Gaur egun ere zutik dirau dorre honek eta Uriarte auzoan dago kokatuta, hiribildu zaharraren tokirik garaienean (argazkia). Hiribilduko dorrerik zaharrenetakoa da ziurrenik, eta autore batzuek XIII. menderako bertan zegoela baieztatzen dute. Hala ere, azken ikerketek XV. mende bukaeran datatu dute. Antza, garai hartako ezaugarri arkitektoniko eta estilistikoak dtitu. Baina oraindik ez dago ziur ezaugarri horiek zaharberritzeen ondorio diren ala ez. Hala balitz, baliteke lehenago beste dorre bat egon izana leku berean, eta horren ordez, hau eraikitzean, izen bera mantendu izana. Alabaina, oraindik ez dago argi.
Dokumentuak aztertuz, badirudi, Erdi Aroan zehar jabe ezberdinak izan zituela, besteak beste, Urkiza eta Likona familiak. Baina, XVI. mendetik Santo Domingo komentuko harresiaren barruan dago, eta kongregazio honen jabetza da egun ere. Nahiz eta ez duen guztiz bere antzinako itxura mantendu, gaur egunera heldu zaizkigunen artean eraldaketa gutxien jaso duten dorretxeetako bat dela esan daiteke. Itxura trinko eta sendoa dauka, eta fatxadan gezi-leiho baten forma duen bano bat.
1897. urtera arte hiribilduko harresiari itsatsita egon zen. Ezaugarri hori kontuan hartuz, eta bere itxura gogor eta irmoari erreparatuz, zenbait autorek harresiaren dorre gotorretako bat izan zitekeela pentsatu dute. Izan ere, harresia ahulena den lekuan dago kokatuta, Lumentza mendiaren magalean.