 1325. urteko azaroaren 3an hasten da Bizkaiko andere Maria Diaz Harokoak emandako hiri-gutunari esker (argazkia). Agiri horretan, izendatzen da lehen aldiz Lekeitio hiribildu bezala –“la dicha mi villa de Lequeitio”–. Hiri-gutun horrek Logroñoko forua zeukan oinarritzat eta, esan bezala, horixe izan zen Bizkaiko hiribildu guztiek jaso zutena.
Hala ere, agiri hori berez ez da fundazio karta, aforamendu bat baizik. Hau da, bertako biztanleei zenbait pribilegio ekonomiko eta juridiko ematen dizkien izkribua. Gainera, arestian aipatu bezala, ez zen Lekeitiok jasotako lehen pribilegio agiria izan. Urte bereko otsailaren 12an, Bizkaiko anderearen eskariz, Gaztelako Alfontso XI.ak Bermeok zeuzkan arrantza eta garraiorako pribilegio berberak eman baitzizkion bere erresuma eta menpeko lurretarako.
Hiri-gutuna, Gaztelako erregeak Lekeitiori eman zizkion pribilegio ekonomiko haien jarraipena da. Alfontso XI.ak emandako agirian, batez ere, merkataritzari zegozkion pribilegio ekonomikoak eman zitzaizkion. 1325. urtekoan, aldiz, beste hainbat pribilegio lortu zituzten herritarrek, horien artean, pribilegio juridikoak. Adibidez, hiribilduak lehen instantziako epaileak edo “alkateak” izango zituen aurrerantzean, bertako auzokide zirenak eta, beraz, hurbilekoak.
Pribilegio juridikoez gain, hiribilduan bizi zirenei emandako dohaintzak aipatzen dira agirian. Besteak beste, eliza, hilerria, hamarrenen heren biak, eta baita Elizak zeukan guztiaren heren biak ere –lurrak, uztak eta irabaziak–. Horrez gain, jendea bertara bizitzera joan zedin, herri lurrak ere eskaintzen dira, eta herritarren esku uzten da hesiaren barruan zegoen guztia, jauregiak izan ezik. Bestalde, ondo zehazten ditu Lekeitioren menpeko lurrak:
“Et estos terminos an estos pobladores de Lequetio: del vn cabo fasta Arechucaondoa, e dende al borto d'Ateguren, e dende al Ydoyeta, et de Ydoyeta azima de Ygoz, et del otro cabo al rio de Manchoarahen fasta el puerto de Sausatan, por do se parte con Amallo e con Ondarroa, et del otro cabo de Ygoz fasta la mar, e de Leya fasta la mar, e de la yglesia de Sant Pero de Vedarona dende fasta en Arrileunaga, lo que yo y he, sacando que tengo en mi los mios monteros d'Amuredo (…)”[1].
Mendeetan zehar toponimian hainbat aldaketa izan diren arren, ondoriozta dezakegunez, Bizkaiko andereak Lekeitiori egozten dizkion lurrak Eatik Ondarroaraino, eta itsasotik Igotz mendiraino (Urregarai) zihoazen. Hau da, egungo Amoroto, Bedarona, Gizaburuaga, Ispaster eta Mendexa barnebiltzen zituen. Hala ere, mendeek aurrera egin ahala, elizate horiek emantzipatuz joan ziren, noizbait Lekeitioren jurisdikziopean egon baldin baziren bederen.
Azpimarratu behar da, hiribilduari emandako pribilegio horiek ez zirela bertan bizi zirenentzako bakarrik, hain zuzen, hiribildua sendotzeko inguruko herrixka eta baserrietako biztanleak bertara erakartzea baitzen helburu nagusietako bat. Asmo horrek emaitza onak izan zituen, eta ez soilik hiribildura bizitzera joateak zekartzan pribilegioengatik, baita beharrezko bihurtu ziren lanbide berrien lan-esku eskariagatik ere. Ez da ahaztu behar, lur lauean indarrean zegoen oinordekotza sistema maiorazkoan oinarritzen zela, eta familietako neba-arreba askok hirira emigratzea beste biderik ez zutela. Hiriko gizarte antolamendua, ordea, bestelakoa zen. Lur lauean ez bezala, lanbideen bidezko gizarte banaketa sortu zen, eta familia nuklearrak nagusitu ziren.
Hiri-gutunaren bidez, Lekeitio lur lauko jurisdikziotik kanpo geratu zen eta Bizkaiko anderearen kontrol zuzenagora igaro. Hiribildu estatusa jasotzearekin batera harresia eraiki eta sendotu zen, gunea babestuz eta ekonomia jarduerak garatzeko nolabaiteko segurtasuna eskainiz. Horrela, hiribilduko populazioa hazi egin zen, inguruko jendea erakartzeaz gain, sakabanatuta zegoena bildu baitzuen.
Beraz, esan bezala, behin harresia eraikita, eskaintzen zuen segurtasunak artisau eta merkatariak erakarri zituen. Bizkaiko andereak, gainera, bere interesak tarteko, populatzea bizkortzeko hainbat deialdi sustatu zituen, esaterako 1331. urtean. Izan ere, zergen bidez bere irabaziak handitzeko, hiribilduak ahalik eta biztanle gehien izatea interesatzen zitzaion. Harresiak paper ezinbestekoa beteko du zentzu horretan, merkantzien sartu irtenak kontrolatzeaz gain, zergak kobratzea erraztuko baitu.
Izan ere, arestian ikusi bezala, Lekeitioko hiribilduaren sorrera merkataritza ardatzak izan zuen bilakaeraren testuinguruan ulertu behar dugu. Iparraldetik hegoaldera zihoan ardatz ekonomiko berri horretan, Kantauri kostaldeko portuak Iberiar penintsula Europako merkatuekin lotzeko aukera eskaintzen zuten. Ildo horretan, Lekeitioko portua indartzea Gaztelako erresuma eta Atlantikoaren arteko merkataritza errazteko neurria izan zen.
Lehenago Bermeo, Plentzia edo Bilborekin egin bezala, Bizkaiko jaunek kostaldean hiribilduak sortzeko zituzten asmoei segida eman zitzaion, portu sare trinko bat eratuz eta horrela zonaldeko antolamendua sendotuz. Lekeitioko hiribildua Bermeo eta Gipuzkoa arteko portu nagusia izango zen, Ondarroak 1327. urtera arte ez baitzuen hiri-gutunik jasoko. Horrela, Lekeitio bihurtu zen Bizkaia ekialdeko merkataritzaren gune nagusia.
Garai hartan, itsasbideak ziren garraiorako bide merke, eroso eta azkarrenak, barneko bideen sarea eskasa baitzen eta garraiobideak oso motelak. Lekeitioko portutik bere jurisdikziopeko abeltzaintza lurretako soberakinak eta Lea ibarreko burdingintzako ekoizpena esportatzen ziren. Produktu horiek itsasoratzeaz gain, laborez, manufakturaz eta oihalez kargaturiko itsasontziak lehorreratuko ziren bertan. Ez da ahaztu behar, halaber, penintsulatik esportatuko zen produktu garrantzitsuena Gaztelako artilea zela. Produktu hori, hain zuzen, Kantauriko portuetatik ateratzen zen Brujas edo Europa iparraldeko gainerako merkatal guneetara.
1334. urtean Gaztelako errege Alfontso XI.ak, Bizkaiko jaun izan zen epe laburrean, lehendik zituen pribilegioak konfirmatzeaz gain, berriak eman zizkion hiribilduari. Adibidez, arrantza mantentzeko eta jarduera horretan arituko zen jende gehiago erakartzeko zergak jaitsi zituen. Izan ere, XIV. mendearen lehen laurdenetik aurrera, atzeraldia bizi izan zen Bizkaian, ekonomia eta demografiak okerrera egin baitzuten. Garai hartan, XIII. mendean bizitako hazkundeak goia jo zuen, batez ere landa munduan. Horrez gain, izurrite eta goseteek larritu egin zuten egoera, eta jaurerrian gizarte krisia eta etengabeko tentsio egoera bizi izan ziren. Egoera horretan, Bizkaiko jaunek arreta berezia eskaini zieten hiribilduei, batez ere sortu berri zirenei, behin betiko sendotu zitezen.
Hortaz, Lekeitioko hiribilduaren lehen urteetan Bizkaiko anderearen eta Gaztelako erregearen jarduna erabakigarriak izan ziren, emandako pribilegio eta frankiziei esker hiribildua garapen bidean jarri baitzuten, garai zailenetan ere hazkundea mantentzea lortuz.
[1] Jimenez, J. M. 2002. Bizkaiko herrien monografiak. Lekeitio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia. 33.